Jakiteak ez du ogirik jaten

Azalpena

Jakintzak ez du inoiz kalterik egiten.

Aldaerak

Jakiteak ez du deus galtzen

Jakitziak eztau ogirik eskatzen

Jakiteak ez dauka kalterik

Photo by  Wesual Clickin Unsplash

Beste hizkuntza batzuetan

gazt. El saber no ocupa lugar

fr.  On ne sait jamais trop

en. Knowledge is no burden

kat. El saber no ocupa lloc

gal.  O saber non ocupa lugar

Testuinguruan

  • Euskadiko Parke Teknologikoak: BCBLK BADAKI EUSKARA IKASTEAK GARUNA NOLA ALDATZEN DUEN, in Parke:

Jakiteak ez duela ogirik jaten esan ohi da, baina ezagutzari lekua egiteak burmuinaren egitura zein funtzionaltasuna alda ditzake. Hori dela eta, Basque Center on Cognition, Brain and Language (BCBL) zentroak ikerlan bat abiarazi du euskara bigarren hizkuntza gisa ikasteak neurona-sareetan duen eragina aztertu eta beste zientzia-arloetara estrapolatu litezkeen ondorioak ateratzeko xedez, hala nola, pertsona batek garun-lesioen aurrean izango lukeen bilakaera aurreikusten lagun lezaketen biomarkatzaileak identifikatzea.

  • Zubia Santillana: Urte berrirako helburuak III: zerbait berria ikastea, in Begiko:

Tutik ere ez dakienak… ez daki jakiteak ez duela ogirik jaten.

Esamoldeak alde batera utzita, argi dagoena zera da: bizitzan aurrera egiteko, ezagutza berriei besoak zabaldu behar zaizkiela. Ez dugu zertan munduko jakintza guztien zama gure gain hartu, baina jakinmina izateak bizitza areago gozatzeko bideak emango dizkizu. Jakinmina uten pertsonek etengabe gauza berriak ezagutzeko beharra izan ohi dute, beren buruei galderak egin ahala, jakin ditzakegun gauzak hazi eta hazi egiten direlako.

  • Beñat Aiartza: 12.34, in Aikor!:

Erlojuari begiratu diot gaur eta 12:34ak ziren. Askotan gertatzen zait hori, ordu hori ikustea alegia, eta ez da harritzekoa, egunean askotan begiratzen baitiot erlojuari. Baina gaurkoan nire zati mistikoak, guztiari zentzua bilatu behar horretan, ordu hori ikustearen arrazoia aurkitu nahi izan du. Google-en “12:34” tekleatu eta Lukas 12:34 agertu. Jesukristoren bizitza eguzkiaren zikloa azaltzeko ipuina besterik izan ez arren, zita ebanjelikoa polita iruditu zait. Zera zioen: “zuen altxorra dagoen lekuan, bertan egongo da zuen bihotza ere”. Errebelazio ebanjeliko horrek gogorarazi dit estudioa liburuz gainezka dudala eta nire altxorrak ito egiten nauela. “Jakiteak ez du ogirik jaten” diote askok, bada, niri bihotza jan dit. Berrogei bat kilo liburu atera dudanean eta apalak hutsik ikusi ditudanean soilik hasi naiz berriro arnasa lasai hartzen. Gauza asko jakin gabe hilko naizela konturatu naiz orduan: liburu asko irakurri gabe, teleberri asko ikusi gabe, whatsappeko txiste asko jakin gabe eta youtubeko bideo asko ikusi gabe. Eta bihotza lasaitu egin zait. Mirari ebanjelikoa, jaun andreok!

Iturriak

Labayru, Parke, Begiko, Aikor!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.