Mikel Rodriguez / 2016-10-13 / 587 hitz
Juana Josefa Goñiren eta haren sei seme-alabaren gorpuzkiak aurkitzeko lanak bukatu ditu Aranzadik Gaztelun. Herritar anitz elkartu da sendia hil zuten tokian.
Duela 80 urte, abuztuaren 30eko arratsean, Juana Josefa Goñi 38 urteko gazteluarra eta haren sei seme-alabak desagertu ziren Malerreka eskualdean. Nafarroan 36ko gerraren testuinguruan gertatutako krimenik ilunenetakoa izan zen, eta zurrumurruek, kondaira itxurak eta isiltasunak estali zuten luzaroan. Sagardia-Goñi sendiko kideak Legarreako leizean amilarazi zituztela zioten zurrumurruek, Gazteluko eta Legasako lurrek bat egiten duten tokian. 80 urte geroago, familiak gordetako memoriak, Jose Mari Esparza historialariaren ikerketak eta Aranzadi zientzia elkartearen lanak leizetik egia azaleratzea lortu dute. «Ez da zurrumurru bat. Errealitate krudel, triste eta kriminal bat da», adierazi zuen Paco Etxeberria Aranzadiko presidenteak atzo, leizetik atera ondoren Juana Josefa Goñiren eta aurkitzeko falta zen azken semearen hezurdurekin.
Aranzadiko lan taldeak hilabetean aurkitu ditu Legarrean hildako senide guztiak. Amaren arrastoak lehenbizikoz asteburuan aurkitu zituzten, eta espero zuten atzo hezurdura osoa edo gehiena aurkitu eta lanak bukatutzat ematea. Horregatik, jende anitz bildu zen Legarreara; sagardia-goñitarren ondorengoak ez ezik, inguruko herrietako bizilagunak ere. Zuloaren barrenetik walkie-talkiekin Etxeberriak egoeraren berri ematen zuen aldi oro, kanpoko elkarrizketak berehalakoan isildu eta jendetza leizea inguratzen zuen hesira hurbiltzen zen, adi-adi entzuteko.
Aranzadikoek zortzi ordu baino gehiago egin zituzten leizean sartuta, baina kanpoan bildutako jendearen pozerako, helburua beteta atera ziren. «Orain aztarnak laborategira eramango ditugu, txosten tekniko batekin egia ofizial bat egiteko; hain zuzen, familiak 80 urtean jakin duen egia hori», adierazi zuen Etxeberriak. Auzitegi medikuak zalantzarik ere ez du laborategiko azterketek berretsiko dutela leizean aurkitutakoen identitatea.
Lourdes Herrasti Aranzadiko kideak hezurren inguruko azalpenak eman zituen. Esparzarekin batera banaka izendatu zituen sagardia-goñitar guztiak; Juana Josefa ama eta seme-alabak: Joaquin 16 urtekoa, Antonio 12koa, Pedro Julian 9koa, Martina 6koa, Jose 3koa eta Asuncion hemezortzi hilabete eskasekoa.
Esparza hagitz kontent agertu zen aztarna guztiak agertu direlako. Iaz argitaratu zuen La Sima, ¿Que fue de la familia Sagardia? (Osina. Zer gertatu zen Sagardia familiarekin?) liburua erabakigarria izan da sendiaren patua argitzeko. Dena den, kasua argitzeko «jende pila bat» beharrezkoa izan dela oroitarazi zuen, eta gogoan izan zituen memoriaren arloko ikertzaileak, bereziki Jose Maria Jimeno Jurio. «Bera izan zen gai hau aipatu zuen lehena».
Sagardia-goñitarren gorpuzkiak aurkitu eta Legarreara bota zituztela egiaztatu bada ere, Esparzak ez du uste ikergaia bukatu denik. «Adar pila bat ditu: sorginkeriak izan zezakeen zerikusia, eskualde honen pentsamoldea nolakoa zen duela 80 urte, garaiko sinesmenak eta beldurrak…». Zergatia da misterio handietako bat, zer dela-eta erabaki zuten bizilagun batzuek Juana Josefa Goñi hiltzea seme-alabekin batera. Esparzak hainbat hipotesi eta gatazka dokumentatu ditu, baina funtsean arrazoi bat dagoela uste du: Juana Josefa emakumea eta «ezberdina» zela. «Ederra zela esaten zuten, Elizatik kanpo bizi zen eta sorginkeria leporatzen zioten. Euskal Herriko emakume librea ordezkatzen du, eta merezi du sinbolotzat berreskuratzea». Gerra, berriz, hiltzaileen grina piztu zuen testuinguru bat litzateke. «Frontea ondoan zegoen, Endarlatsan, eta ondoren Mola jeneralaren bandoa etorri zen: jendaila guztia bota beharra zegoela zioen».
«Baltsamo eragina»
Zergatiarekin batera, familiak eta ikerlariek argitu nahi dute nola hil zituzten sendiko zazpi kideak. Etxeberriak aitzinatu du, ordea, «agian» ezinen dutela argitu. Laborategian aztertu ondoren, gorpuzkiak familiari itzuliko dizkiote. «Gerra zibileko biktimei buruz norbaitek esan zuen esaldi errepikatu nahiko nuke: haien hiltzaileek utzi zituzten tokian ez uzteagatik bada ere, berreskuratuko ditugu. Esaldi horrek bikain azaltzen du senideen jarrera». Etxeberriak eta Esparzak Nafarroako Gobernuaren jarrera goraipatu dute, ikerketari eta lanei baliabideak emateagatik.
Gazteluko eta Malerrekako iragan hurbileko gertakaririk mingarrienetakoa azaleratu da Legarrean, baina Esparzak uste du «baltsamo eragina» izanen duela herritarrengan. «Herritarrak hasi dira hitz egiten, eta oso polita izan da Gazteluko haurrak ere hona igotzea. Denek dute borondatea historia honi bukaera duin bat emateko».