Etiketaren artxiboa: jokabideak

Hitz eta pitz

Azalpena

Hizketan denbora guztian, etengabe, isildu gabe.

Aldaerak

Hitz eta putz

Hitz eta mintz

Kalakan

Photo by Ilyass SEDDOUG on Unsplash

Beste hizkuntza batzuetan

gazt. Charlando, cotorreando, hablando por los codos

fr. En bavardant

Testuinguruan

  • Oarsoaldeko AEK: Oreretan hitz eta pitz ibili gara gaur goizean, in Habe aldizkaria (2016-XII-1):
ORERETAN HITZ ETA PITZ IBILI GARA GAUR GOIZEAN

Euskararen astea dela eta, Oreretan Mintzodromoa egin dugu:

  • Perez, Raul: Bagina, hitz eta pitz, in Gaztezulo (2011-I-7):

Bagina, hitz eta pitz

Bere bagina inoiz ikusi ez eta orgasmorik izan ez duen emakumearena, orgasmoak izateko tailer batera aurrenekoz doan emakume batena, Balkanetako gerran bortxatu zutenarena… Denera, 12 emakumeren istorioak antzezlan bihurtuta. Zertaz ari garen? “Baginaren monologoak” obraz. 

  • Arana, Aitor: Historia lazgarria, in Google Books, Txalaparta (2002):

Hamahiru urte nituenean, nire neba Imanol intxaurrondo batetik erorita hil zunan. Bikiak gintunan eta bizitza osoa neramanan berari obeditzen. Beti jolastu behar geninan berak nahi zuen hartan, eta beti joan behar berak aukeraturiko lekuetara. Kalakari hutsa zunan Imanol; beti hitz eta pitz. Bost axola zitzaionan hitzontzi, kontakatilu edo kalakari deitzen bazioten ere. Bera beti berriketan.

  • Galeano, Eduardo: Hitz ibiltariak, in Google Books, Txalaparta (2000):

Elkarrekin lan egin dezagun gonbidatzera etorri naiz beraren tailerrera. Nire proiektua azaldu diot: beraren irudiak, beraren grabatugintza, eta neure berbak. Isilik dago bera. Eta ni hitz eta pitz, azaltzen. Eta berak ezer ez.

Iturriak

Elhuyar, Labayru, Intza, Oarsoaldeko AEK, Gaztezulo, Google Books, Google Books 2

Bost axola izan

Azalpena

Berdin izan.

Aldaerak

Bost ardura izan

Bost inporta izan

Hankartetik pasatu

Zakila fresko utzi

Potorroa fresko utzi

Photo by Jared Rice on Unsplash

Beste hizkuntza batzuetan

gazt. Importar un comino un bledo, un pimiento; Me la suda, me la pela, me la bufa

fr. On s´en fout; On s´en fiche

Testuinguruan

-«Ero puntu bat dute», entzun diot kritiko bati zuen diskoari buruz. Talde ulertu gabea zaretela uste duzu, nola ikusten duzue zuen burua euskal musikaren panoraman?

-Beti izan dugu kutsu eroa edo ezberdina. Abestiak sortzerakoan ez dugu pentsatzen lan arraroa egin behar denik. Horrela ateratzen da. Beharbada, talde ulertu gabea gara, bai. Baina guri bost axola. Gustatzen zaiguna egiten dugu eta askatasun hori ordainezina da.

  • BM: Tania Llasera: bizitzari hozkaka, in BM:

-Berriki elkarrizketa batean adierazi duzu ezin zarela jende guztiaren gogoko izan, baina ondo daramazula hori. Gauza bera esango al zenukeen orain dela 20 urte?

-Ez. Nik neure burua ezagutzera eta maitatzera eraman nauen bidaia egin dut. Izan nuen lehenengo mutil-lagunak tratu txar psikologikoak eman zizkidan. Lur jota eta zokoratuta nengoen. Konbentzitzen zaituztenean ez zarela inor eta ez zarela argia, polita eta ez duzula ezer lortuko… Gogoratzen dut, izkina ilun hartan, nire buruari esan niola ez nuela inoiz gehiago onartuko inork horrelakorik berriz pasa araztea. Inoiz ere ez. Gizendu nintzenean eta jendeak eta komunikabideek bullyinga egiten zidatenean ere, neure buruari esan nion ez nindutela lur jota utziko. Ez dudalako nahi! Terapia asko ere egin dut, eta ohikoaz oso bestelako heziketa izan dut eta, tresna horiei esker, orain esan dezaket bost axola zaidala besteen iritzia. Jende guztiaren iritziak entzungo banitu, erotu egingo nintzateke; batez ere gaur egun, sare sozialekin.

