Bularrekin edo bularrik gabe, bada paradisurik

Tere Saez Barrao / 2015-10-23 / 739 hitz

Urtero Nafarroan bularreko minbizia atzematen zaien 410 emakume horietako bat naiz. 2000ko urri hartatik, koxkortxo hura bizitzan agertu zitzaidanetik, ikasbideak askotarikoak izan dira.

Estutasunak, beldurrak, ezinak, haserreak, barealdiak, mediku azterketak, probak, minak, ilea erortzea, ospitaleko orduak azterketen zain egotea, itxaron zerrendak, goserik eza eta goragaleak, dietak, eguzkitako krema babes izugarri handiak, sofako egonaldiak, buruaren eta gorputzaren zaintzak, marihuana gurinean eraldatuta. Pastillak egunero eta urteetarako. Hezurretako mina. Puzten den besoari begiratua. Bidaiei uko egitea indar nahikorik ez izateagatik. Finean, shock bati aurre egitea, zeinak heriotzarekin aurrez aurre jartzen zaituen, baina baita bizitzarekin ere; beste era batera estimatzen duzu, eta begirada aldatzen diozu, zerbaiten parte zarela sentiarazten dizu, laguntza, elkartasuna, maitasuna, adiskidetasuna… eta aurrera egitearen garrantzia, bakoitzak bere erara, baina oinez, gainerakoekin batera bidea eginez.

Bide horretan babes taldeak ezagutzea, eguneroko lana, gaixotasun hau pasatzen dugun emakumeoi laguntzen, ondorio eta tratamendu guztiekin, ikusarazten hemendik ateratzea posible dela, bereziki elkar babesten badugu eta sozializatzen bagara. Eta beste era batera eramaten ikasi bizitza, egintzat genituen zenbait gauza ezbaian jarriz, batez ere, sinetsarazi digutenak emakume izatea menpeko izatea dela, gorputz estereotipatuak izatea dela eta gizartean dugun baliorik esklusiboena ama izatea dela auzitan jarriz. Askotariko emakumeak gaudela ezagutzea, eta zenbait gizon ere bai, arraro gisa ikusiak izateko beldurra galdu dutenak gizon izanik bularreko minbizia izateagatik edo zaintzaile izateagatik.

Konplizitateak aurkitzea bide bera egin duten emakumeekin. Haiek izan dira kontseilari onenak, oso baliagarriak izan zaizkidan trikimailuak erakutsi baitizkidate. Adiskidetasunari buruzko ikasbideak izan ditut, eta alboan egoten ikasi dut. Ordura arte ezaguna zenari uko egiten, eta bizitzaren abentura berriei ateak irekitzen: nire kasuan, lasaitasuna, sosegua, samurtasuna, gorputza sentitzen eta entzuten ikastea.

Jendearen begirada zure bularretan iltzatuta sentitzea «zer moduz?» galdetzen dizutelarik. Horrekin batera, pixka bat gehiago ulertzea zer esan nahi duen emakume batentzat bularreko minbiziak, eta baduela zerikusirik gizarte honetako irudi eta estereotipoek etengabe eskatzen digutenarekin. Bi, bat edo batere titirik ez izateak ez gaituela baliotsuago egiten. Desirarik ez eragitearen sentsazioa eta beldurra. Ilerik gabe bizitzea, eta pentsatzen jartzea zergatik gizon burusoil bat interesgarria izan daitekeen, eta emakume burusoil bat onartezina, eta burua estali behar izatea, nahitaez. Edo aldian behin hazten den besoak kezka estetikoan eragitea. Sexualitatea beste era batera bizitzea, ulertuz ez dela soilik sarketa, badagoela erotismoa titi bat izan arren. Simone de Beauvoirrek esan zuen moduan, kontzientzia hartu eta jabetu bat ez dela emakume jaiotzen, egin egiten dela, eta gizarte honek batzuetan, bere ideia arkaikoekin, lortzen duela apaingarriei arreta handiagoa jarraraztea benetan sendatzean arreta jartzea baino.

Izu-ikara bakarrik geratzeari eta zainduko zaituen inor ez izateari. Zalantza zure sendiak, lagunek edo sentimentalki laguntzen zaituen pertsonek nola hartuko duten. Eta horrek, berriz ere, lotura du gizarte honek emakumeoi ezarri digun eginkizunarekin: zaintzarekin. Aldi horretan, zainduak izan behar dugu, eta horrek beldurra eta segurtasun falta eragiten digu. Izan ere, historikoki behartuak sentitu gara, jakin gabe, gure bizitzak besteei eskaintzera, gure maitasun guztia ematera guk geure burua ez maitatzearen truke. Bizitzak estereotipo hori apurtzen duen abagune hori ezin hobea da pertsonen artean ezarrita dauden harremanak ezbaian jartzeko: denok zaindu behar dugu edo zainduak izan behar dugu gure bizitzan zehar. Sekula ahaztu behar ez den ikasbidea da. Osasun zerbitzu publikoek ere ez dute ahaztu behar, lehenbailehen bidali nahi gaituelako etxera, drainatzen arituta ere, edo zauriak sendatzeko premia izanda ere… eta etxeko artatzerik gabe! Eta hori guztia uste izatekoa delako gu garela zaintzaileak, baita geure buruarenak ere.

Abagune ezin hobea da aldaketaren beldur esklaboa galtzeko. Irudikatzeko mundua eta norbera beste era batekoak izan gaitezkeela, ezberdintasuna plazera dela, eta pentsatzea, sortzea eta alternatibak birsortzea: ezinezkoa posible da. Beste estrategia bat probatu. Betikoa egiten baduzu, betikoa aterako da. Zilegi da era batera edo bestera gustukoago izatea, baina inoiz ez horrek zu mendean hartzea eta bizitza duin eta atsegina oztopatzea. Gu geu izatearen askatasuna eta bizitzan parte hartzea ez da desira arbitrario bat, oinarrizko eskubide bat baizik: garai nahasietan ere geure burua maitatzea.

Horregatik, hain beharrezkoak diren gauzak ikusten eta eskatzen segitu: aukera berdintasuna, gure komunitatean jaio edo ez, denok arreta bera jasotzea gaixoaldietan; aurrera eginaraziz, ikerketak demokratizatzea denontzat: tratamenduak gero eta arinagoak, dibertsifikatuagoak eta osoagoak izatea; kalamua eta beste medikuntza mota batzuk babestea. Arreta psikologikoa aintzat hartzea eta jarraitua izatea; sexualitateaz, haurdunaldiez… hitz egin ahal izatea, gogoan hartuta minbiziak, sendatu ala ez, zalantzarik gabe ondorioak dituela norberarengan, familian, gizartean eta lanean. Ez diezagutela itxaron zerrendekin sufriarazi. Osasun publikoak ez gaitzala biktima gisa artatu, begiratu gaitzala pertsona autonomo gisa, geure bizitzaz erabakitzeko eskubidearekin.

Bularreko minbizitik bizirik atera garenok pertsona guztientzako bizitza duinaren aldeko apustua egin behar dugu. Eta, nik, orain, Nafarroako parlamentari gisa.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude