Zure hizkuntza, zure erabakia: balorazioa

ZURE HIZKUNTZA, ZURE ERABAKIA

Ikasleen interesa eta parte hartzea: ikasleak oso gustura aritu dira lan tadeetan. Izan ere, hasieratik adierazi diet jokoa egingo genuela eta horrelakoak gogo biziz hartzen dituzte. Hori dela-eta, motibazio handia eta jarrera oso baikorrak izan dituzte ikasle guztiek. Egia da jokoak aurrera egin ahala batzuen interes maila pixka bat jaitsi egin dela, baina, era berean, beste batzuena asko areagotu da. Umore onez aritu dira lanean eta oso positibotzat hartu dut jardueraren gelaratzea. Jarduera honek lotsa alde batera uztea eskatzen du, eta batzuentzat gauza zaila da hori.

Ikasleen hausnarketa: egia esateko, ikasleek ez dute hausnarketa sakonik egin; egoera bakoitzak markatzen zuen ariketa egitera mugatu dira ahalik eta modu egokienean. Bukaeran, nire laguntzarekin hausnarketa bikaina egin dugu guztion artean. Izan ere, joko honek normalean ikasgelan lantzen ez diren hainbat esparru ukitzen ditu, irainak edo maitasuna adierazteko espresioak adieraztearena, adibidez. Ariketa horiek kontuan hartuz, ikasleak konturatu dira euskara ez dela ikasgelan aritzeko hizkuntza bakarrik, haratago doan erabilera duela baizik.

Irakaslearen sentsazioa: oso gustura egon naiz ariketa egin dugun bitartean, ikasleak alai eta umoretsu ikusi baititut, eta euskaraz ere ongi pasatzeko eta jolasteko gaitasuna dutela ohartzeak poza eman dit. Euskararekiko maitasuna edo atxikimendua ere landu dugu, eta askok gurea den hizkuntza hau oso gustuko dutela ohartu naiz. Gainera, ariketak hizkuntza egoera desberdinetan erabiltzeko aukera eskaini digunez, lasai eta eroso sentitu naiz.

Balorazio orokorra: ariketa hauek oso egokiak dira ikasgelan lantzeko. Ikasleek gogoz hartzen dituzte eta hizkuntza zuzentasunaren esparrutik landu beharrean, egokitasunarenetik lantzeko aukera ematen dute. Beraz, oso positibotzat jotzen ditut, gehienbat ikasmaterialetan horrelako ariketen falta dagoelako. Edozein argitaletxe aukeratzen dugula ere, motibazioa eta eguneroko ahozko hizkuntza lantzerakoan hutsuneak nabaritzen dira, hizkuntzaren alde formala eta zuzena baitira lanketaren oinarria.

 Leire Insausti, LHko 4. maila (18 ikasle), Tafallako Ikastola.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude