Zuri guztiak ez dira irinak

Azalpena

Lehen begiratuan gauza bat dela eman arren, gerora hasierako horren inguruan oker geundela eta hasierako hura horrela ez zela ikustean erabiltzen da. Beste modu batera esanda, gauzak ez dira diruditen bezalakoak eta denbora izaten da hau agerian uzten duena.

Zenbait esaera baliokide:   

Zuri guztiak ez dira elurrak.

Azal zuria eta barrena beltza.

Beltz guztiak ez dira ikatzak.

Oharra: azken esamolde hau, zenbaitetan bakarrik agertzen da (ikus Gotzon Garate, Atsotitzak), besteetan, ordea,  hemen landutako esamoldearekin batera (ikus testuingurua atala behean).

pixabay

Beste hizkuntza batzuetan

gazt.     Las apariencias engañan.

fr.         Les apparences sont trompeuses

en.        Truth has a good face, but bad clothes.

      Vice is often clothed in virtue’s shine.

Testuingurua

=> AGIRRE, Txomin, Garoa, 1912. Euskal Klasikoen Corpusa (EKC)

Nik badakit beltz guztiak eztirala ikatzak eta zuri guztiak iriñak ere ez nik badakit. Gastelerrian ere gizadi onak badirala, gure artean gaiztoren batzuk diraden bezela; baño ezin asmatu neike zeintuzekin batuko dan gure Juan Andres.

=> OXOBI, Jules Moulier, Lan orhoitgarri zonbait1966. Euskal Klasikoen Corpusa (EKC)

BI ETSAIEN ZUHUR-HITZAK

Huna zer derasaten bortizki mokoka!- Ohointza lodienak hiretzat arinak: Zuri guziak segur ez dituk irinak! – Zerk samur-arazten hu? Zikinaren hatzak? Etzauzkak beltz guziak berekin ikatzak! – Xitoek amarekin ikasten kabazkan: Zerrier zer der diotek jan-arazten askan? – Gaizoa! Banikek, to, hiri zer ihardets.

=> URBISTONDO, Andoni, “Azkarrena eta bizkorrena”, Berria (2006-05-10), kirolak.  Ereduzko Prosa Gaur (EPG)

Bitik bi irabazi ditu, baina irin guztiak ez dira zuri: McEwenek urtetan ikasi dituen sekretu guztiak erabili zituen atzo garaipena lortzeko.

=> LOPETEGI, Xabier, “Borroka ez da amaitu”, Berria (2006-04-22), kirolak. Ereduzko Prosa Gaur (EPG)

Baina komenigarria izango litzateke Malagaren zein Racingen aurka izandako komeriak kontuan hartzea irin guztiak ez direla zuri gogoratzeko.

 => Orotariko Euskal Hiztegia

Ag Kr 132s. Nik badakit beltz guztiak eztirala ikatzak eta zuri guztiak iriñak ere ez. Ag G 47 (cf. SP, s.v. irin: Xuri den guzia ezta irin; v. tbn. expr. similar en MichelLPB 345 (L, 1853) y Ox 188).

Iturria

Ereduzko Prosa Gaur (EPG)Euskal Klasikoen Corpusa (EKC)Gotzon Garate, Orotariko Euskal Hiztegia.

Norbaiti azpiak jan

Azalpena

Norbaiti buruz gaizki esaka aritzea da.

Ad.: hor zabiltzate orain ere azpiak jaten satorra bezala: ahí estáis, chismorreando, (socavando como el topo) como de costumbre (Elhuyar hiztegia).

Jendea solasean, Pixabay.com.

Beste hizkuntza batzuetan

gazt. Poner verde a alguien.

fr. Traiter quelqu’un de tous les noms.

en. Bad mouth somebody.

Testuinguruan

AGIRRE, D., Garoa, 1907-1912.Intza proiektua

—   Zertan zaudete beti emen sartuta? Norbaiti azpiak jaten?

AGIRRE, D., Kresala, 1906. Euskal Klasikoen Corpusa (EKC)

Jose Antonio? Iñoren ona ezin ikusi daben dollorren batek, satorraren antzera edonori azpiak janaz bizi dan ozkil, salatzalle, guzurtiren batek.

