Ehunka irain euskaraz

BERRIA ikasgela / 2021-09-27

Okerra da euskaraz irainik ez dagoelako ustea. Topiko bat da; oso errotuta dagoen topiko bat, ordea. Euskarazko 140 irain bildu ditu BERRIAk, eta zerrendak izan lezake segida, nahi izanez gero. Irain horietako asko Irainka. Euskal irainen bilduma liburutik hartuak dira. Joseba Aurkenerena, Covadonga Garcia eta Jon Zelaia irakasleek idatzi zuten, eta 3.000 irain inguru jaso. 1999. urtean argitaratu zuten.

Saioa Alkaizaren agurra Nafarroako bertsolari onenaren txapela jaso duenean

EITB 2021-11-28 / 00:01:47

Eneko Fernandez, Eneko Lazkoz, Joanes Illarregi, Josu Sanjurjo, Julio Soto, Xabat Illarregi eta Xabier Silveirari gailendu zaie Anaitasuna kiroldegian jokatutako saioan.

Saioa Alkaizak irabazi du 2021eko Nafarroako Bertsolari Txapelketako finala, Iruñeko Anaitasuna kiroldegian jokatutako finalean, eta Estitxu Arozenaren eskuetatik jaso du txapela. Hain zuzen ere, Arozenarekin hasi zen bertsotan gazte iruindarra, eta hark txapela eskuratu eta 26 urtera hartu dio lekukoa.

Eneko Fernandez Maritxalar, Eneko Lazkoz Martinez, Joanes Illarregi Marzol, Josu Sanjurjo Altzuri, Julio Soto Ezkurdia, Xabat Illarregi Marzol eta Xabier Silveira Etxeberria bertsolariei gailendu zaie iruindar gaztea, finalean parte hartu duen lehenengo aldian.

Julio Soto buruz burukotik kanpo geratu da, kiniela guztiek iragartzen zutenaren aurka, eta Eneko Lazkoz sartu da Alkaizarekin batera.

Hauxe izan da Saioa Alkaizak txapela jasotakoan bota duen agurra eta bideoa:

Etorkinak al dira diru-laguntza publiko gehien jasotzen dituzten herritarrak?

FAKTORIA / 2021-11-05 / 00:18:06

Etorkin gehiegi daudela, beraien erruz soldatak jaisten ari direla, diru-laguntza publiko gehienak jasotzen dituztela, segurtasun arazoak eragiten dituztela edota euskara arriskuan jarri dutela. Etorkinen inguruko iritzi horiek jaso eta estatistikekin alderatu ditugu. Bat al datoz errealitatearekin?

Kalean bolo-bolo dabiltzan iritziak dira, Euskadi irratiko mikrofonoek jaso eta antenaratu dituztenak. Zenbat dute, ordea, egiatik? Datuek berresten al dituzte iritzi horiek? Ikuspegi migrazioaren behatokiko Arkaitz Fullaondo soziologoak eman dizkigu erantzunak.

“Nahiago dugu furgonetan bizi geure dirua alokairuan gastatzea baino”

Amarauna / 2021-04-25 / 00:10:19

audio_ikonoa

Furgonetan bizi da Iratxe Goikoetxea. Nomada da. Abuztuan bere lana eta gurasoen etxea utzi eta 6 metro karratuko etxe ibiltarian bizitzen hasi zen Déborah García bikotearekin batera.

Komuna lantoki du, lantokia egongela eta egongelako mahaia ohe. 6 metro karratuko furgoneta batean bizitzea zer den kontatu du Iratxe Goikoetxeak; baita nomada izatea zergatik erabaki zuen ere. Biarritzen topatu dute, hondartzan, berarekin batera abuztuan furgo-abentura abiatu zuen Déborah García bikotearekin batera. Biek ala biek nahiago dute furgonetan bizi diruarekin higiezinen merkatua elikatzea baino. Entzun zergatik.

Aita-semeak graffitigile

Faktoria / 2021-04-12 / 00:20:09

audio_ikonoa

Nextor Otaño 17 urteko pasaitarrak Espainiako graffiti txapelketa irabazi berri du. Aitarekin batera aritzen da marrazkiak egiten.

Inori esan gabe eman zuen izena Nextor Otaño ‘Nexgraff’-ek Graffiti Battle txapelketan, ez baitzuen espero hain urrun iristea. Hainbat fase gainditu ostean, finalean Diego As galiziarrarekin lehiatu zen. Dena den, ezusteko tekniko batzuk zirela medio, txapelketaren antolatzaileek erabaki zuten bi finalisten artean banatzea saria.

Aitor Otaño aitarekin batera egiten ditu graffitiak Nextorrek. ‘Nex’ sinadurapean, askotariko marrazkiak egin dituzte. Artista estatubatuarren graffitiak egin izan dituzte, baina baita euskal kulturako erreferente batzuenak ere; besteak beste, Maialen Lujanbioren, Mikel Laboaren eta Berri Txarrak taldearen erretratuak egin izan dituzte. @nexgraff Instagram kontuan jartzen dituzte ikusgai egindako lanak.

Buruz ikastea Hezkuntzan gainditu beharreko ohitura da?

Jin eta Joan / 2021-06-07 / 00:12:33

audio_ikonoa

Memoria lantzeari buruz eta horretarako dauden eredu zein joera ezberdinez aritu dira Jin eta Joan, Bilboko Miguel de Unamuno institutuko ataritik zuzenean.

Hezkuntza prozesuan informazioa buruz ikasi eta memoria lantzeari buruz galdetu diete: Joxe Amiama EHU-ko pedagogia irakasleari, Xabier Castrillo Iruñeko Mendigoiti ikastetxe publikoko irakasleari, Zigor Ibartzabal Ikastolen Elkarteko Hekzuntza arduradunari eta Juanjo Torres Barañaingo “Luis Morondo” Musika esolako zuzendari eta tronboi irakasleari. 

Harreman emozionala olagarroarekin, zergatik ez?

Faktoria / 2021-05-03 / 00:20:26

audio_ikonoa

Oscarra jaso duen “My Octopus Teacher” dokumentaleko protagonistari sentitzen erakutsi dio olagarroak. Terapia egiten laguntzen dio depresioak jotako gizonari. Olagarroaren adimena, txunditzekoa.

Xabier Lasaga, Donostiako aquarium-eko komunikazio arduraduna eta Borja Intza, Donostiako ospitale psikiatrikoko terapeuta okupazionala izan dira Faktorian.

My Octopus Teacher dokumental saritua eta olagarroaren ezaugarri harrigarriak aztertu dituzte.  Urte eta erdiko bizitza laburrean garatzen duen adimena nabarmendu dute biek. 500 milioi neurona ditu olagarroak eta misterio handia eragiten dute bere gaitasunek.