Sagar tarta

Iker Markinez / 2020-10-03 / 223 hitz

OSAGAIAK

4 LAGUNENTZAT

3 sagar.

Litro erdi esne.

Dozena erdi arrautza.

200 g azukre.

40 g irin.

Banilla makilatxo bat.

Hostopil xafla bat.

Azukre pixka bat tartarako.

NOLA EGIN

1

Krema prestatzeko, lehenik, lapiko batean esnea berotzen jarri, banilla makilatxoarekin batera.

2

Bitartean, arrautzen gorringoak ontzi batean jarri. Azukrea ontzira nahastu, eta bost minutuz etengabe irabiatu. Ondoren, irina gehitu, eta kontu handiz nahastu. Berotutako esnearen erdia ontzira bota, eta ondo nahastu. Lapikoan gelditu zaigun esnea irakin artean berotu, eta banilla makilatxoa kendu; ondoren, ontzian duguna lapikora irauli. Bost minutuz irakiten eduki, eta etengabe nahastu aldi berean. Garrantzitsua da tarta prestatzen hasterako krema hotza egotea; beraz, denbora batez hozkailuan sartu, edo, bestela, hurrengo egunean hasi tarta prestatzen.

3

Sagarrak zuritu, erditik moztu, eta erdian duten zurtoina kendu. Ondoren, xafla finetan moztu. Hostopila zabaldu, eta labeko molde batean jarri. Sardexka baten laguntzaz, leku desberdinetan zulotxoak egin, eta labeko paperarekin estali. Ondoren, pisu moduan, garbantzuak edo antzeko beste zerbait paperaren gainean zabaldu. Labean sartu, 180 gradutan, eta hamabost bat minutuz utzi.

4

Labetik atera, eta prestaturik dugun krema hostopilaren gainean zabaldu. Ondoren, sagar xaflak txukun-txukun kremaren gainean jarri, eta azukre pixka bat gehitu, batez ere sagar pusketen gainean.

5

Azkenik, berriro labe beroan sartu, eta 170 gradutan eduki beste 30 bat minutuz. Tarta epela jatea gomendatzen dizuet; nahi izanez gero, izozki bolatxo batez lagunduta. Kontraste goxoa izango dugu.

Creative Commons lizentzia
lan hau Creative Commons Aitortu-PartekatuBerdin 4.0 Nazioartekoa lizentzia baten mende dago.

Etxeko ganba gabardina eran

Pagotxa RZ / 2018-05-19 / 140 hitz

Apeta eta jolaserako gogo apur bat sartu zaigu eta etxeko ganba gabardina eran RZ dakarkizugu gaurkoan. Gustukoa ezta? Gozatua itzela badakizu eta erraz-erraza, aproposa oso ama eta izeba datozenerako, edo ligatzen laguntzeko moduko giroa sortzeko, edo bazkari sarrera gisa prestatzeko, edo afari-merienda horretan denak txundituta uzteko. Horixe, noiznahi jateko modukoa. Gozatu eta on egin! 🙂

Jarraitu irakurtzen

Etxeko flana

Iker Markinez / 2018-05-05 / 139 hitz

Osagaiak:

4 LAGUNENTZAT

5 arrautza oso.
3 gorringo.
Litro bat behi esne.
200 gramo azukre.
200 gramo azukre, karamelurako.
Banilla makilatxo bat.

Nola egin:

1

Esneki klasikoetan klasikoena aukeratu dugu gaurko errezeta honetarako. Lehenik, esnea eta azukrea lapiko batean irakiten jarri, banilla makilatxoarekin batera. Irakiten hastean, itzali, eta sutik kendu.

2

Ondoren, karamelurako azukrea zartagin batean ipini, eta sutan berotu, karamelua lortu arte. Flanerako moldean jarri, eta hozten utzi.

3

Ontzi batean, arrautza osoak eta gorringoak ongi irabiatu, eta esne beroa gehitu. Ongi nahastu, eta flanerako moldera gehitu.

4

Labea 160 graduan berotzen jarri. Flanaren ontzia labean sartu, 40 bat minutuz, marian berotzeko. Flanerako molde txikia erabiliz gero, denbora gutxiago beharko dugu: 30 minutu, gutxi gorabehera.

5

Labetik atera, eta flana hozten utzi, bost bat orduz, kanpoan. Ondoren, hotza dagoenean, moldetik atera daiteke; kontu handiz, noski.

6

Hozkailuan gorde daiteke, baina mahaira atera baino pare bat ordu lehenago ateratzea komeni da, tenperatura egokian jan ahal izateko.

Taste atlas; zer jaten dute munduan?

Gaztezulo / 2018-04-24 / 62 hitz

Munduko zaporeak dastatzeko prest?

Bidaiatzerakoan, batzuek monumentu eta museoak bisitatzen dituzte, beste batzuek dendak, ingurua, eraikinak… eta badira itzuli gastronomikoa egiten dutenak. Azken horietakoa bazara, maletak egin aurretik eman begiratu bat Taste Atlas mapa interaktiboari! Bertan, herrialde bakoitzean, eta bertako eremu ezberdinetan ohikoena edo ezagunena den jakia aurkituko duzue; zeren zain zaudete zuen urdailak zoriontsu egiteko? Egin klik irudian eta deskubritu plater berriak!