Zergatik harritzen gaitu Pariskoak eta beste bost galdera

Mikel Garcia Idiakez / 2015-11-16 / 191 hitz

Zergatik da Parisen gertaturikoa “gizateriaren kontrako erasoa” (Barack Obamak esan duen moduan), baina apenas hitz egiten den Estatu Islamikoak egunero Sirian eta beste herrialde batzuetan hiltzen duen jendeaz?

Zergatik harritzen dira batzuk hainbeste, gerra Europako mugetatik at balego bezala, atzerriko gatazketan Frantziak eta Mendebaldeak oro har esku-hartzerik ez balu bezala edo armak salduko ez balizkie bezala?

Zergatik daude musulmanak kasik derrigortuta Estatu Islamikoa ez dela euren ordezkari argitu behar izatera horrelako zerbait gertatzen den bakoitzean, baina esaterako eraso xenofobo ugarien aurrean zuri europarrek ez dute etengabe argitu behar erasoak ez dituztela ordezkatzen?

Zergatik baliatzen dira atentatu hauek migrazio politika are gogorragoa eskatzeko eta errefuxiatuen etorreraren inguruan beldurra zabaltzeko, atentatugileak europarrak baziren?

Zergatik diote segurtasuna indartzeko neurriak hartuko dituztela, herritarron erabateko kontrola eta askatasunen murrizketa denean ondorioa? 30 egunez botere osoa ematen dion artikulua indarrean sartu nahi du François Hollande presidenteak, eta adibide surrealista bat jartzearren, Charlie Hebdoren erredakzioan gertatutakoa eta gero mugikorretatik whatsapp zerbitzua debekatzea proposatu zuen David Cameron Erresuma Batuko lehen ministroak.

Zergatik, sakoneko arazoei heldu beharrean, erabaki populista xenofoboak astintzen dituzte agintariek? Esaterako, “gorrotoa zabaltzen duten” mezkitak ixtea, Manuel Valls Frantziako lehen ministroaren hitzetan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.