Tripak jaten egon

Azalpena

Oso urduri edo kezkatuta egon.

Aldaerak

Kirioak dantzan izan

Kirioak airean egon

Ipurdi estuarekin ibili

Birikak / Tripak / Erraiak jan

Beste hizkuntza batzuetan

gazt. Estar hecho un manojo de nervios

fr. Paquet de nerfs

Testuinguruan

  • Zubeldia, I.: Aitorren hizkuntz(a) zaharra, in Argia:

“Eta norbaitek galdetuko dit: “Zertara dator zure diskurtsoa? Zer azaldu nahi duzu horrekin?”. Bada duela egun batzuk herri handi samar batean ikusi nuena. Terraza batean kafe bat hartzen geunden patxadan. Aldameneko mahaian zazpi emakume gazte eta haien inguruan umeak jolasean. Beren artean oraintxe erdaraz, oraintxe euskaraz ari ziren. Euskaraz bereziki umeren bat hurbiltzen zitzaienean. Gainerantzean, erdara nagusi. Garbi ikusten zen euskaraz denek zekitela tarte laburren batean denek euskaraz egin baitzuten. Baina berehala pasa zen elkarrizketa erdarara. Bereziki festa girotik zetorren beste emakume bat hurbildu zitzaienean. Orduan: “Mikel Goñi está muy bueno”. “Me han robado la toalla en la playa”. Eta elkarrizketa osoa erdaraz joan zen. Umeak ingurura etorritakoan zerbait euskaraz esan, baina berehala beren arteko komunikazioa aurrera eramateko euskarak ez zuen balio. Eta euskaraz oso ondo zekiten denek. Tripak jaten egon nintzen eta gogoeta hauxe egin nuen: “Ez ote dira konturatzen alferrik ari direla umeekin euskaraz! Horiek ere gauza berbera egingo dute gero, prestigiozko hizkuntza, euren gurasoek eta jende gehienak erabiltzen duena erabili! Euskara jakinda, guraso batek nola eraman dezake arratsaldeko elkarrizketa osoa erdaraz bere umeen aurrean, hauek euskara ikastea eta euskaraz egitea nahi badute!”

  • Peña, Y.: Hariak, in Susa (2018):

Brigidak obratu zuen miraria: Estiren tituluak pregoilarien moduan lau haizetara ereinez, azkenean ernaldu zen aukera. Ikastola gero eta handiagoa, irakasle berriak kontratatzen hasiak ziren. Haietako bat luzerako gaixotu zenean, galdezka joan zitzaizkion Estiri, ea txikiei eskolak emateko prest egongo ote zen. Bat-batean, amona harro bai harro: Olatz ikastolan hasi zenean astoarenak bota ondoren, Espainia osoan ez omen zegoen kolegio hoberik.

Baina, pobrearen poza… Amona sinetsita zegoen lanean hasteak Parisko erokeria guztiak sendatuko zituela. Inozenteagorik! Astebetean pasatu zen Esti etxean gotortzetik etxera ez sartzera. Lana, bilerak… Eta lagun horiek? Herriko bihurrienak ziren, Luisa haien aldean santu bihurtzeraino: kontzentrazioa hemen, manifestazioa han, parranda hemen, festa han. Eta amona gaixoa, tripak jaten.

  • Narbaiza, L.: Erabakiak eta damua, in Eibar.org (2007-X-30):

Gorago esan dudan moduan, pertsona bati ez egitea damutu izan zait: ez deitzea, gutuna ez idaztea, ez geratzea kafe bat hartzera, ez besarkatzea, e-maila ez idaztea, eskutik ez oratzea, musu ez ematea…

Damuak damu, horrela egin izan ditut gauzak, nahiz eta orain tripak jaten egon. Baina haserre eta oso nekatuta egonda, nor da gai jakiteko bere bizitzako aukera onenetakoa eskuetatik joaten ari zaiola? Ni ez, behintzat. Eta orain horrela nago, damututa, a posteriori hausnarketak egiten, ihes egin didanaren falta sentitzen.

Iturriak

Elhuyar, Intza, Labayru, Argia, Susa, Eibar

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.