Orotarikoa

Barriketak entzunaz ta erritarren esamesak batuaz, azpiak jaten, sator-lanean jarduteko asmoz. Erkiag BatB 81.

Iturriak

Elhuyar, Orotarikoa, Intza Proiektua, Euskal Klasikoen Corpusa, Wordreference.

Begitan hartu / eduki / izan

Azalpena

Norbait edo zerbait gorrotatzen duzula adierazteko esaten da.

Sinonimoak: begietan hartu, begietan eduki, begietan izan.

Ad.: Begitan hartuta nauka eta ez dit ezer barkatzen.

Photo by MusicFox Fx on Unsplash

Beste hizkuntza batzuetan

gazt. Coger manía / Tomar ojeriza / Tomarla con / Tener a uno entre ceja y ceja.

fr. Avoir une dent contre quelqu’un / Prende quelqu’un en grippe.

en. Can’t stand / Have a bias against sb/sth / Take a dislike/disliking.

Testuinguruan

⇒ Axenario, Jules Renard / Itziar Otegi (Alberdania-Elkar, 2006, 85-86 or.). Ereduzko Prosa Gaur (EPG).

1. Or.: 85

Begitan hartu du, ia ziur.

2. Or.: 86

–Jauna –esan du Axenariok–, ikasketaburuak begitan hartu nau!

3. Or.: 86

Begitan hartu zaitu!

⇒ Hauts bihurtu zineten, Juan Kruz Igerabide (Alberdania, 2005). Ereduzko Prosa Gaur (EPG).

1. Or.: 19

Galdua ikusi nuen neure burua; morroi desatsegina zen Julio, baina ez hori bakarrik; edozein txikikeriagatik hartzen zuen ume bat begitan, eta nabarmen uzten zuen besteen aurrean.

⇒ Annie Ernaux, Emakume bat, Txalaparta, Tafalla, 2012 (itzultzailea: Itziar de Blas Fdez. de Gamarra)

Lanean hasi zen margarina-fabrika hartan hotza eta hezetasuna pasea zen, eskuak bustita eta ospelez beteta negu osoan. Harrezkero, begitan hartu zuen margarina.

⇒ Danele Sarriugarte, “Zapaltzailearen takoiak“, Argia, 2015-03-08.

(…) Modern Family (…) Honatx trama: familia modernotzat saldu nahi dituzten arren, mamian ikaragarri tradizionalak diren hiru familia protagonistek –ez diotenez errotikako kontra-proposamenik egiten senitartekotzaren oinarrizko zimenduei– txangoa antolatzen dute atrakzio-parkera. Bikote gayak ez daki zer egin alaba txikiarekin, gora eta behera baitabil jauzika, eta deskuidatzen direnero, parkeko beste muturreraino joana dela egiaztatzen dute. Hasiera batean, saiatzen dira umeari txakur-uhal batekin eusten, baina jendeak gaitzespenez begiratzen diela-eta, bazter uzten dute estrategia hori.

Orduan, haurraren aitonak, bera baino 30 urte gazteagoa den emakume batekin ezkondua, epifania betean deskubritzen du andrea hain sarritan ozpinduta egotearen arrazoi nagusietako bat dela, azken buruan, takoi izugarri deserosoekin ibiltzen dela beti. Flashbackean gogoratzen du nola itxaron behar izaten dion kaletik doazenean, nola eman behar izaten dion eskua eskailerak jaisteko. Bonbilla artean ñir-ñirka, merchandising-denda batera sartu eta printzesa-zapatatxo (takoidun) batzuk erosten ditu bilobarentzat, horiek oinetan dituela ez baitu posible izango harrapatu ezineko moduan urruntzea, aske ibiltzea. Txakur-uhala ez bezala, zapaltzailearen takoiak ez ditu inortxok ere begitan hartzen.

 Iturriak

Hiztegi Batua, Elhuyar hiztegia, Orotarikoa, Intza Proiektua, Wordreference, Ereduzko Prosa Gaur, Argia.

Umeak gozotegira baino pozago joan

Azalpena

Norbait oso pozik dagoela adierazteko erabiltzen da.

playschool-151938_1280

Pixabay.com

Beste hizkuntza batzuetan

gazt. Más contento que un crío con zapatos nuevos.

fr. Être aux anges / Être heureux comme un pape.

en. Feel like a million bucks / Pleased as Punch.

Testuinguruan

⇒ Domingo Agirre, Garoa, 1912

(…) eta badijoaz onelako edo alako errira gazteak eta zarkoteak, erkiñak eta kankalluak, jolas-naikoak eta jokalariak, burutsuak eta buru gabeak, alderdi bateko ta besteko gaitasaunak neurtzen dakizkitenak eta biotzak dion aidera itxu itxuan daudenak, bide zabalean aurrera, bide ziorretan barruna, mendian gora, basotik bera, zelai erditik zear, soro ertzetik aldamenka, amilla mengelak sorbaldan dituztela, makillatxoak eskuetan daramazkitela, biotzaren Ieiaz osoro beterik, barruko azkortasuna ezin gorderik, arro, artega, esale ta ameslari, zezenetara baño errezago, eztaietara baño gogotsuago, umeak gozotegira baño pozago, abere ospatsuen indarra edo gizon trebien adorea zelai edo enparantzaren erdian ikusteko asmoetan (…).

Begiz jo

Azalpena

Zerbait edo norbait aukeratu duzunean, edo zerbaitek edo norbaitek arreta eman dizutenean begiz jo duzula esaten da.

Pixabay.com

Pixabay.com

Beste hizkuntza batzuetan

gazt. Echar el ojo a algo o alguien.

fr. Lorgner sur quelque chose / Serrer la vis / Avoir à l’oeil quelqu’un.

en. Have your eye on something.

Testuinguruan

Romain zen bere izena, Joxean Agirre (Elkar, 2003, 122. or.). Ereduzko Prosa Gaur.

–Besterik ez bada etxean jarriko dut, zuretzat –esan zuen, emakumeek batzuetan amultsu eta maitekor agertzeko duten gaitasun ukaezina erabiliz, eta bere takoidun zapaten gainean pauso labur eta baldresak emanez sartu zen aldalekura, erosteko begiz jota zituen arropen piloan soineko beltza utzi eta beste bat probatzera.

Bizia lo, Jokin Muñoz (Alberdania, 2003, 66 or.). Ereduzko Prosa Gaur.

Iaz, baina, hiriaren hazkundeari aurre egin nahian, etxebizitza gehiago non eraiki pentsatzen hasi zen udala, eta zer eta zezen-plaza zaharra begiz jo zuen.

Iturriak

Hiztegi Batua, Orotarikoa, Elhuyar, Wordreference, Ereduzko Prosa Gaur, Intza proiektua.

Bi ezkero, hiru seguru

Azalpena

Zerbaitetan ahaleginduz gero, azkenerako ongi ateratzea lortzen da.

Pilota partida Hondarribiko harresietan (Wikipedia.org)

Beste hizkuntza batzuetan

gazt. A la tercera va la vencida / Tres perfecto número es.

fr. La troisième fois sera la bonne.

en. Third time lucky.

Testuinguruan

⇒ Berria, 2004-10-17, «Esainen jipoia eta Agirreren errebantxa», I.M [Kirola], Egungo Testuen Corpusa.

‘Bi ezkero, hiru seguru dio atsotitzak, halere ostiral gauez ahoz ahoko tradizioaren jakituriak bizkarra eman zion Enrike Galarzari.

⇒  Berria, 2006-05-13, «Chungkingeko», ZIGOR ALDAMA [Gaiak], Egungo Testuen Corpusa.

Egia izango da bi ezkero hiru ere seguru dela.

⇒ Iban Zaldua, Oharrak & Hondarrak, Zutabegilearena”, 2013/09/12.

