Egilearen artxiboa: EIBZ

Kosta ahala kosta

Azalpena

Zerbait lortu nahian behar den bezainbeste ahaleginduko garela esateko erabiltzen da.

Beste hizkuntza batzuetan

gazt. cueste lo que cueste

fr. coûte que coûte

en. at all costs, not matter what

Testuinguruan

=> Gallego, Juanma: “Kosta ahal kosta, ‘eureka’ baten bila”, in Berria (2017-04-02) [https://www.berria.eus/paperekoa/1957/014/001/2017-04-02/kosta_ahala_kosta_eureka_baten_bila.htm; kontsulta-data: 2018-06-04]. 

«Procalcitonin to detect invasive bacterial infection in non-toxic-appearing in- fants [?]. Inpaktu indizea: 3,577. Kuartila: 1». Osakidetzako txosten batean agertutako aipamen bat da, baina edonon topa daitezke halakoak. Zientzialariek beren lana epaitzeko eta neurtzeko erabilitako zenbakiak dira horiek. Zenbakien bila, ikertzaileak saiatzen dira ospe handiena duten aldizkarietan argitaratzen, eta ahalik eta aipu gehien lortzen. Horren arabera neurtzen baita artikulu baten garrantzia zientziaren alorrean. Hain da handia presioa, ezagun egin da Publish or perish esaldia: publikatu edo hil.

Egindako lana ebaluatzeko sistema da hori, eta, beste baten faltan, beharrezkoa da egun. Baina ibilbide profesionalean aurrera egiteko zientzialariek behar dituzten nota horiek puntu ilun asko izan ditzakete. Besteak beste, zientzia artikulu ugari kosta ahala kosta ekoizteko beharra. Argitaratzeko presioa aspaldikoa da, baina azken urteotan bereziki «jasangaitza» bihurtu dela dio NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoko Kultura Zientifikoaren Unitateko arduradun Joaquin Sevillak.

=> Arregi, Juan Mari: “Kosta ahala kosta”, in Argia (2010-08-01) [http://www.argia.eus/argia-astekaria/2241/kosta-ahala-kosta; kontsulta-data: 2018-06-04].

Espainiako Gobernuak finantza eta ekonomia krisiaren aurrean duen jarreraz nahi dena esan liteke. Baina inork ezingo du esan krisiaren kontrako bere politikak “elektoralistak” direnik. Boterea galtzea ekar dakioke. Berak jadanik esan du: “Krisia gainditzeko erreformak eta neurriak aurrera eramango ditut kosta ahala kosta”.

=> Elustondo, Miel Anjel: “Biziraupena kontsigna guztien gainetik dago”, in Argia (2014-03-02) [http://www.argia.eus/argia-astekaria/2405/garbine-ubeda; kontsulta-data: 2018-06-04]

Aurkezpenean zuk esana: “Hobe da belauniko bizi, zutik hil baino”, Che Guevararen eta gainerakoen hitzak irauliz, alegia.

Esaldia irauli nuen, bai, eta apropos. Frontean, lubakian, txikizioaren erdian dagoen soldaduak ezinbestekoa du kontsigna heroikoa, harrapatuta dago, eta zentzua eman behar dio suntsiketari. Baina gerrak ere badu egunerokotasuna, historia liburuetan aipatzen ez den arren, badu babarrunak eltzetik atera behar hori, eta errutina horretan alderantzikatu egiten da kontsigna: biziraupena kontsigna guztien gainetik dago, bizitza da helburua, kosta ahala kosta aurrera egitea, horretarako egin beharrekoak oso heroikotzat joko ez diren arren, esate baterako belaunikatu. Bizitzarik gabe ez dagoelako ezer. Bizitza dagoen bitartean esperantza ere badelako. Eta ez da alferrikako esana: iraun, etorriko da-eta buelta.

