Egilearen artxiboa: itzul

Oilo-ipurdi

Azalpena

Larruazala eta bertako ilea tente jartzea.

Aldaerak

Oilo-ikara

Oilo-larru

Pipiladura

Oilaragi

Photo by  Ben Moreland  on Unsplash

Beste hizkuntza batzuetan

gazt. Carne/piel de gallina

fr. Chair de poule

Testuinguruan

  • Arzallus, A.: Imanol Alguacilek orain jaso du 2019-2020 denboraldiko entrenatzaile onenaren saria, in OrioGuka:

Johan Cruyff Fundazioak konfinamendu garaian jakinarazi zuen oriotarrarentzat zela denboraldi hartako entrenatzaile onenaren saria, baina, pandemia tarteko, ezin izan zuten sari banaketa ekitaldirik egin. Azkenean, Alguacilek aste honetan jaso du garaikurra, hunkituta, oilo-ipurdi eta guzti, “hau entrenatzaile batentzat gauza handia delako”. Taldeari eskaini dio saria.

  • Jimenez, E.: Speed gauak, in Susa:

Atzetik begiratuz gero mutiltzat ere har zitekeen Elbira, sexu-ezaugarri mugaturik ezaren eremu zehaztezin eta aldi berean izukorrean kokatutako estatuen buru ederra bait zen neskarena. Bortizki deitzen zien nire eskuei buru txarto borobildu hark, laztan zezaten.

Ile apurrak kentzen hasi nintzaion, berak aurrerago erantzitako blusa astinduz hasieran, esku hutsez gero eta puzkada leunez azkenean, irakurri berria zidanari ezer ere gehitu gabe.

—I, i, i, putz egiten didaanean kilikili egiten didak.

Oilo-ipurdi bilakatu zitzaidan lepo inguruko lurraldea. Tenteagotuta zituen ditiburuak ere. Puzkadak bizkarrezurrean behera etor zitezen utzi zuen. Galtzarbeetan haginkatu nuen, ezker eta eskuin, garondotik ipurdirainoko bidean behera berriro jo baino lehen. Gerrialdera heldu nintzeneko zutitu egin zen.

  • Urola Kostako Hitza: “Egunkaria”-ko azpeitiar langile ohien testigantzak, in AzpeitiaGuka:

Urola Kostako Hitza-k eta Uztarria.com-ek Egunkaria-ko hainbat azpeitiar kazetari ohiren testigantzak jaso ditu. Hamabi ziren Egunkaria itxi zutenean, 2003an, azpeitiar langileak: Leire Aramendi, Jon Aranburu, Iban Arregi, Mikel Arregi, Mikel Azkune, Estitxu Elduaien, Oihana Elduaien, Enekoitz Esnaola, Eneko Etxeberria, Asier Legarda-Ereño, Xebaxtian Lizaso eta Kike Zurutuza. Hemen Iban Arregiren, Oihana Elduaienen, Mkel Arregiren, Enekoitz Esnaolaren, Estitxu Elduaienen eta Mikel Azkuneren testigantzak:

Iban Arregi: “Egun haiek gogorrak izan ziren, oso gogorrak; eta auziak oraindik ere eragiten dizu oilo ipurdi deskriba ezin hori. Baina sentsazio horiek alde batera utzita, konturatzen zara zeinen proiektu garrantzitsua zen Egunkaria, zeinen garrantzitsua den euskal komunikazio eremua herri honentzat, naziogintzarako. Horregatik jo zuten Egunkaria-ren kontra, beste hainbaten kontra jo zuten modu berean”.

  • Urola Kostako Hitza: Iritzia: GDF11 miragarria, in Guka:

Agian, denbora gutxi barru nik hemen fikzionatutako istorioa benetakoa bilakatuko da. Ez dakit, baina horrelako zerbait bururatu zitzaidan orain hiru bat aste aldizkari zientifiko horietako batean zientzialariek egindako azken aurkikuntza irakurri nuenean. Ba omen dugu GDF11 deitutako proteina bat odol transfusioetan ere gorputz batetik bestera igarotzen dena. Proteina horrek gure zelulen bizitza eta erritmoa markatzen omen du. Horrela, gazte baten odola helduago bati ematen diotenean, proteina horri esker bere zelulak gaztetu egiten omen dira. Etorkizunean, gehiago bizitzeko eta, agian, gaztetasunaren iturri moduan planteatzen zuten aurkikuntza. Oraindik ez dira hasi gizakietan probak egiten, baina pentsatze hutsak eta horrek eragin dezakeen trafikoa imajinatzeak oilo-ipurdi azala jartzen dit.

Iturriak

Elhuyar, Labayru, OrioGuka, Susa, AzpeitiaGuka, Guka

Zor zaharra, zor txarra

Azalpena

Aspaldiko zorrak edukiz gero, arazoak sortzen dira.

Aldaerak

Zor zahar, zor txar

Zor zaharra, izen txarra

Zor zaharra, kaka zaharra, beti usain txarra

Zorrak zor eta lorrak lor.

Beste hizkuntza batzuetan

gazt. No hay cosa más pesada que una deuda recordada

fr.  Il n’est de pire pauvreté que les dettes

Testuinguruan

  • Elustondo, Miel A.: «Ez daukagu kezkarik Euskal Herria bertsolaririk gabe gelditzeko, gu isilduagatik», in Berria:

—Zure garaian nahi beste sortu zirela bertsolariak, alegia.

—Eta gure ondorengo gizaldian ere oso ugari sortu ziren, eta ez daukagu kezkarik Euskal Herria bertsolaririk gabe gelditzeko, gu isilduagatik. Poz ematen zuen, eta poz ematen du, festa batera joan eta zortzi edo hamar bertsolari, eta denak sasoikoak… Gaixo egon nintzenean ikusi nuen. Ez zen falta izan niri zeinek lagundurik. Euskal Herri guztitik etorri zitzaidan jendea bisitatzera, eta, asko, lotsatzeko moduan, eskuak bete gauzarekin. Bizi nintzen arteko zorra banuen. Hildakoan denak ordaintzen omen dira, eta nik ere holaxe ordaindu beharko nituen.

—Bizi arteko zorra… «Zor zaharra, zor txarra» diote…

—Hala zen gure garaian eta hala izango da geroan ere… Eta orain nire berriketa hau bukatu egingo dut. Zer esaten ari naizen ere asko ez dakit, eta hobe izango da garaiz erretiratzea. Sermoi txarra ere, zenbat eta luzeago eta okerrago izan ohi da. Nire berriketa ere hala izango delakoan nago. Eskerrik asko niri laguntza egin zidaten guztiei, eta baita Euskal Herriko bertsolari guztiei ere. Nire alde bertsotan egin zuten gehienek, eta, behartu izan banintz, egin ez zutenek ere pozik egingo zutelakoan nengoen. Eskerrak Euskal Herri guztiari ere, eta nire berriketa hau hementxe bukatzen da.

  • Errazti, A,.: MENDIA. IBILBIDEAK. Getxo eta Plentziaren arteko kostaldea, in Berria:

Gaurko txangoa ez da bat-batean burura etorri zaidan ideia berritzailea. Zor zaharra, zor txarra diosku Gotzon Garatek bere Atsotitzak liburuan, eta gaurko kontua aspalditik kitatu behar nuen. Bilbao Alpinokoek 1952an egindakoa oinarritzat hartuta, 1986an Durangoko Alpino Tabira mendizale taldekoek Bizkaiko bira izango zena diseinatu zutenean, hainbat zalantza izan ziren nondik norakoak erabakitzeko orduan. Hori zela eta, 1990ean nire liburuaren izenburuari GR-123 eta aldakiak gehitu zitzaion, etapa batzuetan balizko ibilbide batzuk proposatzen genizkiolako irakurleari. Etapa bakarrean ez nuen papereratu buruan zebilkidan beste aukera bat: Getxo eta Plentziaren artekoan. Kostaldeko besteetan ez bezala, ibilbidea ez zihoan labarren aldamenetik, baina arrazoia logikoa zen: Munarriko landa, Santa Marina eta Ganeta tontorretatik igarotzea.

Egin berri dudan txangoak liluratuta utzi nauenez gero, mamu zaharrak uxatu behar direlakoan, zuenganatzea pentsatu dut, zeuek ere goza dezazuen kostaldeko bazter hauetaz. Gainera, abantailak baino ez ditu aipaturiko ibilbideak: oinez nahiz bizikletaz egin daiteke -Portuzar eta Sopelmarreko eskailerak albotik ekiditea duzue-; iturri ugari -hondartzetako aparkaleku guztietan-; ibiltari mota askori begira, bide erdia baino gehiago atonduta baitago; bertako landare eta animaliei buruzko informazioa irakurtzeko panelak; labar tente-tenteak, harresiak balira bezala; monumentuak ikusteko aukera -Bizkaia Zubia, E.Txurrukaren eskultura, Lezama-Legizamon jauregia, Algortako Portuzarra, Aixerrota eihera, Galea gotorlekua eta itsasargia-; tarteko udalerriak ezagutzea-Sopela eta Barrika- eta zelan ez, inguru honetako hondartza guztiak ere bai.

Iturriak

Labayru, Elhuyar, Berria, Berria

Tirriki-tarraka

Azalpena

Poliki eta zailtasunez ibiltzean.

Aldaerak

Ttirriki-ttarraka

Tirriko-tarrako

Ttirriko-ttarrako

Beste hizkuntza batzuetan

gazt. Despacio, lentamente, arrastrando los pies (al andar)

fr. Lentement, traîner les pieds.

