Egilearen artxiboa: itzul

Errementariaren etxean, zotza burduntzi

Azalpena

Espero daitekeen fundamentua ere falta denean.

Aldaerak

Etxea bete kaiku eta eltzera behia jezten

Zurginaren etxean eskailera zaharrak

Arotzaren etxean gerrena zurez

Zurginaren etxea zotzez, zotzez ere motzez

Arotzaren etxean otzarea aurki, errementariaren etxean zotza burduntzi

Photo by Jonny Gios on Unsplash

Beste hizkuntza batzuetan

gazt. En casa del herrero, cuchillo de palo; En casa del herrero, cuchara de palo

fr.  Les cordonniers sont toujours les plus mal chaussés;  Le chef de la famille donne le ton et tout le monde le suit

en. The shoemaker’s son always goes barefoot

kat. A casa del ferrer, ganivet de fusta

gal. Na casa do ferreiro, coitelo de pau

Testuinguruan

  • Berria: Lotsabako, in Berria (2018-VII-6):

– Noren lanak izan du eragina zugan?

– Diane Arbusenak, besteak beste.

– Nolako argazkiak egiten dituzu oporretan? 

– Bat ere ez. Errementariaren etxean, zotza burduntzi.

– Selfirik bai? 

– Erabat kontra nago.

  • Balsategi, Iñaki: Leioaren hedadura orekatua argazkietan, in Deia (2011-IV-8):

Baina Leioako PSE-EEk, gauden egoera aurreelektoralaz baliatuz, euren kritikarik zorrotzenak azaleratu dizkio liburuari, diruaren xahupen bat eman dela argudiatuz: nire uste apalean behintzat, ondo eginen lukete bere alderdi propioren akatsak ikusiko balituzte, horra hor, hurrenez hurren, bukatu berri den erosketa-txekeen kanpaina, 500.000 euroko kostearekin, edo orain dela 2 urteko hauteskunde autonomikoetan Patxi Lopez lehendakariak bere argazkia, marko eta guzti, bidali egin izana hainbat agenteri, horrek suposatu zuen gastuarekin… baina, badakizue, errementariaren etxean zotza burduntzi.

  • Soriano, Imanol: Kontuz! Magenta kolorea T-Mobile enpresarena da, edo kolonizatuen akademia, in Goiena (2007-XI-10):

Diseinuari buruz gutxitan idazten dut blogean. Errementariaren etxean, zotza burduntzi. Oraingoan koloreari eta eta copyrightari buruz idatziko dut. Sarreraren titularrean agertzen dena ez da txantxa bat.

  • Petxarroman, Iñaki: Euskara, zertarako?, in Berria (2016-IX-14):

Mediku ona izateko euskara ez dela behar entzun diegu hainbat aldiz Euskara askatasunean leloa airatu zuten buruzagi sozialistei. Mediku ona izateko gaztelania behar ote den ez da planteatuko, jakina, Espainiako Konstituzioak legez ezartzen baitu gaztelaniaz jakiteko derrigortasuna. Galde diezaietela, zenbaterainoko zorroztasunez, espainiar nazionalitatea lortzeko errementariaren etxean zotza burduntzi bezalako atsotitzen zentzua jakin behar duten immigranteei.

Orain, hautsak harrotu ditu berriro PSE-EEren beste bideo batek. Administrazioan sartzeko euskaraz jakiteko derrigortasuna ezabatuko duela agindu du Idoia Mendiak. Berdin dio zer dioten datuek, tematiak baitira. Alegia, Jaurlaritzan ari diren langileen ia erdiek oraindik ez dute postuari dagokion euskara gaitasunik bete.

Iturriak

Labayru, Berria, Deia, Goiena,  Berria 2

Hitz eta pitz

Azalpena

Hizketan denbora guztian, etengabe, isildu gabe.

Aldaerak

Hitz eta putz

Hitz eta mintz

Kalakan

Photo by Ilyass SEDDOUG on Unsplash

Beste hizkuntza batzuetan

gazt. Charlando, cotorreando, hablando por los codos

fr. En bavardant

Testuinguruan

  • Oarsoaldeko AEK: Oreretan hitz eta pitz ibili gara gaur goizean, in Habe aldizkaria (2016-XII-1):
ORERETAN HITZ ETA PITZ IBILI GARA GAUR GOIZEAN

Euskararen astea dela eta, Oreretan Mintzodromoa egin dugu:

  • Perez, Raul: Bagina, hitz eta pitz, in Gaztezulo (2011-I-7):

Bagina, hitz eta pitz

Bere bagina inoiz ikusi ez eta orgasmorik izan ez duen emakumearena, orgasmoak izateko tailer batera aurrenekoz doan emakume batena, Balkanetako gerran bortxatu zutenarena… Denera, 12 emakumeren istorioak antzezlan bihurtuta. Zertaz ari garen? “Baginaren monologoak” obraz. 

  • Arana, Aitor: Historia lazgarria, in Google Books, Txalaparta (2002):

Hamahiru urte nituenean, nire neba Imanol intxaurrondo batetik erorita hil zunan. Bikiak gintunan eta bizitza osoa neramanan berari obeditzen. Beti jolastu behar geninan berak nahi zuen hartan, eta beti joan behar berak aukeraturiko lekuetara. Kalakari hutsa zunan Imanol; beti hitz eta pitz. Bost axola zitzaionan hitzontzi, kontakatilu edo kalakari deitzen bazioten ere. Bera beti berriketan.

  • Galeano, Eduardo: Hitz ibiltariak, in Google Books, Txalaparta (2000):

Elkarrekin lan egin dezagun gonbidatzera etorri naiz beraren tailerrera. Nire proiektua azaldu diot: beraren irudiak, beraren grabatugintza, eta neure berbak. Isilik dago bera. Eta ni hitz eta pitz, azaltzen. Eta berak ezer ez.

Iturriak

Elhuyar, Labayru, Intza, Oarsoaldeko AEK, Gaztezulo, Google Books, Google Books 2

Arnastu eta putz egin, biak batera ezin

Azalpena

Elkarren aurkako gauzak batera egitea ezinezkoa denean.

Aldaerak

Arnasa hartu eta putz egin, biak batera ezin

Esnetsu eta zopatsu, ezin da

Zurrut eta purrut, era batera ezin

Ez daiteke berotu ta irikin

Arnasie artu eta putz eiñ, bixak batera ezin

Aubea mozkorturik ta zaragia osoan ezin lei

Jenteek nahi lükee ekia ta argizagia junta ditean

Photo by Martin Wyall on Unsplash

Beste hizkuntza batzuetan

gazt. No se puede chiflar y beber agua, Dormir y guardar las eras, no hay manera, No se puede estar en misa y repicando, Quien destaja, no baraja

fr. On ne peut pas boire et siffler à la fois, On ne peut pas être à la fois au four et au moulin, On ne peut sonner les cloches et aller à la procession, L’on ne peut courir ensemble et corner, On ne peut pas carillonner et aller à la procession

en. No man can sup and blow together

kat. Beure i xiular no pot ser, Bufar i xuclar no va a la par, Mai no podràs fer a un temps, beure, jeure i plegar fems, No es pot repicar i anar a la processó, No es pot ser a missa i repicar

gal. Soprar e sorber non se pode facer, Urdir e tecer non pode ser

Testuinguruan

  • Unai Fdz. De Betoño: in Twitter (2017-XI-13):

Gasteiz 11.000 etxe berrirekin birdentsifikatu eta, ondoren, Arabako landa-eremuaren hustuketa konpontzen saiatu. Arnasa hartu eta putz egin, biak batera ezin. #LurraldeAntolamendua

  • Beñat Hach Embarek Irizar: Arnasguneak Kartzelan, in Zuzeu (2010-X-1):

“Arnasa gara” kanpainak bi fase izango dituela adierazi dute sustatzaileek. Lehenengoan arnasguneen aitortza eta ahalduntzea bilatuko da, eta horren baitan kokatzen da, besteak beste, Kartzela. Kanpainaren bigarren fasean mezua Euskal Herriko gainerako herritarrentzat izango da. Abenduaren erdialdean serie digitala ikusgai egongo da, eta EiTBk zabalkunde horretan lagunduko du, arnasguneen gaineko mezua gune horietan bizi ez diren herritarrei helarazi asmoz.

Ekimen honek badu beste indargune adierazgarri bat. Euskal Herriaren zatiketaren ondorioz dauzkagun hiru administrazioak (Trebiñurekin lau) elkarlanean arituko dira: Eusko Jaurlaritza, Nafarroako Gobernua eta Euskararen Erakunde Publikoa. Euskaraldian ere halaxe aritu dira aipatutako instituzioak elkarlanean, eta begi bistakoa da zeinen emaitza onak eman dituen elkarri begira lan egiteak, elkarri bizkarra ematen Madrilera edo Parisera begira egon ordez.

Arnasa hartu eta putz egin, biak batera ezin”, dio atsotitz batek. Hori asmatu zuenak ez zituen albokariak ezagutzen; eta UEMA ere ez.

Iturriak

Twitter, Zuzeu

Atorran ezin kabitu (egon)

Azalpena

Norbait, jakin-minez, oso urduri dabilenean.

Beste hizkuntza batzuetan

gazt. Tener en ascuas, estar en ascuas

fr. Être sur des charbons ardents

Testuinguruan

Gaur egungo alkandora eta aurreagoko brusaren arteko jantziari deitzen zitzaion atorra, eta, orohar, alkandora baino luzeago izan ohi zen. Geroago, alkandoraren baliokide ere erabili izan da atorra hitza, baina beti izan du antigoaleko jantziaren kutsua. Garai batean alkandora edo atorra hutsik jende artean agertzea ez zen izaten ondo hezitakoaren itxura (batez ere meza, feria, edo gizarteko beste zenbait ospakizunetan). Atorrarekin bakarrik ibiltzeari, gaineko jaka edo janzkirik gabe ibiltzeari, deitzen zaio atorra-hutsik / atorra-hutsean / atorra-has ibiltzea, edo, beste era batera esanda, mahuka-hutsik ibiltzea. Norbait urduri dagoenean, ezin kabiturik dabilenean, zerbait esan edo egin beharrean, atorran ezin kabiturik dagoela esaten zaio, kontu izan, ordea, atorran ezin kabituz egon esamoldearen esanahia, zerbait esan nahiz ezinegonean egoteaz gain, oso gizena egotea ere badela: atorran ezin kabituz dago!

Iturriak

Intza, Zarauzko Hitza

Nire poza, putz

Azalpena

Ametsak edo espektatibak zapuzten direnean.

Aldaerak

Eguzkia uste eta harria egin

Larru bila joan eta larruturik etorri

Gure poza putzura

Gure poza putzura, amets zoroen modura

Photo by Thought Catalog on Unsplash

Beste hizkuntza batzuetan

gazt. Nuestro gozo en un pozo, todo mi gozo en un pozo

fr.  C’est raté!

gal. Meu gozo nun pozo

Testuinguruan

  • Landabaso, Goizalde: Chomsky, in Berria (2019-VI-18):

Zein pertsonaia ospetsu elkarrizketatu nahiko nukeen aurrez aurre galdetu zidaten behin. Nik Mario Benedetti idazlea erantzun nuen, burura etorri zitzaidan lehenengoa. Elkarrizketa egin zidanaren erantzunak erakutsi zituen muga hertsi eta ezintasunak tristatu ninduten: «Ezinezkoa da, ez da euskalduna». Urteak pasatu dira ordutik. Egun galdetuko balidate bestelakoa zatekeen erantzuna (Benedetti hilda dagoelako, batik bat), eta aukeren artean Noam Chomsky hizkuntzalari eta aktibista aipatuko nuke. Pertsona inteligenteak maite ditut. Beti pentsatzen dut eurak erantzun ditzaketela ditudan eta etengabe sortzen zaizkidan galderak. Kasualitatez jakin nuen ekainaren erdi aldera Noam Chomsky Bilbora zetorrela BBVA Fundazioak emandako sari bat jasotzera. Elkarrizketa eskatu nuen, eta zein izan zen nire sorpresa baiezkoa eman zutenean; alegia, Chomsky aurrez aurre izango nuela. Gutxiri kontatu nion, zirrara eutsi eta eutsi eman nituen egunak. Sineskeriatzat jo dezakezu, baina pentsatzen nuen esanez gero ametsa hauts bihur zitekeela. Bat agertu zitzaidan nire botilero izan nahian, baina esan nien apurretako batzuek ez zuten ezagutzen. Badakizu zer sentitzen den gauza erraldoi bat pasatu zaizula azaltzen duzunean eta besteek neurria ulertzen ez dutenean? Kazetaritzak eman diezazukeen gauzarik handiena da normalean eskuragarri ez dauden pertsona horiek ezagutzeko abagunea. Atzamarrak gurutzatuta esnatu izan naiz egunotan Chomsky-alerta azaltzearen beldur. «Ez dadila hil» erregutzen nion ezerezari; izan ere, 90 urterekin inoiz ez da jakiten noiz.

Atzo goizean elkarrizketatu behar nuen. Ostegunean, baina, ondoezik zegoela eta ez zela Europara etorriko ohartarazi ziguten. Sineskeriak, e! Nire erantzunek nork arrapostu ez dute izango. Orain nire tristuraren zuloa Stephen Hawking-en zulo beltzen pareko da, eta oraindik poza putz nago.

Handik bi urtera edo, berriz eduki nuen Iñaki ikasle, orduko hartan «Euskal Literatura» irakasgaian. «Hauxe da nirea», pentsatu nuen nire kolkorako. Poza putz. Lehen egunetik adierazi zidan (zertan galdu denbora) ez zuela inolako interesik literaturaren inguruan, eta ea zein zen gutxieneko lana egin behar zuena irakasgaia gainditzeko. Hor amaitu zen nire mendeku gosea, mendeku akademikoa, uler bedi.            

  • Mintegi, Migel A.: Bi abentura eta amodio bat, in Alai (2021):

–Hitz onak izan ditu zuganako, Pedro, mandazain buruak –esan zidan osabak, itzuli eta egun batzuk geroago-. Azkarra eta adoretsua omen zara. Beraz, amaitutzat emango dugu lehorreko trebakuntza.

–Orduan, datorren udaberrian zurekin emango nauzu? –galdetu nion, itxaropena piztuta niregan.

–Ez, oraindik ez –nire poza putzura joan zen–. Orain itsasoan trebatzeko garaia duzu.            

Iturriak

Berria, Traineru bete lagun

Burruntzalia sartu

Azalpena

Zeharo tronpatu, okertu, erratu.

Aldaerak

Hanka sartu

Beste hizkuntza batzuetan

gazt. Meter la pata

fr. Faire une bourde; Faire une gaffe; Mettre les pieds dans le plat

Testuinguruan

-Baina, nortaz ari haiz? –galdetu zion Iñakik, musturgoa nondik zetorren barrentatuz.

-Bidart edo Midart ikertzaile madarikatu horretaz… –erantzun zion mutilak, pixkat minduta; bere ahaidekoak beste eritzikoak izan zitezkeela, bat-batean otu zitzaion.

Hitzok ez ziren Itziarren gustokoak izan, noski. Lehengusuarengana makurtu, maitekiro besarkatu eta masailean pin-pin bi musutxo emanez esan zion:

-Gotzon, ez holakorik esan. Bidart… detektibe hori hain gaiztoa dela uste al duk?

Eta begira eta muturtxo gelditu zitzaion limosnatxo bat eskatzen bezala. Gotzonek kokorduta eta harrituta begiratu zion baina ez zuen ezer erantzun. Beste ertzetik Iñakik bere arrebari isil-zeinu egin zion burruntzalia sartu zuela adieraziz.

  • Mardaras, Arrate: Urteko 2. Ig B Mezako OHARPENAK, in Amunsa (2015-01-18):

LEHEN IRAKURGAIA Samuelen lehenengo liburutik (3,3b-10.19)

Gaurko lehen irakurgaia Samuel profetaren bokazioaz ari zaigu. Buru-belarri erantzun zion Samuelek deiari. Baina esan beharra da: Samuelek beste baten, Eli apaizaren, laguntza behar izan du Jainkoak nola jarduten duen ikasteko. Samuel mutikoak bi aldiz sumatu du Jainkoaren ahotsa bere bihotzean; baina ez dio antzeman Jainkoari. Azkenean, Eli apaizak esan behar izan dio nola jokatu: ahots hori berriro sumatzen baduzu, esan: Hitz egizu, Jauna, adi-adi duzu zeure zerbitzari hau. Halaxe egin du Samuelek. Halaxe antzeman dio Jainkoari.

Bada, ordea, kontuan hartu beharreko beste puntu bat ere. Eli apaizaren zaintzapean bizi da Samuel. Samueli egindako deian Eli apaizak ez du burruntzalia sartu nahi izan: bere bokazioari jarraitzen utzi dio Samueli. Gauza bera entzungo dugu ebanjelioan ere: Joan Bataiatzaileak pozik asko utzi die bere bi ikasleri Jesusi jarraitzen. Geure bizitzan, askotan ikusi ohi dugu gurasoek seme-alabei bokazioa jarraitzen ez uztea. Libra gaitzala Jaunak horrelakorik egitetik.

  • Thompson, Jim: Emakume demonioa, in Elkar (1994):

Hutsegite bat zela seguru nengoen. Beste norbaitekin nahasi ninduten, bai. Ez nuen beste azalpenik aurkitzen.

Kotxea atera nuen aparkalekutik. Muturrak hausten irten nintzen, eta laupabost etxadi urrutiratu arte ez nintzen nire senera etorri. Mantsoago gidatzeko moduan egon nintzen orduan.

Alferrik nenbilen halere. Nora demontre joango nintzen finantza etxe bateko kotxe batekin eta bizpahiru dolarrekin? Bazitekeen poliziak burruntzalia sartu izatea, eta bazitekeen Staplesek ni barkatzea erabaki izatea. Bata ala bestea, merezi zuen Staplesi ikustalditxo bat egitea. Zintzo jokatzen ari bazen, primeran. Eta bestela ere, primeran. Behinik behin dinbi-danba astinduko nuen espetxera itzuli baino lehen.

Iturriak

Elhuyar, Labayru, Google books, Amunsa, Armiarma

Nekeetan, irria ezpainetan

Azalpena

Ezustekoak edo une txarrak ezin ditugu aldatu, baina gure jarrera bai.

Photo by Lesly Juarez on Unsplash

Beste hizkuntza batzuetan

gazt. A mal tiempo, buena cara

fr.  Il faut faire contre mauvaise fortune bon cœur

en. What can’t be cured must be endured

kat. Al mal temps, fer-li bona cara

gal. A mal tempo, boa cara

Testuinguruan

  • Astileku: Asti Lekuko mendizaleek azken irteera kontatu digute, in Astileku.eus (2017-III-23):

Asti Lekuko Mendi Taldeko ikasle eta gurasoek Diputazioko Eskola Kiroleko irteera batean parte hartzen duten bakoitzean egiten dugun bezala, hona hemen eurek helarazitako kontaketa eta argazkiak, benetan eskertzen ditugunak:

“Aurreko igandean, martxoak 12, 314 metroko garaiera duen Kalamendi mendira joan ginen. Autobusak Berriatuan utzi gintuen eta zementuzko bide batetik igota berehala heldu ginen San Antolín baselizara. Handik aurrera, pinuen artean ibili ginen mendian gora eta ordu bat geroago gailurrean geunden. Zoritxarrez oso laino zerratua zegoen eta ezin izan genuen bertako bistez gozatu (Ondarru eta Kantauri itsasoa iparrean eta Berriatua eta Durangaldea hegoaldean).

Ea hurrengoan eguraldia lagun daukagun!”

Bestela, arazorik ez. Atsotitzak dioenez, Nekeetan irria ezpainetan!

Album poetikoa, eguneroko errealitateari beste modu batez begiratzen diona. Normalean, hodeiak eta euria tristeziarekin eta umore txarrarekin lotzen dira, baina, hemen, baikortasunerako eta fantasiarako ate dira: kalean nahasten diren koloretako euritakoak, hezetasuna ospatzen duten barraskiloak, berriz berdatzen diren arbolak… Kontakizun labur honen narratzailearentzat festa dira egun euritsuak: aitak autoz eramaten du eskolara, eta, putzuetan, plisti-plasta ibiltzen da eta alegiazko arrainak harrapatzen ditu. Oreka egokia dago testuaren eta irudien artean. Kontakizunaren lirismoak eta hitzak eta irudiak inguratzen dituen giro magikoak irakurleen enpatia eta bihotza pizten dituzte. Eta egun euritsuetako argi ahula izaten bada ere, egileak kolorez eta kontrastez bete nahi izan ditu liburu honetako orrialdeak. Liburuari poza dario, eta garbi dago gonbita: eguraldia txarrean eta nekeetan, irria ezpainetan.

Hartara, urtebete emanda, garai ona da hausnaketa txiki bat egiteko. Aitortu behar dut uste baino gogorrago ari zaidala egiten, batez ere dialisi-egunetan pattal eta makal egoten naizelako egun osoa, buruko minak jota anitzetan. Bestalde, urte luze honetan sendagile batekin baino gehiagorekin egokitu zait eta ikaspen bat atera dut argi: sendagileen iritziz, errugabetasun-presuntzioa ez dagokio sekula gaixoari, eta analisiek diotenari itsuki jarraitzen diotenez gero, zerbait ez bada atera beraiek aurreikusi bezala, “errua” gaixoarena da. Erlijio-similekin jarraiki, badakit “inor ez dela bekatutik libre jaio”, baina ez dut batere ongi eramaten sendagile batzuek duten jarrera jainkotiar hori, gaixoarengan “bekatuaren zama” uzteko joera alegia.

Kontu horiek gorabehera, hemen natza Japoniako Nikkisori loturik, bertze goiz batez, denbora nahi baino motelago pasatzen delarik… Eta esaera zaharrari helduko natzaio: “Nekeetan, irria ezpainetan“.

  • Ahizpa ospitalariak: Emoji dibertigarri batzuek protagonizatu dituzte 2021eko Aita Menni Inauteriak, in Aita Menni (2021-II-17):

Nekeetan, irria ezpainetan. Eta pandemian, musutxo dibertigarriak! Aita Menni Ospitalean aurre egin genion Covid-19ari, 2021eko Inauteriak merezi bezala ospatuz. Beti bezala, Inauterietako mozorroak egiten aritu gara, eta gune guztietan jantzi ditugu. Hori bai, segurtasun neurri guztiekin koronabirusari aurre egiteko.

Iturriak

Astileku, Casa del libroEzkabako talaiatik, Aita Menni  

Titare batean ito

Azalpena

Arrazoi handirik gabe larritu, estutu.

Aldaerak

Titarekada bat uretan ito

Baso bete uretan ito 

Titare bete uretan ito 

Putzu txikian ito 

Zazpi etxeko herrian galdu

Ur tanta batean ito

Hego haizerik gabe zoratu

Photo by Beth Macdonald on Unsplash

Beste hizkuntza batzuetan

gazt. Ahogarse en un vaso de agua

fr. Se noyer dans un verre d’eau

Testuinguruan

SCORPIO Urriaren 24etik Azaroaren 22ra

Etxean sartuta bizi zara aspaldian, itxitura batean bezala. Ez ote zara lizunduko gero? Komeni zaizu irtetea eta jendearekin egotea. Bestela problemarik txikienek ere buelo haundia hartzen dute eta azkenean burua gaztainak erretzeko danbolina bezala jartzen da, bero, tiro eta pun. Ez zaitez ito titare batean.

Beste aholku batzuk, aldiz, ongi etorriak izaten dira. Zure egoera beretik pasatu berri direnenak batik bat. Aholku praktikoak izaten dira gehienetan. Flotadore lana egiten dutenak baso bete uretan itotzeko zorian zaudenean.

Haiei esker ez nintzen ito, ama ona izateko aholkuen itsasoan.

Iturriak

Elhuyar, Labayru, Intza, Intza II, HABE, Ai, ama!   

Aditzaile onari hitz gutxi

Azalpena

Entzulea argia denean ez da azalpen handirik behar.

Aldaerak

Aditzaile onari hizketak urri

Aditzaile onari hitz gutxi

Ulertzaile onari, hitz gutxi

Zuhurrak hitz erdiz aditzen

Zuhurrak bi hitz aski

Photo by Kristina Flour on Unsplash

Beste hizkuntza batzuetan

gazt. A buen entendedor, pocas palabras bastan

fr. À bon entendeur, salut!

en. A word to the wise is enough

kat. A bon entenedor, poques paraules

gal.  A bo entendedor, poucas palabras bastan

Testuinguruan

  • Agirregabiria, Amaia: Punta-puntako e-azpiegiturak? Zertarako?, in Estibaus:

Asmo handiak azaldu ditu Donostiako Udaletxeak gure herria Teknologia Berrietara hurbiltzerako orduan. Hortxe dugu Altza-Larratxo deritzon Teknologia Berrien Zentrua, Altzako herritarrak IKTB-etara hurbiltzeko asmoa duena eta gerora, Donostia osorako herritar sare batentzat abiapuntua izango dena. Azpiegitura ziurtatuko omen du eraikin honek, baina nora konektatuko dira herritarrak? Ba al dago altzatzarrontzat eta Donostiako herritarrentzat sarean eduki interesgarririk?

“Konektagarritasuren” arazoa zuzentzeko “Konekta Zaitez” kanpaina izan genuen, erabiltzaile gehienentzat ekipoen berrikuntza bat suposatu zuelarik; ekipoak berritu bai baina konektatzen al dira guzti horiek sarera? Beharbada, eta instituzioek “konexioen zenbakiak” handitzea badute helburu, bide ezberdinak jorratu beharko lituzkete; interneteko zerbitzuak hornitzen dituzten enpresei konektagarritasun baldintza hobeak exijitu edo haiek finantzatu, hala nola benetazko tarifa lauak, ADSLaren zabalkuntza eta batez ere, sarea eduki erakargarriez hornitu. Ikusi besterik ez dago Donostiako Udaletxearen esku dauden webguneen kalitatea, erabilgarritasuna eta zerbitzuen eskaintza: www.donostia.org, www.edonostia.org eta www.partaidetza.org. Aditzaile onari, hitz gutxi.

Joan den urrian gazteleraz egin nuenaren antzera, eta zenbat buru hainbat aburu dagoela jabetuta, hona hemen aurkezpenen inguruko nire hausnarketa txikia atsotitzak baliatuta, besteak beste erabiliko ditugunek gure jarduna indartu dezaten eta ez daitezen ahulgune bilakatu. Testu laburra izanda, ez eska garirik zuharrari, baina bestetik aditzaile onari hitz gutxi nahiko zaizkionez, Pernandoren egiak kontatu gabe, baten bati erabilgarri suertatutako ahal zaio! Hala bedi.

  • Rodrigo, Mamen: Pirritx eta Porrotxen zale sutsuak izaten jarraitzen dugu, in Argia:

-Punk eta neskak, eskandalua noski.

-Eskandalua izan zen inori minik egiten ez zioten lau neska punken kontura halako kalapita sortzea. Hitz egiteko edo salatzeko besterik ez balego bezala…

-Ederra egin zenuten baina…

-Meritua ez zen osoki geurea izan, komunikabide eta parlamentari espainiarren laguntza izan genuen. Seko aspertuta behar zuten denek. 

-Eta punkak? Hiru akorde, abiadura eta aurrera!

-Finean neska normalak ginen, mundua eta, batez ere, musika ulertzeko modu ezberdina zutenak.

-83an Me gusta ser una zorra zen; 2003an Me gusta ser.

-Eta Me gusta izango da 2023an. Hitzekin ere, beste hainbat konturekin bezala, less is more printzipioa aplikatu behar da, edo beste hau: aditzaile onari hizketak urri.

Iturriak

Elhuyar, Labayru, Estibaus, Botxotik ziberespaziora, Argia

Bost axola izan

Azalpena

Berdin izan.

Aldaerak

Bost ardura izan

Bost inporta izan

Hankartetik pasatu

Zakila fresko utzi

Potorroa fresko utzi

Photo by Jared Rice on Unsplash

Beste hizkuntza batzuetan

gazt. Importar un comino un bledo, un pimiento; Me la suda, me la pela, me la bufa

fr. On s´en fout; On s´en fiche

Testuinguruan

-«Ero puntu bat dute», entzun diot kritiko bati zuen diskoari buruz. Talde ulertu gabea zaretela uste duzu, nola ikusten duzue zuen burua euskal musikaren panoraman?

-Beti izan dugu kutsu eroa edo ezberdina. Abestiak sortzerakoan ez dugu pentsatzen lan arraroa egin behar denik. Horrela ateratzen da. Beharbada, talde ulertu gabea gara, bai. Baina guri bost axola. Gustatzen zaiguna egiten dugu eta askatasun hori ordainezina da.

  • BM: Tania Llasera: bizitzari hozkaka, in BM:

-Berriki elkarrizketa batean adierazi duzu ezin zarela jende guztiaren gogoko izan, baina ondo daramazula hori. Gauza bera esango al zenukeen orain dela 20 urte?

-Ez. Nik neure burua ezagutzera eta maitatzera eraman nauen bidaia egin dut. Izan nuen lehenengo mutil-lagunak tratu txar psikologikoak eman zizkidan. Lur jota eta zokoratuta nengoen. Konbentzitzen zaituztenean ez zarela inor eta ez zarela argia, polita eta ez duzula ezer lortuko… Gogoratzen dut, izkina ilun hartan, nire buruari esan niola ez nuela inoiz gehiago onartuko inork horrelakorik berriz pasa araztea. Inoiz ere ez. Gizendu nintzenean eta jendeak eta komunikabideek bullyinga egiten zidatenean ere, neure buruari esan nion ez nindutela lur jota utziko. Ez dudalako nahi! Terapia asko ere egin dut, eta ohikoaz oso bestelako heziketa izan dut eta, tresna horiei esker, orain esan dezaket bost axola zaidala besteen iritzia. Jende guztiaren iritziak entzungo banitu, erotu egingo nintzateke; batez ere gaur egun, sare sozialekin.

  • Erredakzioa: Tramoan kronometroak zero markatzen duenean, gainontzekoak bost axola, zu zurera zoaz, in Kronika Urumea:

-Lasterketa aurretik, zer sentitu?

-Hasierako momentuak oso urduriak izan ohi dira, eta Iturbek adierazi du, hankak dardarka izaten dituela. Hasie­rako momentua gehi­ago gustatzen zaiola ere aipatu du, adrenalina gehiagoko uneak direlako nonbait. «Tramoan kronometroak zero markatzen  duenean, bazoaz, eta gainon­tzekoak bost axola, zu zurera zoaz». 

  • Zabarte, Gaizka: Zaharrak ez zuen hil nahi, in Susa:

Errazena Rubiorengana jotzea zen. Martinek berak esan ziezadakeen non bizi zen eta non harrapa nezakeen mezaren batetik irten ostean. Setienez, ordea, Galdakaon bizi zela baino ez zekien. Hala ere, neukan informazioa urria izan arren, barrenak esaten zidan hobe zela Setienekin hitz egitea aurrena. Etxetik irten gabe bizi denak, hala bazen behintzat, ez duenez aukera handirik mintzakide berriren bat izateko, izan dezake entzule berriren bat izateko gogoa. Ordurako ez baldin bazen bere baitara erabat bildu eta, ondorioz, kanpoko doinu txikiena hari bost axola. Topa nezakeen, topatzekotan, entzule arretatsuarekiko esker onez, luze hitz egin nahi zuena. Beste kontu bat litzateke bere buruaren egoera, memoria eta koherentzia barne.

Iturriak

Elhuyar, Labayru, Intza, Harluxet, El Diario Vasco, BM, Urumea, Susa