  • Erredakzioa: Tramoan kronometroak zero markatzen duenean, gainontzekoak bost axola, zu zurera zoaz, in Kronika Urumea:

-Lasterketa aurretik, zer sentitu?

-Hasierako momentuak oso urduriak izan ohi dira, eta Iturbek adierazi du, hankak dardarka izaten dituela. Hasie­rako momentua gehi­ago gustatzen zaiola ere aipatu du, adrenalina gehiagoko uneak direlako nonbait. «Tramoan kronometroak zero markatzen  duenean, bazoaz, eta gainon­tzekoak bost axola, zu zurera zoaz». 

  • Zabarte, Gaizka: Zaharrak ez zuen hil nahi, in Susa:

Errazena Rubiorengana jotzea zen. Martinek berak esan ziezadakeen non bizi zen eta non harrapa nezakeen mezaren batetik irten ostean. Setienez, ordea, Galdakaon bizi zela baino ez zekien. Hala ere, neukan informazioa urria izan arren, barrenak esaten zidan hobe zela Setienekin hitz egitea aurrena. Etxetik irten gabe bizi denak, hala bazen behintzat, ez duenez aukera handirik mintzakide berriren bat izateko, izan dezake entzule berriren bat izateko gogoa. Ordurako ez baldin bazen bere baitara erabat bildu eta, ondorioz, kanpoko doinu txikiena hari bost axola. Topa nezakeen, topatzekotan, entzule arretatsuarekiko esker onez, luze hitz egin nahi zuena. Beste kontu bat litzateke bere buruaren egoera, memoria eta koherentzia barne.

Iturriak

Elhuyar, Labayru, Intza, Harluxet, El Diario Vasco, BM, Urumea, Susa

Entzun eta isil, baiezko biribil

Azalpena

Kexarik agertzen ez duenak eta isilik gelditzen denak ados dagoela adierazten du.

Beste hizkuntza batzuetan

gazt. Quien calla otorga

fr. Qui ne dit mot, consent

en. Silence gives consent

kat. Qui calla, hi consent/atorga

gal. Quen cala outorga

Testuinguruan

  • Guaixe: Sakandar bat euskara batuaren sorreran, in Guaixe.eus (2018-IX-29):

Egoera horrek etorkizunean konponbide zaileko arazoak sortuko ditu hezkuntzan eta hedabideetan”. Adibidea ere jarri zien, “euskara irakaskuntzan ezarriz gero, testu-liburuak euskalki bakoitzean egitea zaila izateaz aparte oso garesti litzateke”. Euskal Herri guztirako ariko ziren hedabideen sare bat bideragarria ez litzatekeela izanen ere gaztigatu zien. Funtzionarioak euskaltzainei euskara batzearen premia azpimarratu zien, etorkizuneko erronkei bermeekin erantzuteko bidea hura zela ziurtatuz.

 Egoera deserosoan gelditu ziren euskaltzainak. Egoerari laztasuna kentzeko bazkaldu ondoren Serra Estruchek gehitu nahi izan zuen bera katalana zela. Bilera bukatuta bidea alderantziz egin zuten eta erregimeneko funtzionarioa tren geltokian agurtu zuten. Lau euskaltzainak nasan zeudela Lekuonak zehatz eta arin esan zuen: “Koldo, berehala hartu beharko duzu horren ardura”. Mitxelenak entzun eta isil, baiezko biribil.

  • Iurrebaso Atutxa, Jon: Indarkeriaren harira, in la haine.org (2018-XII-17):

Indarkeria tresna bat da. Isilik egoteko jarrera hor dago bai, baina salatu ez eta egiturazko indarkeria estaltzen laguntzen badugu, indarkeriazko jarrera bilakatzen da. Ez da tresna itsua, ez eta, jarrera bat gehiago ere. Honexetarako da kapitalak darabilen indarkeria: klase sozial jakin bat babestu eta klase berekoak ez direnen kontra boterea erabiltzeko. Kapitalak eta indar atzerakoiek darabilten indarkeria gizateriaren aurkako krimena da, eta beldurra eta segurtasunik eza eragitea du helburu. Horrenbestez, entzun eta isil, baiezko biribil, egiturazko indarkeria beharrezkotzat jotzen dutelako edo indarkeriari aurre egiteko adorerik gabe daudelako. Bi zergatiak, neurri handiago edo txikiagoan, kontu larriak dira.