Testuinguruan

  • Sarasua, A.: in X:

EibarOrg blog-komunitateak 20 urte bete ditu!

2004ko uztailean ipini genuen martxan Euskal Herriko lehenengo Blog komunitatea izan zena, EibarOrg blog-komunitatea.

Tirriki-tarraka, baina bizirik gaude oraindik, beste 20 urtez barrena! 😉

  • Egaña, A.: Aski da, in Berria:

Kolektiboaren indarrean sinesten du bertsolariak. Aspaldi hasi ginen geure alorraz geuk arduratu behar genuela eta autoantolaketari heltzen. Elkarte bat sortu genuen hutsetik. Bertsolari eta bertsozale bat eginda, lan profesional eta borondatezkoa nahasian, eta helburu nagusi bertsolaritzaren aitzineratzea. Joan dira hogeita bost urte luze eta asmatu dugu erakundeekiko harreman adeitsu bezain egoskorrari eusten; jakin dugu hedabideekiko harremana gatazkatsuen zen garaietan ere bizirauten; hedapenari adinako garrantzia ematen diogu transmisioari eta ikerkuntzari. Ari gara lanean. Eta ez hain juxtu 10/8 eta 7/6 neurriak maite ditugulako edo errimen frikiak garelako. Ari gara, sinesten dugulako euskal kulturgintza deritzan horrek osatzen duen ekosisteman leku bat badugula. Garairen batzuetan nabarmenagoak izango gara eta igual geuri tokatuko zaigu gurdiari tiraka jardutea. Eta besteetan flakialdiren bat izango dugu eta besteen babesean egin beharko dugu bidea.

Inbidia sortzen dugula? Ez nuke sinistu nahi. Baina eskura hainbat baliabide izan eta antolakuntzan asmatu ezinean dabiltzan erakundeek, behinik behin, jakin behar lukete badirela bestelako parte hartzailetza ereduak, tirriki-tarraka baina aurrera egiten dutenak.

  • Egaña, A.: Zelaian, in Berria:

Hobera egin dugula esango nuke, baina afirmazioak ez du inolako oinarri zientifikorik. Eta ez dakit, hobera egin dugun arren, behar adinako abiaduran egin dugun bidea. Dakidana da, erreferenteen hizkuntz gaitasunetan asko hobetu dugula. 80ko hamarraldiaren hasieran futbol-ligak irabazi zituzten bi euskal talde haietan baino askoz ere euskal hiztun gehiago dago oraingoetan. Tirriki-tarraka guztiekin, baina joan den berrogei urtean hezkuntzak lurzoru bat eskaini digu…

Kokildua gogoratzen dut nire burua Klubeko aldagelan lehen entrenamendu haietara irten aurretik. Handia zen 15-16 urterekin han egotea, baina hizkuntzaz aldatu beharra, gogorra. Lagun eta ikastolakidez eskas, euskaraz zekitela nekien haiengana hurbiltzen nintzen, neurez, babes bila. Ez lagunek bezain dotore, baina ikasi nuen nik ere garrantzitsuena: iraintzen, aurkaria mehatxatzen, epaileari protesta egiten, lagunak animatzen… gazteleraz.

Soziolinguistika Klusterrak eta EHUk gaiari heldu diote, euskara eskolatik kalera igarotzeko zubitzat kirola hartuta. Interesgarria iruditzen zait, sumatzen baita hortan datzala hizkuntza biziberritzearen gako nagusienetakoa. Lurzoruak, kalean bistatuko bada, derrigorrezkoa du zelaitik ere pasatzea.

  • Telleria Barrena, I.: Bai, irratia; NAIZ Irratia, in Behategia.eus:

Baga; etxeko epela, hotz-beroak kristala lausotu du eta transistorean belarrira hitz egiten dizun irratsaio horietako bat. Biga; gazte bat New Yorkeko metrotik irteten, FM hargailurik ez duen azken smartphone-a eskuan, bere gustuko podcasta abiarazten.

Irratiak, edo audiogintzak nahiago bada, garaira ondo egokitzen asmatu du. Irratiaren «krisiaz» aritzeko telebistaren sorrerara joan beharko ginateke, aro digitalera baino. Izan ere, paperaren krisi betean, Internetek ohiko telebista atzean uzteko bidea abiatu duenean, irratiak tirriki-tarraka bere bidea egiten jarraitzen du. Publizitate galerak dezente kolpatu duen arren, entzule kopuruan ez du beherakada nabarmenik izan eta kontsumo ohitura berrietara egokitzeko audio-eskaintza sortzeko gai izan da.

Iturriak

Elhuyar, Labayru, X, Berria, Berria, Behategia.eus

Diruak malkarrak zelaitzen ditu

Azalpena

Dirua edukiz gero zailtasunak ez dira hain neketsuak.

Aldaerak

Diruak malkarrak zelaitzen

Diruak ate guziak iriki

Diruak aldapa denak berdintzen ditu.

Photo by Pop & Zebra  in Unsplash

Beste hizkuntza batzuetan

gazt. Poderoso caballero es don Dinero

fr.  Qui a de l´argent, a des coquilles

en. Money is power

kat. Poderós cavaller, don Diner

gal.  Podente cabaleiro é don Diñeiro

Testuinguruan

Leku aldapatsua da malkarra; batez ere erosotasun gutxi edo batere ez duen lekuari deitzen zaio malkar. Lekuari dagokion esanahia luzatuz, zerbait bereziki zaila denean, oztopoz betea, malkarra dela esan ohi dugu: hizkera errazean hitz egin zuen, malkarrik gabekoan. Edota: bide malkarretan ibili behar baserri horretara iristeko. Horrelakoetan, adjektibo bilakatzen da, eta malkartsu du esanahia. Malkar-bideak bide aldapatsuak dira, erabiltzen zailak, eta malkarrez malkar edo malkarrik malkar ibiltzen da aldapaz aldapa dabilena. Diruak dena berdintzeko eta gainditzeko duen ahalmena aipatzeko esan ohi da: diruak malkarrak zelaitzen (ditu).

  • Enbeita, O.: Dirua, in Berria:

Loteria tokatu da gure ondoan, eta badago poza baino eman ez didan jendea. Badakit orain dirua ikusi duten batzuk gaizki pasatzen egon direla, edo pasatu izan dutela. Dirua, dirua baino ez da; baina poz txikiren bat ekarriko du. Loteriaren absurdoan ere, justizia dago batzuetan: etxea galtzeko zorian egon den norbaiti tokatzen zaionean, esaterako. Beste kasu batzuetan, bizitzak mukirik ez daukanari eman dio zapia. Dena dela, poza zabaldu da herrian, eta poza beti da lagun ona.

Lagun onak adina poztu dira banketxeak. Ez dira inoren lagunak, baina gehienon bizitzak kudeatzen dituzte; zuzenean ez bada zeharka. Zapatu arratsaldean Gernika-Lumoko sukurtsalak ireki egin zituzten. Ulertzen dut beharrezkotasuna, onartzen dut urgentzia, sinisten dut dezimoa lapurtuko ote zioten beldurrez zegoela jendea.

Baina banketxeak… arratsaldez astean behin eta gauza konkretuetarako baino irekitzen ez dutenak, erreziboen ordainketa goizeko lehen orduan bakarrik onartzen dutenak, dirua sartzearren kobratzen digutenak, ez dakit zenbat diru baino gehiago behar dugunean aurretiaz eskarazten digutenak… larunbat arratsaldez zabalik. Ustez, zerbitzua errazteko. Nola zioen esaera zaharrak? Diruak malkarrak zelaitzen.

  • Mugertza Unanue, J.L.: Oihanerako txartela, in Berria:

Lehenengo eguna bertako giroa ezagutzeko eta plana egiteko erabili badugu ere, informazio-bulegoan jasotako argibideek ez digute guk gauzatu nahi dugun txangorako aukera handirik eskaini: «Yanomamiak oso urruti daude! Hobeto inguruetan osteratxo bat egiten baduzue». Baina alperrik aritu dira geure helburua, ametsa, zoramena edota dena delakoari trabak ipintzen: erabakia hartuta dugu. Hiru eguneko epea ipini diogu geure buruari abentura gauzatzeko. Lehengo bi egunetan bertako askorekin berba egin eta gero, nahikoa etsita egon gara; denak dira trabak. Hirugarren egunean, oheratu aurretik, diruak leku malkarrak zelaitzen dituela oso nabarmen gelditu da. Ez dakigu nork esanda, baina Goyo izeneko mutilak eskaini du bere burua yanomamiak ikusteko: «Nahi baduzue San Carlos de Rio Negrora joango gara hegazkinez eta handik hiru bat egun txalupaz egin eta Coromotora joango gara; bertan yanomamiak daude». Tribuko nagusiaren semea ezagutzen omen du Goyok eta horrek lagunduko digu, antza, bertan kanpatzen. Dena den, plana oraindik airean dago, zeren eta eskatutako dirutza neurriz gainekoa iruditu zaigu biok bakarrik ordaintzeko. Jende gehiagoren beharretan gaude. 