Iturriak

Argia, Berria, Elhuyar hiztegiak, Intza proiektua

Adar iharrik gabeko arbolarik ez

Azalpena

Zerbaitek edo norbaitek akatsen bat izan dezakeela adierazteko erabiltzen da.

Testuinguruan

=> Olano, Joxerra in Ttiki-ttaka 25, (2015) 24-27  [http://errioxa.ikaeuskaltegiak.eus/fitxategiak/ckfinder/files/25_alea.pdf; kontsulta-data: 2018-05-09]. 

Arabako Errioxara etorri zinenean zer lortzea espero zenuen? Zer lortu da? Eta zerk huts egin du?

Eskualdean euskarak aurrera egitea, jendea euskalduntzea, euskal kultura zabaltzea, euskararen aldeko jarrera sendotzea, euskararen kontrakoa ahultzea, euskararen erabilera handitzea, inoren morroi ez den herri mugimendua osatzea, bertako instituzioak euskararen aldeko lanean inplikatzea… Aipatu ditudan guztiak lortu dituzue edo lortzen ari zarete, eta, egia esan, neure eskasean, jende askoren ahalegin horretan parte hartu izanak harrotasun puntu bat ematen dit.

Adar iharrik gabeko zuhaitzik ez dela dio esaera zaharrak, eta Arabako Errioxako euskalduntze prozesuak ere adar iharren bat izango du, jakina, gauzak hobeto egiterik izango genuen, noski. Dena dela, oro har, eredugarria iruditzen zait Arabako Errioxan egin den bidea, eta ez dut uste Euskal Herrian euskalduntze prozesu bizkorragorik izan denik beste inon, euskararen ezagutza zabaltzeari dagokionez. Horretan parte hartu duten guztiek, eta batez ere heldutan euskara ikasi duten guztiek, harro egoteko moduan daudela iruditzen zait.

=> Mendizabal, Jesus Mari: “Euskalduna, hitzekoa”, in Bai horixe, bizargorri bloga (2016-08-03).  [http://blogs.diariovasco.com/bai-horixe-bizargorri/2016/08/03/euskalduna-hitzekoa/; kontsulta-data: 2018-05-09]. 

Mendian ez omen da arbolarik adar iharrik ez duenik. Gisa berean, ez euskaldunik ere tatxa gaberik. Gaitz gaizto asko omen dugu euskaldunok, etxe barrutik zein auzo hurbiletik sarri aditzera ematen digutenez: gatazkatsuak, handinahikoak, harroputzak omen gara…; eta, batez ere, errebes bihurri kontra-esanekoak; aurkia eta infrentzua aldiro erakusten omen dugunak; hau da, sekula eta beti baina eta baina omen gabiltzanak. Ohitura zaharren zaleak gaude, baina…; Euskal Herrian euskaraz, baina…; lege moral garbien aldekoak gara, baina… Nonbait, herri arrunt zaharra garenez, ostrei gertatzen zaiena gertatzen zaigu guri ere, euskaldunoi: gaitz-tatxak oro, zer!?, eta perlak bilakatu zaizkigula, alajaina. Baina hori beste kontu bat da… Perla, gaur dakarkizudana.

Iturriak

Bai horixe, bizargorri bloga, Garate

Zalditik astora

Azalpena

Egoera txar batetik atera nahian, egoera okerrago batean sartzean erabiltzen da.

Baliokidea: sasitik berrora

Beste hizkuntza batzuetan

gazt. de mal en peor

fr. de mal en pis

en. from bad to worse

Testuinguruan

=> Mugertza, Juan Luis, “Umeak negarrez, esnerik ez”, in Berria, 2012.  

Sinetsi behar dugu surik gabe ez dagoela kerik, eta batasunik gabe ez dagoela indarrik. Lehengo astean greba eta manifestazioa izan genituen. Bakoitzak jakingo du zer egin zuen, eta zer egiteko prest dagoen, baina, ene ustez, ez da sasoia nor bere zilborrari begira bakarrik bizi izateko.

Ordua da kafe baten inguruan egindako gogoetei itxura emateko; ez da nahikoa mundua gaizki dagoela esatea, edota langileok zalditik astora goazela, baldin eta gero, nork bere astoari arre egiteko joera bultzatzen baldin badugu, neurri batean zein bestean, galtzaile izango baikara. Gure gotorlekutik irteteko sasoia da, eta kale gorriaren haizea arnasteko; horrek lagunduko digu egoeraren tamaina hobeto ulertzen, eta solidarioagoak egiten.

=> Murua Uria, Imanol, Palestina zaurituaSusa, 1998.

— Hiru urte badira Autonomia ezarri zenetik, eta egoera ez dela hobetu diote palestinar askok. Zalditik astora egin duzuela dioenik ere bada.

— Egoera txarra da, baina jendeak badaki zergatik. Israel bide guztiak ixten ari zaigu, okupazioaren garaia hobea zela sinestarazi nahi dio gure herriari, autonomia daukagunetik ahalik eta oztopo handienak jarriz. Baina satorra baino itsuagoa izan behar da, orain hiru urteko Gaza eta gaur egungoa alderatuta, aurrerapauso handiak eman ditugula ez jabetzeko.

Iturriak

BerriaElhuyar, Intza proiektua, Susa

Odol txarra egin / odol gaiztoa egin

Azalpena

Haserretu garela adierazteko erabiltzen da.

Unsplash

Beste hizkuntza batzuetan

gazt. hacerse mala sangre

fr. se faire du mauvais sang / se faire du muron

Testuinguruan

=> Mikel Peruarena Ansa, Su zelaiak, Susa (2014)

Jakin-mina handiagoa izaki. Berriro zabaldu dut papera. Ezin dut utzi irakurri gabe, tira egiten didala ematen du. «Neure buruaz lotsatzen naiz». Lotsatu egiten dela esateko idatzi badit, ederki gaude, pentsatu dut. «Umea nintzen orduan. Ez nekien zertan ari nintzen ere». Ez dut ulertzen zer egiten dudan hemen, odol txarra egiten gutun nazkagarri honekin. Estudiantea adarra jotzen ari zaidala iruditzen zait. «Emiliok leiho bat zabaldu zidan, eta liluratu egin nintzen erokeria harekin».

Erokeria? Ziri ederra sartu didate adiskide uste nituen horiek.

=> Ramon Saizarbitoria, Martutene, Erein, 2012. Egungo Testuen Corpusa (ETC)

Ironia, bide batez esanda, Pilarri hain nahasgarria gertatzen zaiona -so gertu ohi zaio, aztertzaile, txantxetan ala benetan ari den asmatu nahirik-, eta askotan odol gaiztoa egiten diona.

Iturriak

Elhuyar, Nola Erran, Susa, Egungo Testuen Corpusa

Mihirik gabeko joarea herdoilak jan

Azalpena

Zerbait lortu nahi bada, eskatu egin behar dela esateko erabiltzen da.
pixabay.com

Beste hizkuntza batzuetan

gazt. el que no llora, no mama

en. The squeaky wheel gets the grease

fr. Qui ne demande rien, n’a rien

cat. Qui no plora(,) no mama

gal. O que non chora non mama

Testuinguruan

=> Oier Araolaza, Titulorik gabeko dantza maisua, 2006/02/20 Dantzing bloga

Arte Eszenikoen alorreko zenbait agentek Eusko Jaurlaritzari Arte Eszenikoen Goi Mailako Eskola Ofiziala sortzeko eskaera egin diola eta ondokoa aipatu nuen ostiralean dantzan posta zerrendan:

Argi dagoena da hemen mugitzen ez denak ez duela ezer lortzen. Eta non gaude dantzariak? Geldi, gure etxera ate joka noiz etorriko diren zain. Baina isilik dagoenaren berririk ez du inork jakiten. Eta Malerrekan esan ohi duten bezala: mihi gabeko joarea, herdoilak jan.