Zutabegilearena

     Egunkarian astero zutabe bat idazteko kontratatu nindutenean, sekulako poza hartu nuen. Nire ahotsa iritsiko zen, azkenik, publikoarengana. Baina ez zitzaidan dotorea iruditu bat-batean ekitea, zakarki: irakurlea pixkanaka limurtu behar nuen, nire pentsamenduaren altzora erakarriz. Hasierei buruz idatzi nuen, beraz, lehenengo agur-zutabea; tira, hasierei buruz baino, hasiera jakin horri buruz, egunkariaren zutabegile bezala izango nuen, izaten ari nintzen abialdiaz alegia. Bigarren zutabea bigarren aldiaren inguruan idatzi nuen: bigarren aldiek eskaintzen dizkiguten aukera berrituez, gauzei eta egoerei buelta emateko gaitasunaz, eta aurrera jarraitzeko kemenaz; bigarren zutabe horrek bezala hain zuzen ere. Hirugarren artikulua “Bi ezkero, hiru seguru” esamoldearen inguruan antolatu nuen, gaztelaniazko “a la tercera va la vencida” haren nolabaiteko euskal ordaina: azken batean, “sagua harrapatzeko hiru salto egin behar ditu katuak”, eta hirutasunak badu, gainera, zentzu sinboliko sakon bat –zenbat kultura eta erlijiotan ez da hirua zenbaki zentrala?–, ondo egokitzen zitzaiona nire hirugarren ahaleginari. (…)

Olaia Juaristi, Berria, 2014-02-20.

Jon Ander Albisu. Asegarceko pilotaria (elkarrizketa)

(…) Txapelketan debutatu zenuenetik urtez urte gorantz zoaz.

 Duela bi urte, finalerdietan sartuta, eta iaz, finalera iritsita, ea aurten bi ezkero hiru seguru izaten den [barrez]. Oraingoz, gauzak ez ditugu erraz, baina dena da posible, aurkari zuzenak puntu bat gehiagorekin baititugu. Finalerdietan sartzeko aukerak ditugu, eta, zergatik ez, baita finalean sartzeko ere. (…)

Iturriak

Gotzon Garate, Pons, Reverso.net, Gaur egungo Testuen Corpusa.

Zuria izan

Azalpena

Zuria izatea lausengaria izatearen sinonimoa da; nahi dena lortzeko, solaskideari gustuko gauzak esatea, alegia.

Sinonimoak

ipurgarbitzaile izond. Lgart. ‘lausengaria’ (Hiztegi Batu Oinarriduna)

Photo by Taylor Harding on Unsplash

Beste hizkuntza batzuetan

gazt. Ser pelota, adular.

fr. Embobiner, cirer / Lécher les bottes.

en. Kiss up to (sb).

Testuinguruan

⇒ Elhuyar hiztegia.

4  s. zuri, lausengari

¡no seas tan pelota!: ez zaitez horren zuria izan!

Eltze askotako burruntzalia da / Burruntzaliaren kirtena!

Azalpena

Sudurluze, sarkin, endreda-makila denari esaten zaio, hau da, besteen asuntoetan kuxkuxean ibiltzen denari.

Gaur egun, zentzu positiboan ere erabiltzen da: gauza asko eta diferenteak egitea interesatzen zaionari ere esaten zaio, saltseroa den jendeari, alegia:

Lekunberrira joan da Ibon Gaztañazpi, eta bertan, eltze askotako burruntzalia ezagutu du.

Ikus: Manoli Olaetxea (www.eitb.eus, 2014/12/14)

Egilea: patriciawla2. 2010-10-13 (Flickr.com)

Beste hizkuntza batzuetan

gazt. metomentodo / entrometido.

fr. commère / fouineur.

en. busybody.

Testuingurua

⇒ Orotarikoa:

(En expresiones proverbiales). “Eltza askotako burduntzalia, (AN-larr, L) […], entremetido; litm. cucharón de muchos pucheros” A EY III 284. Atso bat ere melatu saltsa huntan zauku sartu / […] Tupina guzietako burruntzali deitatu [behar dugu]. AstLas 70. Saltsa tzarren burruntzali / Hori da bethi ibili (L). Lander (ap. DRA). Eltze guzietako burruntzali. Zerb GH 1936, 221.

(En exclamaciones). Burruntzaliaren kirtena!! Nork eman dizu zuri or kuskusean ibiltzeko baimena? Loidi 93. Mañuberen gelara igo zan […]; eta… orra! an orratzik ez! Burruntzaliaren krixketa!… Ib. 127.

Iturriak

Orotarikoa, Elhuyar, Wordreference.