Zure hizkuntza zure erabakia: balorazioa

ZURE HIZKUNTZA, ZURE ERABAKIA

Ikasleen interesa eta parte hartzeaIkasleek egitekoa ulertu dute baina puntuak nola kudeatzen ziren ulertzea kosta egin zaie. Ikasleak oso gustura ibili dira jolasean eta izugarri parte hartu dute. Oso giro ona sortu da jolasten zuten bitartean.

Ikasleen hausnarketa:  Zenbait frogatan lotsatuta ibili dira baina nola edo hala azaltzen edo egiten lortu dute, zenbaitetan ikaskideen laguntzaz. Hausnarketa baino ikasleek oso ongi pasatu dutela nabarmenduko nuke

Irakaslearen sentsazioa: Gelaratu ondoren, puntuena aldatuko nuke ikasleei hori ulertzea kosta egin zaielako. Batez ere, oso ongi pasa dutela eta euskara aitzaki izanda haiek ongi pasatzea oso positiboa dela pentsatzen dut.

Maitane Suarez, LHko 5. maila (15 ikasle), Remontibal IP, Lizarra

Ibilaldi linguistikoa herrian

Jarduera.  Burutu dugun jarduera ez dago blogean eta labur esanda hauxe izan da: ikasleekin herritik buelta bat ematera irten, eta kalean, dendetan eta herriko beste txoko batzuetan dauden kartelak behatu ditugu, euskaraz jartzen duena atertzeko. Ondoren, herrian euskarak bizi duen egoera aztertu dugu eta, azkenik, gelan herriko  ospakizun edo jarduera baterako euskarazko kartela  egin eta herrian barna jarri dugu.

Ikasleen interesa eta parte hartzea: Parte hartzea eta interesa oso handiak izan dira. Ikasleak oso motibatuak egon dira ariketa honekin.

Ikasleen hausnarketa: Haien herrian ez zegoela ia-ia euskaraz idatzitako kartelik eta euskaraz dakien jendea, ordea, badagoela. Horregatik euskarazko kartelak egiteko beharra ikusi dute, euskaraz dakien jendeak hizkuntza horretan ere horiek irakurri ahal izateko.

Irakaslearen sentsatzioa: Oso ona. Euskararekiko eta jarduerarekiko motibazioa izugarria izan da eta nire ustez hemendik aurrera kalean ikusten dituzten euskarazko
kartelak positiboki baloratuko dituztela, haiek ere horren zati sentiaraziz. Ez nuke ezer ere ez aldatuko. Den-dena ondo irten da, nik espero baino askoz hobeto.

Ander Lopez, LHko 4. mailatik 6. mailara (10 ikasle), A eredua,San Fausto IP, Antzin

Zure hizkuntza, zure erabakia: balorazioa

ZURE HIZKUNTZA, ZURE ERABAKIA

Ikasleen interesa eta parte hartzea: ikasleak oso gustura aritu dira lan tadeetan. Izan ere, hasieratik adierazi diet jokoa egingo genuela eta horrelakoak gogo biziz hartzen dituzte. Hori dela-eta, motibazio handia eta jarrera oso baikorrak izan dituzte ikasle guztiek. Egia da jokoak aurrera egin ahala batzuen interes maila pixka bat jaitsi egin dela, baina, era berean, beste batzuena asko areagotu da. Umore onez aritu dira lanean eta oso positibotzat hartu dut jardueraren gelaratzea. Jarduera honek lotsa alde batera uztea eskatzen du, eta batzuentzat gauza zaila da hori.

Ikasleen hausnarketa: egia esateko, ikasleek ez dute hausnarketa sakonik egin; egoera bakoitzak markatzen zuen ariketa egitera mugatu dira ahalik eta modu egokienean. Bukaeran, nire laguntzarekin hausnarketa bikaina egin dugu guztion artean. Izan ere, joko honek normalean ikasgelan lantzen ez diren hainbat esparru ukitzen ditu, irainak edo maitasuna adierazteko espresioak adieraztearena, adibidez. Ariketa horiek kontuan hartuz, ikasleak konturatu dira euskara ez dela ikasgelan aritzeko hizkuntza bakarrik, haratago doan erabilera duela baizik.

Irakaslearen sentsazioa: oso gustura egon naiz ariketa egin dugun bitartean, ikasleak alai eta umoretsu ikusi baititut, eta euskaraz ere ongi pasatzeko eta jolasteko gaitasuna dutela ohartzeak poza eman dit. Euskararekiko maitasuna edo atxikimendua ere landu dugu, eta askok gurea den hizkuntza hau oso gustuko dutela ohartu naiz. Gainera, ariketak hizkuntza egoera desberdinetan erabiltzeko aukera eskaini digunez, lasai eta eroso sentitu naiz.

Balorazio orokorra: ariketa hauek oso egokiak dira ikasgelan lantzeko. Ikasleek gogoz hartzen dituzte eta hizkuntza zuzentasunaren esparrutik landu beharrean, egokitasunarenetik lantzeko aukera ematen dute. Beraz, oso positibotzat jotzen ditut, gehienbat ikasmaterialetan horrelako ariketen falta dagoelako. Edozein argitaletxe aukeratzen dugula ere, motibazioa eta eguneroko ahozko hizkuntza lantzerakoan hutsuneak nabaritzen dira, hizkuntzaren alde formala eta zuzena baitira lanketaren oinarria.

 Leire Insausti, LHko 4. maila (18 ikasle), Tafallako Ikastola.

Ibaiaren teknika: balorazioa

IBAIAREN TEKNIKA 

Ikasleen interesa eta parte hartzea: gehienek oso ongi erantzun dute eta interesez burutu dute ariketa.