Aritz-ek, azkar erantzun zion nire arrangurari eta saihestu ezin izan dudan amua jarri zidan:

Zer eskatu? nola eskatu? Zeinek eskatu? Erabateko ezjakintasunetik ari naiz.

Iturriak

Elhuyar, Garate, Cervantes

(Inor) mugitu orduko/mugitzerako asto arrak ume egin

Azalpena

Pertsona bat mugitzen ez denean erabili ohi da, alferra edo patxadatsua denean.

pixabay.com

Testuinguruan

=> Aristi, Pako (1985), KcappoDonostia: Erein. (48-49 or)

Kanpoan handitu, etxean txikitu, istorioa azkenik errealitatera hurbildu zen eta aita plausta etzan zen sabaira behatuz pentsakor. Aitonak atera zuen arrazoia, asto arrak umea egingo dik hi mugitzerako bota zion suhiari, eta bidaiako nekea kentzeko aurpegia busti ondoren kalera atera zen, apaizarekin hitz egin zuen, gero medikuarekin, Ernestorekin hurrena baserriraino igota eta Laura etxeratu zuen.

Iturriak

Intza proiektua, Nafarroako Euskararen Mediateka

Besteen akatsak ikusteko betaurreko beharrik ez

Azalpena

Norberaren akatsak ikusi ez eta besteen akatsei erreparatzen dienarengatik esan ohi da.

pixabay.com

Beste hizkuntza batzuetan

gazt. Vemos la paja en el ojo ajeno, y no la viga en el propio.

en. See the mote in your brother’s eye and not the rafter in your own.

fr. Nous voyons la paille dans l’œil du voisin, mais nous ne voyons pas la poutre dans le nôtre.

cat. Veure una palla en els ulls dels altres i no veure la/una biga en els seus.

gal. Vemos a palla no ollo doutro e non vemos a viga no noso.

Testuinguruan

=>    Eizmendi, Maider, Besteen trapuei begira, Gara (2010-03-30)

Besteen trapuei begira

Maila batean edo bestean, guztiok dugun akatsa da. Zaila da nork bere gabeziak eta egiten dituen hutsegiteak ikustea; parean daudenenak, ordea, nahi gabean, argi azaltzen zaizkigu begietara. Joera errotua da eta euskal atsotitzen zerrendan makina bat adibide topa ditza-kegu. Niri guztien artean bat gustatu zait: «Besteen akatsak ikusteko antiojo beharrik ez». Zuzena eta argia, azalpen beharrik gabekoa eta batek baino gehiagok beretzat hartu beharko lukeena.

Iturria

GaraGotzon Garate

Ate adina maratila eduki

Azalpena

Gauza guztientzako erantzun edo irtenbidea izatean esaten da.

Pixabay.com

Testuinguruan

=> Goenkale, Oilategiko kontuak, 205 atala, Sek.:4  Goenkale Corpusa

MARLON.- Tenple onekoa nauzu, umila, apala ez da ahula, kementsua baizik.

JULIAN.- Diru askorik ezin atera lanbide horrekin.

MARLON.- Gutxirekin nahikoa.

JULIAN.- Hirekin ez zagok problemarik, ate adina maratila daukak.

MARLON.- Baina argi jokatu nahi dut zurekin: ez daukat arrantzale izateko asmorik, lan honen premia daukat liburu bat idazteko, denboraldi baterako kontua, beraz.

JULAIN.- Eskertzen diat hire zintzotasuna. Hartzen bahaut aurki izango nauk txo baten bila berriz ere. (Hasperen) Tira, mutil jatorra ematen duk, astiro pentsatuko diat. (Jaikitzen)

=> Elustondo, Miel Anjel, “Troba zahar tradizionalaren oinordetzat daukat neure burua”, Argia (2015-03-29)

El conflicto de la lengua da interneteko bertsioan, baina El son de Abadiño izena eman diozu arestian. Kantu horretan ari zarela, zalantza egiten ote duzun irudi du pasarteren batean, baina ez da zalantza, inprobisazioa baino, ala?