-Betiko zuhurra hi! Toki bat ezagutzen diat hiriaren bestaldean. Neska-mutil oso lirainak zeudek beti. Nahi izan ezkero, bertara hurbil gaitezkek begitu bat botatzera.

Edmundori burura zekiokeen azken gauza toki dibertigarribatera sartzea zen. «Kez, doinuz eta izaki zalapartariz betetako toki bat!». Ideia hutsak ere ikara batean jartzen zuen. Dena den, ostiral hark ohiko ostiralekin zerikusirikez zuenez, lagunari ez zion protestarik jaso. Eta esaera zaharrak dioenez: entzun eta ixil, baiezko biribil.

Iturriak

Harluxet, Euskaltzaindia, Elhuyar hiztegiak, Guaixe, La Haine,  X. Galarreta

Orhiko xoria, Orhin laket

Azalpena

Sorlekuarekiko atxikimendua adierazteko.

Aldaerak

Orhiko txoria, Orhira tira

Gorbeiako beleak, Gorbeiako jokerea

Oizko txoria, beti Oizera

Anbotoko beleak, Anbotora nahi

Edozein txoriri eder zaio bere habia


Photo by A Perry on Unsplash

Beste hizkuntza batzuetan

gazt. Cada uno donde es nacido, y bien se está el pájaro en su nido

fr. À chaque oiseau, son nid paraît beau

kat. Cada ocell troba son niu bell

gal. Ben está no seu niño o paxaro, como está cada un onde foi nado

Testuinguruan

Orhiko xoria Orhin
Bakean da bizitzen,
Bere larre-sasietan
Ez da hura unhatzen;
Han zen sorthu han handitu,
Han ari zen maithatzen,
Han bere umen artean
Gozoki du kantatzen.”

  • Roque Eguzkitza, Iñigo: Hizkuntza garbiak eta nahasiak?, in Idazkola (2011-VIII-21):

Gaur, udaldiko beste irakurgai bat ekarriko dizuet hona: Patrick Leigh Fermor-en Mani: Travels in the Southern Peloponnese. Pasarte asko hauta nitzakeen; esaterako, bidaiako eta mitologiako pasarteak gainazpikatzen dituztenak, edo bidaztien denboraren zentzuaz idatzitakoak, edo Greziaren historiaz egindako oharrak. Nolanahi ere, Orhiko xoriak Orhira nahi izaten duenez (edo Orhin laket izaten denez), grezierari buruzko gogoetatxo bat euskaratu dut zuentzat.

  • Gerindabai: Agur, Juango, in Gerindabai (2014-X-1):

Oroitzen naiz nola maite zenuen Otsagabia, zure amaren herria, zure euskalduntasunaren iturria. Azken batean, “Orhiko xoriak, Orhin laket”.

Iturriak

Garabide.eus, Eusko Ikaskuntza, Idazkola, Gerindabai.

Askoren mina, zoroen atsegina

Azalpena

Jende askori gertatzeagatik hobea edo arinagoa ez dela adierazteko.

Aldaerak

Askoren gaitza, leloaren poza

Beste hizkuntza batzuetan

gazt. Mal de muchos consuelo de tontos

fr. Malheur de plusieurs, consolation d’idiots

en. Two in distress make sorrow less

kat. Mal de molts, conhort de boigs/tontos/bèsties

gal. Mal de moitos, consolo de parvos

Testuinguruan

  • Amatiño: Datuek ez dute benetako larrialdia islatzen, in Eibar.org (2021-I-30):

Mapak eskaintzen duen argazkian EAE ez da zatarren ateratzen direnetakoa, baina… askoren mina, zoroen atsegina omen.

Euskal Autonomia Erkidegoa %10etik beherako sailean (eta kolorean) agertzen da, langabeziaren datu ofiziala, zehatz-mehatz,  %9,99 delako.  Horra zergatik agertzen den %10etik beherakoen artean, nahiz sistemak bigarren dezimala borobildu.

