Burruntzalia sartu

Azalpena

Zeharo tronpatu, okertu, erratu.

Aldaerak

Hanka sartu

Beste hizkuntza batzuetan

gazt. Meter la pata

fr. Faire une bourde; Faire une gaffe; Mettre les pieds dans le plat

Testuinguruan

-Baina, nortaz ari haiz? –galdetu zion Iñakik, musturgoa nondik zetorren barrentatuz.

-Bidart edo Midart ikertzaile madarikatu horretaz… –erantzun zion mutilak, pixkat minduta; bere ahaidekoak beste eritzikoak izan zitezkeela, bat-batean otu zitzaion.

Hitzok ez ziren Itziarren gustokoak izan, noski. Lehengusuarengana makurtu, maitekiro besarkatu eta masailean pin-pin bi musutxo emanez esan zion:

-Gotzon, ez holakorik esan. Bidart… detektibe hori hain gaiztoa dela uste al duk?

Eta begira eta muturtxo gelditu zitzaion limosnatxo bat eskatzen bezala. Gotzonek kokorduta eta harrituta begiratu zion baina ez zuen ezer erantzun. Beste ertzetik Iñakik bere arrebari isil-zeinu egin zion burruntzalia sartu zuela adieraziz.

  • Mardaras, Arrate: Urteko 2. Ig B Mezako OHARPENAK, in Amunsa (2015-01-18):

LEHEN IRAKURGAIA Samuelen lehenengo liburutik (3,3b-10.19)

Gaurko lehen irakurgaia Samuel profetaren bokazioaz ari zaigu. Buru-belarri erantzun zion Samuelek deiari. Baina esan beharra da: Samuelek beste baten, Eli apaizaren, laguntza behar izan du Jainkoak nola jarduten duen ikasteko. Samuel mutikoak bi aldiz sumatu du Jainkoaren ahotsa bere bihotzean; baina ez dio antzeman Jainkoari. Azkenean, Eli apaizak esan behar izan dio nola jokatu: ahots hori berriro sumatzen baduzu, esan: Hitz egizu, Jauna, adi-adi duzu zeure zerbitzari hau. Halaxe egin du Samuelek. Halaxe antzeman dio Jainkoari.

Bada, ordea, kontuan hartu beharreko beste puntu bat ere. Eli apaizaren zaintzapean bizi da Samuel. Samueli egindako deian Eli apaizak ez du burruntzalia sartu nahi izan: bere bokazioari jarraitzen utzi dio Samueli. Gauza bera entzungo dugu ebanjelioan ere: Joan Bataiatzaileak pozik asko utzi die bere bi ikasleri Jesusi jarraitzen. Geure bizitzan, askotan ikusi ohi dugu gurasoek seme-alabei bokazioa jarraitzen ez uztea. Libra gaitzala Jaunak horrelakorik egitetik.

  • Thompson, Jim: Emakume demonioa, in Elkar (1994):

Hutsegite bat zela seguru nengoen. Beste norbaitekin nahasi ninduten, bai. Ez nuen beste azalpenik aurkitzen.

Kotxea atera nuen aparkalekutik. Muturrak hausten irten nintzen, eta laupabost etxadi urrutiratu arte ez nintzen nire senera etorri. Mantsoago gidatzeko moduan egon nintzen orduan.

Alferrik nenbilen halere. Nora demontre joango nintzen finantza etxe bateko kotxe batekin eta bizpahiru dolarrekin? Bazitekeen poliziak burruntzalia sartu izatea, eta bazitekeen Staplesek ni barkatzea erabaki izatea. Bata ala bestea, merezi zuen Staplesi ikustalditxo bat egitea. Zintzo jokatzen ari bazen, primeran. Eta bestela ere, primeran. Behinik behin dinbi-danba astinduko nuen espetxera itzuli baino lehen.

Iturriak

Elhuyar, Labayru, Google books, Amunsa, Armiarma

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.