Bai, bai, inprobisazio hutsa! Habanan grabatu nuen, hona etorri aurretik. Ez nuen larregiko astirik ere, eta horrelaxe atera zen. El son de Abadiño asko gustatu zaie abadiñoarrei. Kantuan ari nintzen eran, inprobisatzen ari nintzen. Ate adina maratila hor ere, ordea! Ni eginahalean inprobisatzen, eta musikariak berriz, nire kontra, entseatzen dugunak askotan ez duelako balio, eszenatokira irten eta aldatu egiten dudalako kantua, inprobisatu. “Izorra hadi!”, ezta? Askok inprobisatzen dute, entseatu ere egiten dugu, baina tragoa egin orduko, musa esnatzen zait eta orduantxe akabo!

Iturriak

Argia, Elhuyar, Intza, Goenkale Corpusa  

Hautsak harrotu

Azalpena

Isilean dagoen gai bat argitara atera eta eztabaida pizten denean erabiltzen da.

Pixabay.com

Testuinguruan

=> Urteaga, Joxemari, Ordaina zor nizun, Elkar, 2001. Ereduzko Prosa Gaur Egun

Hautsak harrotzen hasteak baino isiltzeak ondorio probetxugarriagoak ekarriko zituelakoan, estraperlokideen hitza egia bihurtu zen herrian, eta laster ahaztu zen Alustizakoarena.  

=> Iñurrieta, Iñaki, Ksukue tanden, Alberdania, 2004. Ereduzko Prosa Gaur Egun

Azkenean bakean utzi ninduten, ikusten zutelako nik bakean bizi nahi nuela, eta beraiei ere ez zitzaien komeni halako hautsik harrotzea

=> Barber, Kattalin, Hautsak harrotu ditu, Nafarroako hitza (2016-09-30)

Ez da lehen aldia Nafarroan beilatoki bat jartzeak herritarren gaitzespena jasotzen duena. 2014. urtean, Berako beilatokiaren aurka sinatu zuten 800 pertsonak, eta Iruñeko Txantrea auzoan eta Uharten ere gaiak hautsak harrotu ditu uda honetan.

Iturriak

Elhuyar, Ereduzko Prosa Gaur Egun, Nafarroako Hitza

Usoak joan, sareak heda

Azalpena

Berandu ematen den erantzuna edo irtenbideari erreferentzia egiteko erabiltzen da.

Baliokidea:           Erbia pasatu eta lazoa paratu

Pixabay.com

Beste hizkuntza batzuetan

gazt. A buenas horas mangas verdes.

en. It is too late to shut the stable-door after the horse has bolted

Testuinguruan

=> Murgoitio, Julen, Zentzumenik ez, sena ote? Gara (2011-06-26)

Hemen ere bada mihia dantzan izatea gustagarri duenik. Horra, kasuko, jelkideen azkena, eurek oposiziotik aginduko dutela Gipuzkoan Lakuan dagoeneko egin legez. Tira, legez, legez… ez dute legez agintzen. Ene! Gauza bat da esatea irudimena agintari! eta beste bat, oso bestelakoa, pentsatzea «agintaria naizela iruditzen zait». Eskumen-xortatxo bat, iraungitze-data luzez igarota (usoak pasa, sarea heda), hona ekarri izanari agintzea esatea larregi da, are gehiago eskumenak ekarrita ere eskuduntzak hantxe sustraituta segitzen duenean; legez. Dena dela, gobernatzea oposiziotik egiten bada, badakite zer egin behar duten hurrengo boto-orduan ere, oposizioa hartu eta segi aurrera.

Iturriak

Diccionario Multilingüe del Instituto CervantesElhuyar hiztegia, Gara,  Wordreference