Blogaren hasieran adierazi dugun bezala proposatutako jarduerak praktikara eraman daitezen nahi dugu. Horretarako, irakasleek horiek gelaratzea beharrezkoa dugu eta gelaratzerakoan sortzen diren hausnarketak jaso eta elkarrekin partekatzea nahi dugu. Jarraian, Uxue Royo irakasleak ikasleekin ariketa egin ondoren egindako balorazioa zein ikasleen hausnarketak dituzue.
Ibaiaren ariketa DBHko 4. mailan egin zuen, Lizarrako D ereduko gela batean eta 12 ikaslerekin.
Irakasleak zera dio: “Hasieran ikasleei kosta egin zitzaien ariketaren sakontasuna ulertzea, baina bukaeran ulertu zutela iruditzen zait. Hasieran nahiko jarrera hotza izan zuten, ez zutelako ongi ulertzen zer eskatzen nien, baina ariketa ulertu zutenean oso jarrera ona eta polita izan zuten.”
Ariketaren planteamenduari dagokionez: “Uste dut ona izan dela. MSBn agertzen den bezala, ahalik eta gutxien interferitu behar du irakasleak jardueran eta horixe egin dut nik, ahalik eta gutxien hitz egin. Deigarria egin zait askotan etortzen zirela “hau ongi dago?” galdetzera eta nik “hori sentitzen duzu?” esaten nien, eta baiezko erantzuna zenean, “ba orduan ongi dago” entzuten zutenean, harritu egiten ziren. Ez daude horrelako jardueretara ohituta.”
Hementxe dituzue, adibide gisara, beraiek marraztutako bi ibai:
Ikasleen hausnarketak. Ikasleek orokorrean euskara maite dute eta erabiltzeko beharra ikusten dute. Gehienek adierazi dute hizkuntzarekiko atxikipena eskolan galdu zutela, eskolan euskaraz ez hitz egiteagatik negatiboak jartzen zizkietenean, eta hitz egitea derrigortasunarekin lotzean. Beste batzuek lotsa aipatu dute, euskara ez erabiltzearen arrazoi gisa.
Irakaslearen sentsazioak. “Kuriosoa egin zait orain arte ez ditudala inoiz euskaraz hitz egiten entzun modu espontaneoan baina askok beraien ibaiaren bukaeran (gaur egunean, alegia), euskara beren harremanetarako hizkuntza gisa irudikatu dute. Uste dut ikasle hauek kontzientzia hartzen ari direla euskararekiko, baina zailtasun handiak dituzte euskaraz modu espontaneoan aritzeko.”
“Oso gustura egon dira jarduera egiten, eta baita ni ere. Beraiekin beste modu batean egoteko aukera eman digu, musikarekin, erlaxatuta, kontu pertsonaletaz aritzen… Lehen beraiekin harreman oso ona banuen, hemendik aurrera oraindik estuagoa izango dela ziur nago.”
Eskerrak Uxueri eta parte hartu duzuen ikasleoi!
Utzi erantzuna