Alde guztietan txakurrak ortozik / oinutsik / hanka-hutsik

Azalpena

Arazoak edota ezbeharrak leku guztietan daudela adierazteko.

Aldaerak

Hemen eta han txakurrak ortozik

Txakurrak leku guztietan ortozik

Goazen beste herrira, han ere txakurrak ortozik dira

Ameriketan ere txakurrak oinutsik dabiltza

Edonon dauz txakurrek, agiñek zabalik

Etxe guztietan laratza beltza, eta gurean beltzagoa

Ez daude ero guztiak Zaragozan

Leku guztietan leihoak ateari begira

Lekuan lekuan ardiak, beltzen artean zuriak

Beste hizkuntza batzuetan

gazt. En todas las casas cuecen habas, En todas partes cuecen habas

fr. Il est des sots de tout pays

en. In every country dogs bite

kat. A tot arreu se’n fa[n], de bolets (, quan plou)

gal. En todas partes cocen fabas

Testuinguruan

Ez naiz ni. Eurak dira; inoiz gu izandakoak. Iluntze aldera San Anton eliza ingurura batzen hasten dira. Gizonezkoak gehienak. Inoiz emakumeren bat ikusi izan dut, baina beti gizonen baten itzalean, babesean, atzean. Errealitate guztietan, atzean beti. Abaro beroaren zain egoten dira. Denbora zigarroa egin artekoa da. Gauaren sikupea aurkitu dute hemen, mundu azpiko zurkulu honetan. Posta eta errolda helbidea. Egun osoan ikusten ez dituzten lagunekin topo egiteko sasoia bihurtzen zaie. Lagunekin, edo beharbada, soilik giza kidea da bilatzen dutena; eurak bezala arnasten duen gizakia edota hotz/gose den gizakumea. Topo egin, edo beharbada elkarrizketa bat izateko aukera. Agian hauxe da eurek sentitzen duten gizartearen laztan bakarra, eguna errari eman ostean jaso ohi dutena. Erne egoteko beharrik ez duten espazioa eskaintzen dio txoko honek. Gerra iluntzean geldituko balitz bezala. Eraikinaren bazterretik sartzen dira, bazterreko saihetsa baitira, bazterrekoak beti bazterreko direlako. Eurei, barriz, bost inporta zaie. Zokondo hori baita etxetik hurbilen dutena, etxetzat har litekeen bakarra. Eurak; egun batean gu izan ziren haiek. Ozen egiten dute berba. Txilioka, sarri. Kalearen alde batetik bestera oihukatzen dute. Hizpideak ez dira mugaren alde honetakotik asko aldentzen. Arazo existentzialistak ere ez. Hemen eta han txakurrak ortozik. Gauza berberek arduratzen dituzte gizonok.

  • Ansorena, J. Ignazio: “Una canción que es muy bonita y me sale muy bien”, in Argia (2005-X-23):

Euskalgintzan oraingoak neke garaiak direla esango nuke. Azken berrogei urteotan hainbeste lan egin da… Nekeak ez du batzuetan goizeko eguzkia ikusten uzten, edo eguerdiko epela gozatzen. Euskaraz dena da zailagoa… itxuraz. Beti gurditik tiraka, noizbait bertan jarrita nahi genuke. Autoz balitz hobeto. Erdaraz gainera bide zabalak dituzte, autopistak. Eta euskaraz astopistak.

Ez da egia hori, azaleko irudipena besterik ez. Han ere txakurrak ortozik. Etxe guztietan laratza beltz. Helburu txiki asko bete ditu euskalgintzak, baita horren txikiak ez direnak ere. Baina aldeko haizearen falta somatzen dugu. Inertzia gure alde jarri behar horretarako. Noiz iritsiko da sari berezi hori? Kamarotetik atera eta ontzia gozo eta aurrera ziur doala ikusi, itsasoa pozik zeharkatzen, belak haizez beteta.

  • Orzaiz, Ion: “Haur pobreziak aurpegi asko ditu, eta uste dugun baino hurbilago dago”, in Berria (2020-X-7):

– Ba al dago loturarik pobreziaren eta eskola porrotaren artean?

– Frogatua dago baietz: familiaren egoera prekarioak eragin handia du ikasketa prozesuan eta eskola porrotean. Gure ikerketen arabera, urtea amaitzerako, haurren pobrezia ia %32ra igo daiteke Espainian. Eta arazo larriena ez da unean uneko argazkia, oraingo gabeziek gazteengan eragin ditzaketen ondorioak baizik. Izan ere, haurtzaroan gertatzen diren fenomenoek bizitza osorako orbana uzten dute, eta gure beldurra da ehunka adingaberen kasuan zauri hori ez ote den gaindiezina izango.

-Euskal Herria ere, oasia bainoago, oihana da askorentzat…

Bazter guztietan zakurrak ortozik, eta, gure herria, tamalez, ez da salbuespena, baina arazoa ikusezina da. Haur pobrezia aipatzen den aldiro, guztiok irudikatzen ditugu gureak ez diren haurrak, gure bizimoduarekin zerikusirik ez duten tokietan edo muturreko egoeretan bizi direnak. Ideia horri esker justifikatzen ditugu gizarte desorekak: kanpotarrak dira, ez dira gizarteratu… Baina ebidentziak erakusten digu ezetz, hori ez dela errealitatea. Euskal Autonomia Erkidegoan, adibidez, badira familia ugari aurrera egin behar dutenak urtean 7.000 euro jasota, egoera oso prekarioan. Oso nabarmena da azken boladan fenomeno hori larriagotu egin dela, baina lehendik ere bazegoen halako kasuen poltsa bat gure herrian. Gure auzoetan, gure bizilagunen etxean ere gertatzen dira halakoak.

Iturriak

Elhuyar, Labayru, Bizkaiko Hitza, Argia, Berria

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.