Oilo-ipurdi

Azalpena

Larruazala eta bertako ilea tente jartzea.

Aldaerak

Oilo-ikara

Oilo-larru

Pipiladura

Oilaragi

Photo by  Ben Moreland  on Unsplash

Beste hizkuntza batzuetan

gazt. Carne/piel de gallina

fr. Chair de poule

Testuinguruan

  • Arzallus, A.: Imanol Alguacilek orain jaso du 2019-2020 denboraldiko entrenatzaile onenaren saria, in OrioGuka:

Johan Cruyff Fundazioak konfinamendu garaian jakinarazi zuen oriotarrarentzat zela denboraldi hartako entrenatzaile onenaren saria, baina, pandemia tarteko, ezin izan zuten sari banaketa ekitaldirik egin. Azkenean, Alguacilek aste honetan jaso du garaikurra, hunkituta, oilo-ipurdi eta guzti, “hau entrenatzaile batentzat gauza handia delako”. Taldeari eskaini dio saria.

  • Jimenez, E.: Speed gauak, in Susa:

Atzetik begiratuz gero mutiltzat ere har zitekeen Elbira, sexu-ezaugarri mugaturik ezaren eremu zehaztezin eta aldi berean izukorrean kokatutako estatuen buru ederra bait zen neskarena. Bortizki deitzen zien nire eskuei buru txarto borobildu hark, laztan zezaten.

Ile apurrak kentzen hasi nintzaion, berak aurrerago erantzitako blusa astinduz hasieran, esku hutsez gero eta puzkada leunez azkenean, irakurri berria zidanari ezer ere gehitu gabe.

—I, i, i, putz egiten didaanean kilikili egiten didak.

Oilo-ipurdi bilakatu zitzaidan lepo inguruko lurraldea. Tenteagotuta zituen ditiburuak ere. Puzkadak bizkarrezurrean behera etor zitezen utzi zuen. Galtzarbeetan haginkatu nuen, ezker eta eskuin, garondotik ipurdirainoko bidean behera berriro jo baino lehen. Gerrialdera heldu nintzeneko zutitu egin zen.

  • Urola Kostako Hitza: “Egunkaria”-ko azpeitiar langile ohien testigantzak, in AzpeitiaGuka:

Urola Kostako Hitza-k eta Uztarria.com-ek Egunkaria-ko hainbat azpeitiar kazetari ohiren testigantzak jaso ditu. Hamabi ziren Egunkaria itxi zutenean, 2003an, azpeitiar langileak: Leire Aramendi, Jon Aranburu, Iban Arregi, Mikel Arregi, Mikel Azkune, Estitxu Elduaien, Oihana Elduaien, Enekoitz Esnaola, Eneko Etxeberria, Asier Legarda-Ereño, Xebaxtian Lizaso eta Kike Zurutuza. Hemen Iban Arregiren, Oihana Elduaienen, Mkel Arregiren, Enekoitz Esnaolaren, Estitxu Elduaienen eta Mikel Azkuneren testigantzak:

Iban Arregi: “Egun haiek gogorrak izan ziren, oso gogorrak; eta auziak oraindik ere eragiten dizu oilo ipurdi deskriba ezin hori. Baina sentsazio horiek alde batera utzita, konturatzen zara zeinen proiektu garrantzitsua zen Egunkaria, zeinen garrantzitsua den euskal komunikazio eremua herri honentzat, naziogintzarako. Horregatik jo zuten Egunkaria-ren kontra, beste hainbaten kontra jo zuten modu berean”.

  • Urola Kostako Hitza: Iritzia: GDF11 miragarria, in Guka:

Agian, denbora gutxi barru nik hemen fikzionatutako istorioa benetakoa bilakatuko da. Ez dakit, baina horrelako zerbait bururatu zitzaidan orain hiru bat aste aldizkari zientifiko horietako batean zientzialariek egindako azken aurkikuntza irakurri nuenean. Ba omen dugu GDF11 deitutako proteina bat odol transfusioetan ere gorputz batetik bestera igarotzen dena. Proteina horrek gure zelulen bizitza eta erritmoa markatzen omen du. Horrela, gazte baten odola helduago bati ematen diotenean, proteina horri esker bere zelulak gaztetu egiten omen dira. Etorkizunean, gehiago bizitzeko eta, agian, gaztetasunaren iturri moduan planteatzen zuten aurkikuntza. Oraindik ez dira hasi gizakietan probak egiten, baina pentsatze hutsak eta horrek eragin dezakeen trafikoa imajinatzeak oilo-ipurdi azala jartzen dit.

Iturriak

Elhuyar, Labayru, OrioGuka, Susa, AzpeitiaGuka, Guka

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.