Azalpena
Aspaldiko zorrak edukiz gero, arazoak sortzen dira.
Aldaerak
Zor zahar, zor txar
Zor zaharra, izen txarra
Zor zaharra, kaka zaharra, beti usain txarra
Zorrak zor eta lorrak lor.

Beste hizkuntza batzuetan
gazt. No hay cosa más pesada que una deuda recordada
fr. Il n’est de pire pauvreté que les dettes
Testuinguruan
- Elustondo, Miel A.: «Ez daukagu kezkarik Euskal Herria bertsolaririk gabe gelditzeko, gu isilduagatik», in Berria:
—Zure garaian nahi beste sortu zirela bertsolariak, alegia.
—Eta gure ondorengo gizaldian ere oso ugari sortu ziren, eta ez daukagu kezkarik Euskal Herria bertsolaririk gabe gelditzeko, gu isilduagatik. Poz ematen zuen, eta poz ematen du, festa batera joan eta zortzi edo hamar bertsolari, eta denak sasoikoak… Gaixo egon nintzenean ikusi nuen. Ez zen falta izan niri zeinek lagundurik. Euskal Herri guztitik etorri zitzaidan jendea bisitatzera, eta, asko, lotsatzeko moduan, eskuak bete gauzarekin. Bizi nintzen arteko zorra banuen. Hildakoan denak ordaintzen omen dira, eta nik ere holaxe ordaindu beharko nituen.
—Bizi arteko zorra… «Zor zaharra, zor txarra» diote…
—Hala zen gure garaian eta hala izango da geroan ere… Eta orain nire berriketa hau bukatu egingo dut. Zer esaten ari naizen ere asko ez dakit, eta hobe izango da garaiz erretiratzea. Sermoi txarra ere, zenbat eta luzeago eta okerrago izan ohi da. Nire berriketa ere hala izango delakoan nago. Eskerrik asko niri laguntza egin zidaten guztiei, eta baita Euskal Herriko bertsolari guztiei ere. Nire alde bertsotan egin zuten gehienek, eta, behartu izan banintz, egin ez zutenek ere pozik egingo zutelakoan nengoen. Eskerrak Euskal Herri guztiari ere, eta nire berriketa hau hementxe bukatzen da.
- Errazti, A,.: MENDIA. IBILBIDEAK. Getxo eta Plentziaren arteko kostaldea, in Berria:
Gaurko txangoa ez da bat-batean burura etorri zaidan ideia berritzailea. Zor zaharra, zor txarra diosku Gotzon Garatek bere Atsotitzak liburuan, eta gaurko kontua aspalditik kitatu behar nuen. Bilbao Alpinokoek 1952an egindakoa oinarritzat hartuta, 1986an Durangoko Alpino Tabira mendizale taldekoek Bizkaiko bira izango zena diseinatu zutenean, hainbat zalantza izan ziren nondik norakoak erabakitzeko orduan. Hori zela eta, 1990ean nire liburuaren izenburuari GR-123 eta aldakiak gehitu zitzaion, etapa batzuetan balizko ibilbide batzuk proposatzen genizkiolako irakurleari. Etapa bakarrean ez nuen papereratu buruan zebilkidan beste aukera bat: Getxo eta Plentziaren artekoan. Kostaldeko besteetan ez bezala, ibilbidea ez zihoan labarren aldamenetik, baina arrazoia logikoa zen: Munarriko landa, Santa Marina eta Ganeta tontorretatik igarotzea.
Egin berri dudan txangoak liluratuta utzi nauenez gero, mamu zaharrak uxatu behar direlakoan, zuenganatzea pentsatu dut, zeuek ere goza dezazuen kostaldeko bazter hauetaz. Gainera, abantailak baino ez ditu aipaturiko ibilbideak: oinez nahiz bizikletaz egin daiteke -Portuzar eta Sopelmarreko eskailerak albotik ekiditea duzue-; iturri ugari -hondartzetako aparkaleku guztietan-; ibiltari mota askori begira, bide erdia baino gehiago atonduta baitago; bertako landare eta animaliei buruzko informazioa irakurtzeko panelak; labar tente-tenteak, harresiak balira bezala; monumentuak ikusteko aukera -Bizkaia Zubia, E.Txurrukaren eskultura, Lezama-Legizamon jauregia, Algortako Portuzarra, Aixerrota eihera, Galea gotorlekua eta itsasargia-; tarteko udalerriak ezagutzea-Sopela eta Barrika- eta zelan ez, inguru honetako hondartza guztiak ere bai.
Iturriak