  • Madariaga, Juanra: Berriz, in Deia (2020-VII-30):

Aste honetan bertan, Nekane Murga Jaurlaritzako Osasun sailburuak aisialdian izango diren muga berriak azaldu zituen, eta horren barruan tabernetara joateko grina horri ere ateak itxiko zaizkio. Ostalaritzak neurri berri horiek pairatu beharko ditu beste behin, aglomerazioak eta kontaktu fisiko hori galarazteko xedez. Ordutegi berriak ipiniko dira eta ordu txikietan bertan edaten ibiltzea saihestuko da. Bestelako ekitaldi publiko eta pribatuetan ere publikoaren presen-tzia kopuru mugatuan kontrolatuko da.

Atzerapausoa da, agian konfinamendu berrira pixkanaka eramango gaituena. Dena kontrolpean dagoela esaten duten arren, pandemia berriz hasi da in crescendo, eta egonkortasuna apurtu da.

Egia da epidemia baten joaeraren barruko aktibitate tipikoa omen dela, eta horrexegatik, inguruko herrialdeetan antzeko kasu datuak badituzte, baina badakizue, askoren mina, zoroen atsegina.

  • Tubia, Iker: Tabernen kultura, in Zuzeu.eus (2020-X-22): Enrique Mayak dio Iruñean neurriak zorroztekotan, Iruñerri guzira zabaldu beharko liratekeela mugak. Askoren mina, zoroen atsegina. Alkate jaunak badu zertaz kezkatu gainerako herrietan muturrik sartu gabe.

Iturriak

Elhuyar hiztegiak, Eibar.org, Deia, Zuzeu.eus

Odol txarra egin / odol gaiztoa egin

Azalpena

Haserretu garela adierazteko erabiltzen da.

Unsplash

Beste hizkuntza batzuetan

gazt. hacerse mala sangre

fr. se faire du mauvais sang / se faire du muron

Testuinguruan

=> Mikel Peruarena Ansa, Su zelaiak, Susa (2014)

Jakin-mina handiagoa izaki. Berriro zabaldu dut papera. Ezin dut utzi irakurri gabe, tira egiten didala ematen du. «Neure buruaz lotsatzen naiz». Lotsatu egiten dela esateko idatzi badit, ederki gaude, pentsatu dut. «Umea nintzen orduan. Ez nekien zertan ari nintzen ere». Ez dut ulertzen zer egiten dudan hemen, odol txarra egiten gutun nazkagarri honekin. Estudiantea adarra jotzen ari zaidala iruditzen zait. «Emiliok leiho bat zabaldu zidan, eta liluratu egin nintzen erokeria harekin».

Erokeria? Ziri ederra sartu didate adiskide uste nituen horiek.

=> Ramon Saizarbitoria, Martutene, Erein, 2012. Egungo Testuen Corpusa (ETC)

Ironia, bide batez esanda, Pilarri hain nahasgarria gertatzen zaiona -so gertu ohi zaio, aztertzaile, txantxetan ala benetan ari den asmatu nahirik-, eta askotan odol gaiztoa egiten diona.

Iturriak

Elhuyar, Nola Erran, Susa, Egungo Testuen Corpusa

Mihirik gabeko joarea herdoilak jan

Azalpena

Zerbait lortu nahi bada, eskatu egin behar dela esateko erabiltzen da.
pixabay.com

Beste hizkuntza batzuetan

gazt. el que no llora, no mama

en. The squeaky wheel gets the grease

fr. Qui ne demande rien, n’a rien

cat. Qui no plora(,) no mama

gal. O que non chora non mama

Testuinguruan

=> Oier Araolaza, Titulorik gabeko dantza maisua, 2006/02/20 Dantzing bloga

Arte Eszenikoen alorreko zenbait agentek Eusko Jaurlaritzari Arte Eszenikoen Goi Mailako Eskola Ofiziala sortzeko eskaera egin diola eta ondokoa aipatu nuen ostiralean dantzan posta zerrendan:

Argi dagoena da hemen mugitzen ez denak ez duela ezer lortzen. Eta non gaude dantzariak? Geldi, gure etxera ate joka noiz etorriko diren zain. Baina isilik dagoenaren berririk ez du inork jakiten. Eta Malerrekan esan ohi duten bezala: mihi gabeko joarea, herdoilak jan.

Aritz-ek, azkar erantzun zion nire arrangurari eta saihestu ezin izan dudan amua jarri zidan:

Zer eskatu? nola eskatu? Zeinek eskatu? Erabateko ezjakintasunetik ari naiz.