Ikasleen hausnarketa: ariketa hau egin aurretik, euskararen jatorriaren inguruko edukiak lantzen ibili ginen. Jatorriaren aitzakiarekin, euskararen etorkizuna aurreikusten saiatu ginen. Ibaiaren ariketa momentu egokian txertatu dudala uste dut, hizkuntzarekiko sentsibilitatea azaleratua baitzuten aurreko edukiak landutakoan. Ikasleek oso ongi erantzun dute (gehienek), eta euskarari zer edo zer zor diotela hausnartu dute; hau da, hizkuntzarekiko harremana etorkizun hurbil batean estutu beharra azpimarratu dute.

Irakaslearen sentsazioa: ikasle gehienek oso ongi erantzun dute, nahiz eta bakan batzuek ezer gutxi adierazi duten eta arras azalekoa izan den haien hausnarketa. Euskararen ibaian bidaide izan nahiko luketela argi eta garbi adierazi dute eta horretarako konpromisoa handitu beharko luketela hausnartu. Ekintza egin bitartean, giroa oso aproposa izan da eta oso ongi baloratu dute/dugu bertan bizitakoa. Bertzalde, ariketa aproposa da barruko sentimenduak adierazteko eta hizkuntzaren gaineko hausnarketa bultzatzeko.

   Jon Barberena, DBHko 3. maila (13 ikasle), Agoizko  DBHI.

Erretratua: balorazioa

ERRETRATUA

Ikasleen interesa eta parte hartzea: oso gustura eta motibatuta agertu dira jarduera berri honen aurrean. Parte hartzea handia izan da.

Ikasleen hausnarketa: oso gustura aritu dira, denbora ustekabean pasa zaie, eta, beraien erretratuak besteenekin alderatu dituztenean eta bertan irudikatutakoa azaltzean, espero ez zituzten ondorioetara iritsi dira.

Irakaslearen sentsazioa: oso gustura geratu naiz, balorazio positiboa egiten dut. Gehiagotan gelaratu behar ditut horrelako jarduerak; ikasleak gustura aritzen dira lanean eta lortutako etekinak oso positiboak dira.

  Amaia Aldasoro, LHko 5. maila (19 ikasle), Altsasuko Zelandi IP.

Hizkuntz aniztasuna Europan: balorazioa

Jarraian, bi irakasleren balorazioak zein beren ikasleen hausnarketak dituzue, blogeko “Hizkuntza aniztasuna Europan” ariketa ikasleekin egin ondoren.

HIZKUNTZA ANIZTASUNA EUROPAN 


Ikasleen interesa eta parte hartzea: Europako gaian murgilduta gaudelako aukeratu dugu gai hau. Ikasleek interesa erakutsi dute eta taldeka parte hartu dute.

Ikasleen hausnarketa: Europan hizkuntza asko daudela ikusi dute. Espainiakoak ezagutzen zituzten, baina handik aurrera, gutxi.

Irakaslearen sentsazioa: ariketa honetatik ikasi dutena Europan hizkuntza aniztasuna dagoela izan da. Ez genuen beste helbururik jarri hizkuntzak jakitea zaila zela bagenekielako.

Egilea: Rexu Urrutia, LHko 6. maila (29 ikasle),Tafallako Ikastola.

<<<<<<<<<<<<<<<<<<<<<<>>>>>>>>>>>>>>>>>>>>>>>>

Ikasleen interesa eta parte hartzea: handia. Normalean jolas gutxi egiten ditugu ordenagailuarekin eta gustura aritzen dira halakoetan. Bestalde, geografia ere nolabait interesatzen zaienez, euskara eta geografia ikasgaiak elkartu eta gustura aritu dira. Europako estatu eta hiriburuen joko interaktiboarekin batera egin dugu ariketa eta oso ongi aritu dira.

Ikasleen hausnarketa: hizkuntza aniztasunak arreta eman die, hau da, orain arte estatu bakoitza hizkuntza bakarrarekin lotzen zuten eta bitxia iruditu zaie. Aldi berean, hainbeste hizkuntza existitzen zirenik ez zekiten.

Irakaslearen sentsazioa: oso positiboa izan da ariketa; alde batetik, Europako panorama linguistikora hurbilpen ttiki bat egiteko eta horrela haien mikromundutik ateratzeko. Bestetik, oso aberasgarria izan da ikasleek haien ama hizkuntza baloratzeko eta berebiziko garrantzia duela ohartzeko.

Aitziber Iglesias, DBHko 1. maila (6 ikasle), Zugarramurdiko Eskola.

Ibaia: gelaratu ondoren

OLYMPUS DIGITAL CAMERABlogaren hasieran adierazi dugun bezala proposatutako jarduerak  praktikara eraman daitezen nahi dugu. Horretarako, irakasleek horiek gelaratzea beharrezkoa dugu eta gelaratzerakoan sortzen diren  hausnarketak  jaso eta elkarrekin partekatzea nahi dugu. Jarraian,  Uxue Royo irakasleak ikasleekin ariketa egin ondoren egindako balorazioa  zein ikasleen hausnarketak dituzue.

Ibaiaren ariketa DBHko 4. mailan egin zuen, Lizarrako D ereduko gela batean eta 12 ikaslerekin.

Irakasleak zera dio: “Hasieran ikasleei kosta egin zitzaien ariketaren sakontasuna ulertzea, baina bukaeran ulertu zutela iruditzen zait. Hasieran nahiko jarrera hotza izan zuten, ez zutelako ongi ulertzen zer eskatzen nien, baina ariketa ulertu zutenean oso jarrera ona eta polita izan zuten.”

Jarraitu irakurtzen