Esaerak edo atsotitzak

Esaera zaharrak aholkuak emateko, konparatzeko, argudioak emateko, kritikatzeko, iritziak leuntzeko, irakasteko… erabiltzen dira. Askotan, metaforak izaten dira.

Garaian garaiko ikuspegia ematen dute; horregatik galtzen dute atsotitz batzuek gaurkotasuna, gizarte jakin bateko bizimoduarekin oso lotuta daudelako. Gizartea asko aldatu da (teknologia kontuetan, esaterako…) eta, berarekin batera, atsotitzen erabilera ere bai. Gazteen artean galtzen ari direla ematen du, gehiago erabiltzen dutela helduek, alegia.

Gotzon Garatek honelaxe definitzen ditu atsotitzak Hasier Etxeberriak egin zion elkarrizketan, ondoko galderari erantzunez:

–Ongi bereizten dituzu esapideak atsotitzetatik?

–Oso garbi. Atsotitzek beti filosofia dute azpian. Esapidea, ostera, sinonimo bat da, molde errazaren ordezkoa. “Zoaz hemendik” esan beharrean, sinonimo bat erabiltzen duzu, horren ezaguna ez dena, “Zoaz antzarrak ferratzera”. Esapide honetan eta besteetan ez dago filosofiarik. Esaldi xingleak dira.

Ostera, “Azeriak buztana luze, besteek horrela dutela uste”, esaldian pentsamendu mamitsu bat adierazten duzu: “Zu nolakoa zaren, besteak ere zure modukoak direla uste izango duzu”. Iritzi bat adierazten duzu.

Gotzon Garaterekin berbetan“, Jakin aldizkaria, 2006, 91. or.

Jabier Kaltzakorta ahozkotasunaren ikertzaileak honela dio:

Ahozko elementuak dira esaera zaharrak. Idazle batzuek ere baliatzen dituzte, ordea. Kixoten, esate baterako, Santxok trumilka botatzen ditu. Eta ikerlan asko daude gaztelaniaz, Santxok darabiltzan esaera zahar eta esapideen gainean. Esan nahi dut, ez bakarrik filosofia bat duten esaerak, esateko moduak ere badituela Santxok. Tradizioa galdu… El ladrón cree que todos son de su condición. Gutxi izango dira hori euskaraz nola esan dakitenak. Modu askotara esan izan da hori euskaraz. Besteak beste, “azeriak buztana luze, berak legez besteak uste”.

Miel Anjel Elustondok Jabier Kaltzakortari egindako elkarrizketa: “Idatzizkoa eta ahozkoa bi mundu guztiz ezberdinak dira“, Argia aldizkaria, 2014-11-16.

Hiztegietan

Esaera zahar (OEH)

Erranairu (OEH)

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.