Iturriak

Elhuyar, Garate, Cervantes

(Inor) mugitu orduko/mugitzerako asto arrak ume egin

Azalpena

Pertsona bat mugitzen ez denean erabili ohi da, alferra edo patxadatsua denean.

pixabay.com

Testuinguruan

=> Aristi, Pako (1985), KcappoDonostia: Erein. (48-49 or)

Kanpoan handitu, etxean txikitu, istorioa azkenik errealitatera hurbildu zen eta aita plausta etzan zen sabaira behatuz pentsakor. Aitonak atera zuen arrazoia, asto arrak umea egingo dik hi mugitzerako bota zion suhiari, eta bidaiako nekea kentzeko aurpegia busti ondoren kalera atera zen, apaizarekin hitz egin zuen, gero medikuarekin, Ernestorekin hurrena baserriraino igota eta Laura etxeratu zuen.

Iturriak

Intza proiektua, Nafarroako Euskararen Mediateka

Besteen akatsak ikusteko betaurreko beharrik ez

Azalpena

Norberaren akatsak ikusi ez eta besteen akatsei erreparatzen dienarengatik esan ohi da.

pixabay.com

Beste hizkuntza batzuetan

gazt. Vemos la paja en el ojo ajeno, y no la viga en el propio.

en. See the mote in your brother’s eye and not the rafter in your own.

fr. Nous voyons la paille dans l’œil du voisin, mais nous ne voyons pas la poutre dans le nôtre.

cat. Veure una palla en els ulls dels altres i no veure la/una biga en els seus.

gal. Vemos a palla no ollo doutro e non vemos a viga no noso.

Testuinguruan

=>    Eizmendi, Maider, Besteen trapuei begira, Gara (2010-03-30)

Besteen trapuei begira

Maila batean edo bestean, guztiok dugun akatsa da. Zaila da nork bere gabeziak eta egiten dituen hutsegiteak ikustea; parean daudenenak, ordea, nahi gabean, argi azaltzen zaizkigu begietara. Joera errotua da eta euskal atsotitzen zerrendan makina bat adibide topa ditza-kegu. Niri guztien artean bat gustatu zait: «Besteen akatsak ikusteko antiojo beharrik ez». Zuzena eta argia, azalpen beharrik gabekoa eta batek baino gehiagok beretzat hartu beharko lukeena.

Iturria

GaraGotzon Garate

Ate adina maratila eduki

Azalpena

Gauza guztientzako erantzun edo irtenbidea izatean esaten da.

Pixabay.com

Testuinguruan

=> Goenkale, Oilategiko kontuak, 205 atala, Sek.:4  Goenkale Corpusa

MARLON.- Tenple onekoa nauzu, umila, apala ez da ahula, kementsua baizik.

JULIAN.- Diru askorik ezin atera lanbide horrekin.

MARLON.- Gutxirekin nahikoa.

JULIAN.- Hirekin ez zagok problemarik, ate adina maratila daukak.

MARLON.- Baina argi jokatu nahi dut zurekin: ez daukat arrantzale izateko asmorik, lan honen premia daukat liburu bat idazteko, denboraldi baterako kontua, beraz.

JULAIN.- Eskertzen diat hire zintzotasuna. Hartzen bahaut aurki izango nauk txo baten bila berriz ere. (Hasperen) Tira, mutil jatorra ematen duk, astiro pentsatuko diat. (Jaikitzen)

=> Elustondo, Miel Anjel, “Troba zahar tradizionalaren oinordetzat daukat neure burua”, Argia (2015-03-29)

El conflicto de la lengua da interneteko bertsioan, baina El son de Abadiño izena eman diozu arestian. Kantu horretan ari zarela, zalantza egiten ote duzun irudi du pasarteren batean, baina ez da zalantza, inprobisazioa baino, ala?

Bai, bai, inprobisazio hutsa! Habanan grabatu nuen, hona etorri aurretik. Ez nuen larregiko astirik ere, eta horrelaxe atera zen. El son de Abadiño asko gustatu zaie abadiñoarrei. Kantuan ari nintzen eran, inprobisatzen ari nintzen. Ate adina maratila hor ere, ordea! Ni eginahalean inprobisatzen, eta musikariak berriz, nire kontra, entseatzen dugunak askotan ez duelako balio, eszenatokira irten eta aldatu egiten dudalako kantua, inprobisatu. “Izorra hadi!”, ezta? Askok inprobisatzen dute, entseatu ere egiten dugu, baina tragoa egin orduko, musa esnatzen zait eta orduantxe akabo!

Iturriak

Argia, Elhuyar, Intza, Goenkale Corpusa