  • Osa, E.: Moral bikoitza, in Deia:

Iraganean zein orainaldian, kirolaren eremua, eta futbola modu ezin adierazgarriagoan, sarritan erabili izan da erregimen totalitarioak eta diktadurarik ankerrenak homologatzeko eta (izan) duten irudia nolabait gozatzeko. Futbolaz ari garela, halaxe suertatu zen Mussolini italiar diktadorearen sasoian, 1934. urtean. Orduan ere futbola izan zen bidelagun. Bi urte geroago, naziek mendean hartutako Alemanian antolatu ziren joko olinpikoak, juduak masakratzen eta disidenteak akabatzen ari ziren bitartean. Videla argentinar diktadoreak futbola baliatu zuen 1978. urtean nazioartean beste irudi bat emateko, futbol partidak egiten ari ziren estadioen inguruko kuarteletan jendea torturatzen eta desagerrarazten ari ziren bitartean… Eta zenbat halako!

FIFAko presidentea diru bila abiatu da Qatarrera, ez dago bestela ulertzerik… Eta bidean geratu dira txapelketa jokatzen ari direneko zelaiak eraikitzen lagundu duten milaka migratzaile, inoiz ezagutuko ez ditugunak. Beste aldera begiratu da pairatu duten eta pairatzen ari diren miserien aurrean, are alderago emakumeek zein bestelako gizataldeek jasan eta jasaten ari direnak. Diruak malkarrak zelaitzen baititu mundu dohakabe honetan!

Iturriak

ZarautzGuka, Berria, Berria, Deia

Ximiko berri

Azalpena

Jantzi edo oinetako berri bat estreinatzen duenari, zimiko bat egitearekin batera, esaten zaiona.

Aldaerak

Zimiko berri

Photo by   Alexandra Gornon Unsplash

Beste hizkuntza batzuetan

gazt. ¡Que la(s)/lo(s) rompas con salud!

fr. Tu as cassé ta tirelire!

Testuinguruan

  • Lertxundi, A.: Ximiko berri, in Berria:

Atzo hamar balio zuenak gaur bost balio du, eta bizi gaitzala merkealdien pozak, kontsumoaren kontsumazioak, pagotxaren begitazioak. Arropak biluziak janzteko balio omen. Zenbat biluzi janzteko adina arropa ote daukagu gutariko bakoitzak armairuan? Edo zenbat biluzi dago nigan hainbeste arropa behar izateko?

Egungo arropak ez du gure pribilegiorik: ez da gastatzen, ez diogu zahartzarora iristeko betarik ematen.Aspertu orduko edo modatik pasatu dela pentsatu ahala, ez dugu berria erosi arteko onik izaten. Hala, arropa zaharrarekin batera, osasunarekin urratu espresioa baztertu dugu: arropa estreinatutakoan, jantzi berriaren iraupen (gutxienez) bera opatzen genuen/zitzaigun. Bitxia da: egun, esaldiak justu kontrakoa adierazi nahiko luke.

Ez ahal da, behintzat, Baztango ximiko berri ohitura zabalduko (arropa berria estreinatzen zuenari atximur egiten omen zioten): gorputz guztia ubeldura huts genuke…

  • Altzuri, N.: Bigarren zikloko ikasleek ikasgela berria estreinatu dute herriko eskolan?, in Erran.eus:

Guzira 59 ikaslerekin hasi da ikasturtea, horietatik 6 neska hiru urteko gelan

Zimiko berri!”… arro­pa berria, zapata berriak… estreinatzen dituenari erran eta zimiko ttiki bat egiten diogu. Ba, herri eskolak 100 urte bete dituen urte honetan, ikasturte berriarekin batera ikasgela berria du. Ikasle kopurua gora doa eta aitzineko ale batean aipa­tzen genuen bezala, eskola ttiki gelditzen ari zenez, udan lan batzuk egin dira. Orain, biga­rren zikloko ikasleek, gela argi eta polita estreinatu dute. Joan den irailaren 5ean eskolan hasi ziren eta denetara, 59 ikasle izanen dira ikasturte honetan.

Iturriak

Euskaltzaindiaren Hiztegia, Erran.eus, Berria

Zer berri? Zaharrak berri

Azalpena

Aldaketarik ez dela izan adierazteko erabiltzen da.

Aldaerak

Zar berri? Zaharrak berri

Zaharrak berri

Zaharrak barri

Zer berri? Zerritegian zerri

Zer da berri? Iaz hil zena eztela ageri.


Photo by Chris in Unsplash

Beste hizkuntza batzuetan

gazt. Nada nuevo bajo el sol; Sin novedad (en el frente)

fr. Rien de nouveau sous le soleil

kat. No (hi ha) res de nou sota el sol

gal.  Nada novo baixo o sol

Testuinguruan

Egun hauetan urte zaharrari agurra eta berriari ongi etorria eman diogu. Urtea hasterakoan datorren urterako norbanakoen proposamen ekaitza, baina 2023. urtean langileontzako zer berri? Zaharrak berri.

Patronalak diru-gosez jarraituko du eta langileok, pobretze prozesu iraunkor honetan, KPIari lotutako soldaten igoerak lortzeko irmoki borrokan jarraitu beharko dugu. Adinekoen egoitzetako eta kirol kudeaketako langileen atzetik beste asko etorriko direlakoan nago.

Pentsioetan murrizketa berrien zalaparta izango dugu berriz eta suposa dezakegu zerbitzu publikoen egoerak ez duela hobera egingo.

Langileak lanean, migranteak itsasoan, eta emakumeak gizonen eskuetan berriro erailak izango dira.

Argindarra, gasa eta elikagaien prezioak ez dira jeitsiko,  eta langileon prekarizazioa areagotuko da.

Finean, urte berri honetan kapitalak berea egiten jarraituko du eta, hortaz, kontsumoak eskaintzen digun norbanakoen sinplekeritan galdu beharrean, 2023 urteari benetako ongi etorria emateko, batu gaitezen langile guztiok eta kolektibiza ditzagun gu guztion borrokak. Hori izango baita eman diezaiokegun ongi etorririk beroena. Orain bai: Urte berri eta gorri on!

  • Apezetxe Murua, E.: Zaharrak berri, in Erran.eus:

Munduak lehen abisua pasatu digu eta gure esku dago gure ingurukoei, seme-alabei, ilobei edo bilobei zer etorkizun utzi nahi diegun erabakitzea. Albert Einstein zientzialariak bere esaldi famatuetako batean erraten zuen emaitza desberdinak lortu nahi badira, ez direla ekintza berberak errepikatu behar. Guk ordea, formula zaharrak aplikatzen segitzen dugu harri berean behin eta berriz tupust egiteko dugun ohiturari eutsiz. Normaltasun berri, zaharrak berri!

  • Txurdan: Zaharrak berri (Arrarasko berri), in Amezti:

Beste herriren bateko adiskide batekin topatzen bazara eta zer berri den bere herrian galdetzen badiozu, erantzuna ia seguru honako hau izanen dela:

—Zaharrak berri!

Bai, gehienetan hala izaten da, baina beste batzuetan kontua da zure adiskideari, hola, bat-batean, ez zaiola deus gogoratzen, besterik ez, berri franko izaten baita.

Lehengo egun batean Arrarasko bi adiskideekin egon nintzen, Iruñean batekin eta Arraratsen bestearekin, eta nire galdera berberari erantzun bera:

—Zaharrak berri!

Jakina, gero hizketan hasi eta poliki-poliki konturatu gara Arraratsen berri asko izan dela azken urte honetan.

Iturriak

Labayru, Euskaltzaindiaren Hiztegia, Elhuyar, Euskalerriairratia.eus, Erran.eus, Amezti

Norbait bere onetik atera

Azalpena

Norbait izorratzea, pazientzia galtzen duen arte.

Aldaerak

Norbait bere one(ta)tik atera/irten/ilki

Bere senetik atera

Tentutik atera

Photo by Yogendra Singh on Unsplash

Beste hizkuntza batzuetan

gazt. Sacar a alguien de sus casillas

fr. Mettre qqn hors de soi

Testuinguruan

  • Berria: Pablo Ibarrek aurre egin dio epaileari, eta bere kontra aritzea leporatu dio, in Berria:

Epaileak defentsa abokatuaren hainbat eskari baztertu izanak eta fiskalarenak onartu izanak bere onetik atera du Pablo Ibar. Aulkitik jaiki eta epaileari egotzi dio bere kontrako jarrera izatea. “Nire aurkako zure jarreraren beste adibide bat da hori. Haiek (fiskalek) eskatu, eta zuk eman”, zuzendu zaio.

— Jainkoarren! —esan nion, bira eginez—. Zer arraio nahi duzu orain, Staples? Ez da nahikoa egun osoa jo ta ke lanean ibiltzea. Zutik gelditu behar dut hemen gau zikin osoa zurekin hitz egiten.

— Aditu, Frank —bota zidan—. Nirekin haserre zaudela ematen du. Ba al dago kasu horretan… zera… Esan al dut zu asaldatzeko moduko gauzarik?

Asaldatu egiten ninduela esan nion. Nire onetik ateratzen ninduela. Berandu zen eta ez zidan joaten uzten; eta nik gauza bakarra egin nahi nuen, etxera joan, zapatak kendu, eta sabela bete.

  • Mendizabal, N.: Norberaren beharrak ezagutzea garrantzitsua da, in Guraso:

Amatasun eta aitatasunean murgiltzen garenean, eta batez ere seme alaben beharrei eta beraien erritmoa zaintzeari garrantzia eman nahi diogunean, sarritan lehentasuna seme-alabengan jarri ohi dugu, geure buruak ahaztuz. Gurasoak ere zainduak izango garen familia eta gizarte ereduak behar ditugu. Helduak ez bagara zaintzen eta gaindituta bagaude, zaintzaile kaxkarrak izango baikara. Hegazkinetako azafatek ematen diguten argibideak asko laguntzen didate hau azaltzeko adibide moduan: oxigeno aparatua erortzen bada, lehendabizi helduak jarri eta ondoren, haurrei ezarri.

Beraz, azterketa polita da behatzea nola zaintzen naizen ni neu. Zein leku uzten diet nire beharrei?Eman eta eman nago, nire premiak alde batera utziaz? Nire espazioa, niretzat pizgarri diren alorrei lekua eta lehentasuna ematen al diet? Baloratzen dut nire burua egiten dudan guztia eginda? Izan dudan intentzioa aitortzeko gai al naiz, nahiz eta beharbada pazientzia galdu dudan eta neure onetik atera naizen?

Marrazki bizidunak euskaraz ikusi ahal izango dira Nafarroan ere, ETB3ren bitartez, hemendik aurrera. Batzuentzat aukera dena besteentzat mehatxu bilakatu da lurralde historikoan, eta gure hizkuntzaren hedapenak, beste behin, bere onetik atera ditu gure herrialdeko elebakar euskarafoboak. Hala adierazi zuen Sergio Sayas UPN alderdiko diputatuak Espainiako Kongresuan: “Nafarroan ETB3 sartuta, reset egin nahi dute burmuinean”.

Iturriak

Labayru, Elhuyar, Berria, Armiarma, Guraso.eus, Maxixatzen

Kastatik kondea

Azalpena

Seme-alabek gurasoen edo senideen ezaugarriak eta jokabideak izan ohi dituzte.

Aldaerak

Kondea kastatik, aiena maldatik

Kastatik kondea eta zepatik matsa

Kastatik azariak buztana gorri

Nolako zura, halako ezpala.

Photo by Tolga Ulkanin Unsplash

Beste hizkuntza batzuetan

gazt. De casta le viene al galgo el ser rabilargo

fr. Bon chien chasse de race

en. What is bred in the bone will never come out of the flesh

gal.  De caste vénlle ao galgo ter o rabo “largo”

Testuinguruan

ZARRATEA: Arbelaiz’ek ez din lanik egiten gure erlijioaren alde. Jentil-arriko sua bera ere, zabarkeriz bertan bera utzia zegon. Arbelaiz ori, gezurti utsa den.

OLAZABAL: Kastatik kondea. Aita ere, bera bezin maltzurra ziñan.

Familiak, noski, aurrera egin du. Kastatik omen dator kondea, eta etxeko hiru seme-alabak ongi erakutsi dute gurasoen kutsua. Tabernan jaiotako Koldok eta txikitan taberna ezagutu ez zuen Xabik lehenik eta beranduago Maitenak ederki erakutsi dute gustuko dutela Añorga, gustuko dutela bertako saltsetan sartzea eta badutela gatz eta piper ederrik auzoari bizigiroa emateko.

Iturriak

Susa, Añorga 2011

Ezta hurrik eman ere

Azalpena

Ezta inondik ere.

Aldaerak

Ezta hurrik emon be(re)

Ezta hurbiltzeko(rik)

Ezta hurranik ere


Photo by Kyle Glenn on Unsplash

Beste hizkuntza batzuetan

gazt. Ni mucho menos

fr. Loin de là, tant s’en faut

Testuinguruan

  • Galarraga, A.: Ezta hurrik eman ere, in Berria:

Urriaren 21ean, Eusko Jaurlaritzarako bozak izan zirenean, gogoan dut TV3k albistegi berezi batekin bete zuela arrats-gaua. Eta orduantxe apuntatu nuen galdera, azaroaren 25eko boz hauek buruan, ea gauza bera egingo zuen ETBk hauteskunde katalanekin. Bada, konprobatu ahal izan genuen igandean: ez. Ezta hurrik eman ere. Arratseko albistegiak hauteskundeekin ireki zituzten, hori bai —atzeratuz hala ETAren agiria—, baina hortik aurrera ezer gutxi.

Errealitatearen marraz bestaldeko gizon inprobablea naiz. Ez du horrek esan nahi gizon aparta naizenik, edo inor ez bezalakoa, edo dozenan gutxi sartzen den horietakoa. Ezta hurrik eman ere. Aitzitik, arrunta naiz. Hala ere, ez dut ukatuko nire biografiaren zenbait pasarte ez direla oso arruntak. Ez zait gehiegi gustatzen horretaz mintzatzea; are, txarra naiz nire biografia kontatzen saiatzen naizenean. Fetxak nahasten ditut, jazoera garrantzizkoak —denek nik bezain ongi ezagutzen dituztelakoan— ahazten, detaileak ematen gakoa eman aitzin. Denoi gertatzen zaigula uste dut, gehiago edo gutxiago.

  • Izaga Gonzalez, X.: Afganistango emakumeek burkarik gabe daudela jasaten dute bortxarik handiena, in Naiz:

Burkak ikusmena eragozten du. Janzten duen emakumearena, jakina, baina baita Mendebaldetik begira dagoenarena ere. Iristen zaizkigun irudiek eta azalpenek janzkera horri lotuta ikusarazten digute Afganistango emakumeen bizimodua, haien arazorik larriena burka eraman beharra dela pentsarazten. Monica Bernabe kazetariak, ordea, Afganistanen eman duen denbora luzean ez du behin ere sumatu hango emakumeen artean burkagatiko kezkarik. Jantzi hori ezerosoa izan liteke, baina ez emakume afganiar batek jasaten duen errepresio handienaren eragilea, ezta hurrik eman ere. Monica Bernabek berak ere eraman izan du sarritan, bere burua babestuago sentitzeko.

  • Zalakain, J.M.: Ez da hau, in Zuzeu:

Esango nuke benetako arazo nazionala jokatzen ari zela uste ordez, Kataluniaren eta Espainiaren artean, askok, gure artean ere askotxok, batik bat ezker-eskuin arteko lehia ikusi dutela. Eta hori ere badagoen arren, aktore bakoitzak bere ideologia soziala daukan neurrian, muina nazio-eskubidean egon da, eta dago; zehazkiago esanda, oraingoan nazio katalanak bere etorkizuna libreki erabakitzeko askatasunean. Izan ere gu, euskaldunok, kasu honetan begira egon gara, interes handiz baina begira. Katalanek, hobeto esanda Juntsen inguruan dabilen jendeak, eta oro har mugimendu independentziazaleak, procés-ean parte hartu eta autonomismo gorrira pasa ez direnek bederen, beren askatasun nazionalean urrats erabakigarria, agian ez definitiboa, emateko unea zela uste izan dute; hori, eta ez beste ezer, izan dute gogoan. Nire datuen arabera, ez daude pozik (Puigdemont bera ere ez, jakina), ezta hurrik eman ere, akordioaren alde positiboak bilatzen saiatzen diren bitartean, jarraitzeko. Lluis Llach kantautore historikoaren abesti baten hitzek ongi erakusten dute mugimendu horren oraingo aldartea: «No és això, compayns, no és això, ens diran que ara cal esperar: i esperem, ben segur que esperem. És l’espera del que no ens aturem, fins que no calgui dir no és això. No és això pel que van morir tantes flors, pel que van morir tants anhels. Potser cal ser valents altre cop i dir no, amics meus, no ès això».

Iturriak

Elhuyar, Labayru, Berria, Susa, Naiz, Zuzeu

Mandoa hil eta errabia joan

Azalpena

Kalte egiten duena desagertuta, kalte gehiagorik ez.

Aldaerak

Hil da mandoa eta joan da errabia

Hil da mandoa eta aitu da errabia

Photo by Jared Rice in Unsplash

Beste hizkuntza batzuetan

gazt. Muerto el perro, se acabó la rabia

fr. Morte la bête, mort le venin

en. A dead dog bites not

gal.  Morto o can acabouse a rabia

Testuinguruan

  • Lopez de Luzuriaga, I.: Etxeko hautsak kanpoko hautsez…, in Berria:

Zaila da egungo Israel-Palestina gerrari hitzik jartzea, hain da izugarria eta neurrigabea. Zaila ere adjektibo emotiborik ez jartzea, hain da hunkigarri eta lazgarria. 2023ko Israel-Palestina gerra zena 2024koa da jada, eta urte berriak zaharrak berri ekarri ditu. Genozidioa aurrera doa, Benjamin Netanyahuk gutxienez beste sei hilabete jarri dizkio bere buruari euliak kainoi tiroka hiltzen jarraitzeko. Mandoa hil eta errabia joan. Helburuak bitartekoak justifikatzen.

  • Perez Esquivel, A.: Barack Obamarentzat, in Berria:

Haserrea eragin dit hainbaten jarrerak —AEBetako populazio sektore batzuek, Europako zenbait estatuburuk eta beste herrialde batzuetakoek agertutakoak—, aldeztu egin baitute Bin Ladenen erailketa, zure gobernuak zure oniritziarekin agindutakoa, ustez justiziaren izenean.

Ez zuten hura atxilo hartu eta epaitu izan nahi, eta horrek are zalantza handiagoa sortzen du; hura erailtzea zuten helburu.

Hildakoek ez baitute hitzik egiten, eta, justiziatuaren beldurrez —AEBei komeni ez zitzaizkien kontuak esan baitzitzakeen—, erailketa etorri zen, zera bermatzearren: «Hil da mandoa, eta ahitu da errabia»; kontuan izan gabe, ordea, hura areagotu baino ez dutela egin.

Iturriak

Berria, Berria