Sasi kristaua naizenekoa

Pakito Ganbelai / 2015-12-02 / 248 hitz

Urtero entzuten dugun eta entzuten jarraituko dugun bezala, Gabonak geroz eta goizago hasten dira. Nire antena telebistako iragarki bat entzutean pizten da: “Bi-bi-bizak!” Orduan ohartzen naiz badatorrela batzuek hainbeste maite eta beste batzuk hainbeste gorroto duten garaia.

Gabonak eta hipokrisia. Dakigunez, Jesus udan jaio zen, baina kristauek abenduaren 24ra aldatu zuten ospakizun eguna, erromatarrek Saturnalia deitzen zioten jaiarekin kointziditzeko. Hots, neguko solstizioarekin (abenduak 21-22). Hainbat herrik egun horretan sekulako jaiak egiten zituzten, eta kristauek ohitura hori ezin zutela ezabatu ikustean, neurri batean bereganatu egin zuten. Ezin baduzu etsaia garaitu, lagun bihurtu.

Mitologiaren arabera, Jesus jaio zenean Olentzero albistea lau haizetara zabaltzen aritu zen Euskal Herritik. Euskaldunei Kixmi (Jesus) mundura etorria zela jakinarazi zien, eta hori entzutean jentilek euren aroa amaitutzat eman eta beren buruaz beste egin zuten. Ziurrenik Olentzeroren ideia erromatarrek kristautasuna ekarri baino lehenago egongo zen hemen, eta neguko solstizioko jaiarekin bezala, bereganatu egin zuten.

Kontua da Olentzero kristautasunaren agente bilakatzeaz gain, zergatik bihurtzen naizen ni ere fedearen mezulari urtean behin. Gure herrian urtero irteten gara koadrila handi bat, eta ikaragarri maite dudan eguna da. Herriko baserri guztiak bisitatzen ditugu, eta etxekoek ardoa eta jateko zerbait ematen digute. Bada egun horretan besterik ikusten ez dudan jendea, ia herrira jaitsi ere ez direlako egiten. Horretaz gain, urtean zehar ahaztuta izan ditudan bidezidor batzuk nire buruko mapan kokatzen ditut berriz ere, eta baserrien izen zerrenda ere freskatzea tokatzen da. Inondik inora ez nioke muzin egin nahi egun horri, baina Jesusen istorioak abesten aritzeak urdaileko mina ematen dit.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude