Etiketaren artxiboa: ekintza

Ederra egin

Azalpena

Oker egin, asmoa hondatu.

Beste hizkuntza batzuetan

gazt. Hacerla buena, cometer algo disparatado

fr. Faire une saloperie

Testuinguruan

  • Eguskiza, Gaizka: Kerik ez, baina sua, bizi-bizirik, in Aikor aldizkaria (2011-I-25):

Marg­a, berriz, legearen kontra azaldu da. “Erretzailea naiz eta geuri ederra egin digute! Nire ustez, taberna mota bi egon beharko lirateke: batzuk, erretzaileentzat, eta besteak, erretzen ez dutenentzat. Erretzaileek erlaxatzeko eskubidea dugu. Legea oso erradikala iruditzen zait, oso zorrotza, diktadura batean egongo bagina bezala. Baina atsotitzak dioenez, “nekeetan, irria ezpainetan” eta orain umeekin sartu ahal zara tabernetan”.

  • Larretxi, Ruth: bizitzari hozkaka, in Alea (2013- V- 16):

Mehatxua egin digute. Administrazio zigorra eta 600 euroko isuna denda-kanpaia kentzen uzten ez baldin badiegu. “Bada, eraman dezatela!” erabaki dugu guztion artean. Baina bere ordez material sanitario ugari ekarriko dugu, besteak beste, esku-oheak. “Eta nola ez, baita Gabonetako zuhaitza ere!”, adierazi du lankide batek. Antza denez, txantxak ez du graziarik izan eta horregatik orain horrela gabiltza. Ederra egin dugu. Lau furgoneta kanpoan, telebistako kamera bat atea parean, eta polizia gehiegi geure inguruan. Zuzendaritzak Ertzaintza berriro deitu du zirko honekin amaitzeko. Nik txotxongilo batzuk balira moduan begiratzen ditut, bide batez beldurra ez sentitzeko. Motibatuenak oihuka jarraitzen dute; “Osasun Publikoa defenda dezagun!”. Ni neu isilik, tutik ere esan gabe, barne eztabaidan. Berriro ere hainbat pentsamendu burura datozkit. Herri harresiak, hauek bai ausartak!. Ez, bai, ez bai…deskuidu batean altxatu naiz eta hanka egin dut, indarrik ez egoera honi aurre egiteko. Beste batzuk han geratu dira, identifikatzeko prozesu tamalgarri horretan. Banoa, burua makurtuta. Banoa triste, haserre, urduri, deseroso, nolabaiteko itxaropenik gabe. Poliziak aginduak bakarrik betetzen dituela adierazten du. Oraingoan, ospitaleko zuzendarien agindua, besteetan Entzutegi Nazionalarena, hurrengo baten Urkulluren gobernuarena… Momentuz boterearen pilota non dagoen badakigu, baina noiz arte?

Iturriak

Labayru, Intza, Aikor, Alea

Bete-betean asmatu

Azalpena

Osoki, erabat, guztiz asmatu.

Aldaerak

Erdi-erditik igarri

Bete-betean igarri

Erdiz erdi jo

Photo by Vitolda Klein on Unsplash

Beste hizkuntza batzuetan

gazt. Dar en el clavo

fr. Mettre dans le mille

Testuinguruan

  • Manterola, Aitor: Bete-betean asmatu dut Araskira etortzen, in Berria (2020-X-10):

-Zergatik aukeratu zenuen Araskira etortzea?

-Erakarri egiten ninduen arlo askotan. Kluba oso lan ona ari da egiten urte askoan, eta egonkortuta dago. Zalantzazko egoera honetan, garrantzitsua da gauzak ondo egiten diren leku batean egotea, lasaitasuna emango dizun toki batean. Klubak ondo zaintzen gaitu guztiak; goraka doa ligan, eta jokalari multzoa eta haien jokatzeko modua asko gustatzen zaizkit. Haietako batzuk ezagunak ditut beste talde batzuetatik, Made [Urieta, entrenatzailea] ere ezagutzen dut Espainiako selekziotik. Hiria ere gustatzen zait. Banekien eroso eta pozik egongo nintzela, eta hala da. Bete-betean asmatu dut etortzen.

  • Irureta Azkune, Onintza: Estetikoki erakargarria da eta euskara gozagarri, bete-betean asmatu dute, in Argia:

-Zer da azpimarragarri saioan?

-Munduko esperientzia oso desberdinen berri emateak, beste tribuez aritzeak, alegia, guretik mundura eta mundutik gurera zabaltzeko ikuspegia lantzeko balio du, asmatu du ikuspegi globala ematearekin. Bestalde, ukitu europarra du saioak; ohiko kamera eta irudi estatikoetatik mugimendura salto egin dute. Estekikoki erakargarri izatea, eta euskara gozagarri egitea, hainbeste aipatzen diren garaiotan, bete-betean asmatu du.

Opari berezi bat egin nahi baduzu eta bete-betean asmatu, OPARITU SARRERAK!

  • Iturbe, Arantxa: Honetara ezkero, in Susa:

Nire gurasoak urduri jartzen ziren amatxi etortzekoa zen bakoitzean. Oso gutxitan etortzen zen. Medikutarako ordua goizean goiz zuenetan bakarrik. Amatxi, aitaren ama, urruti bizi baita. Urruti, herrira oinez jaitsi eta bata bestearen segidan autobusak eta, presa, ezina edo pereza izanez gero, taxia ezinbesteko duenarentzat. Autoan minututan konta liteke joan-etorria. Horregatik joaten zen aita haren bila eta etxera ekartzen bezperatik.

Etorkizuna irakurtzen du amatxik. Asmatu, zehaztu zuen behin amak, irakurri ez. Amatxik entzun eta arrazoi eman, horixe, asmatu egiten zuela. Bete-betean asmatu ere. Asmatuko ez balu, inor ez litzaiokeela hurbilduko.

Ama ez zitzaion hurbiltzen. Juxtukoa bakarrik. Kortesiazko muxu parea ematen zioten elkarri lehen. Amatxik burua apartatu zionetik ama ez zen gehiago saiatu. Aitak txikikeria hura noiz ahaztuko ote zuen galdetu zionean etorkizuna asmatzea beste baten gaitasuna zela gogorarazi zion amak.

Iturriak

Elhuyar, Labayru, AhotsakBerria, Argia, Gayarre antzokia, Susa