Esamoldeak edo esapide idiomatikoak

Erregistro ez-formalerako ezinbestekoak ditugu esamoldeak, hizkuntzari bizitasuna emango badiogu; eta metaforak, konparazioak, ironia, hiperbolea… erabiltzen dira horiek sortzeko.

Inguruko hizkuntzen eragina handia denez, askotan erdal esamoldeek euskarazkoak ordezkatzen dituzte , gazteen artean bereziki, adierazkorragoak direla iritzita:

(…) Gure hizkera euskaran arrotzak izan diren egiturez betetzen ari gara, zuzenean hartzen baititugu hitzak, esamoldeak eta egitura osoak beste hizkuntza horietatik, batez ere gaztelaniatik.

Ez dut inolako dudarik idazle hoberenak ez direla horretan erori, eta hasieratik beren eredua segitu bazuten, horrek ez zien inolako kontraesanik sortu: azken batean, haien hitzak, haien esapideak, haien esamoldeak ziren euskara batu soziologiko horren mugak markatzen zituztenak.

Ez baita gero erraza gaur gaztelaniaz edo frantsesez egunero eta orduero erabiltzen ditugun esamoldeak, kontzeptuak eta informazio zabalak besterik gabe, bat-batean, euskaraz ematea (…).

Euskararen etxea, Pello Salaburu, Alberdania, 2002

Euskal esamoldeak erabiltzeko behar gorria

(…) Zein hobets euskara batuan, formula edo esamolde finkook euskalkietan forma desberdinak dituztelarik? Nola esan, irakats, itzul, erabil euskaraz gure gizarte hiritartuan funtzio pragmatikodun formulak (agurrak, telefono-hizketakoak, aireportu edo hegaldikoak, etab.), gure kultura ondarea kontuan hartuta, hitzez hitz ezin baitira itzuli? Gaitz erdi badaezpadako euskaran behintzat esango bagenitu, erdaratik hitzez hitz hartuta ere. Tamalez egun lokuzio, esaera, formula, esaldi hasierako makulu eta abarretan erdarazkoak esaten eta entzuten ditugu, euskaraz ari garela: (Dar) Una de cal y otra de arena, A caballo, Hori izango litzake la guinda, Al enemigo ni el agua, Animo!, Benga! (elkarrizketa bukatzerakoan edota solaskideak esandakoa onesten dela adieraziz), Alo!, BuaLa! (fr. voilà), Es que … , Lo que pasa es que … (k-z idatzi behar ote ditugu?). Lotsaz batzuetan, «erderaz esaten dana» edo holakoren bat besalagun hartuta.

     Egia da gu baino zaharragoen ahotan ere entzuten genituela, ditugula, horietako batzuk: Ondo ibili! esaleari Igualmente erantzuten, edo Muy bien (onespen, elkarrizketaren amaiera edo ez eteteko seinale gisa), edo Arrea!, Kuida(do) gero! etab. Guk haur denboran Como hay Dios! ezagutu dugu (zerbait egia dela zin egiteko juramentu bortitza, berba txartzat hartua), zaharren ahotan Jaungoikorako entzun zitekeen artean. Ordea, euskara nagusi zen gizartean erdaratikoek betetzen zuten funtzioa eta egun, erdara gehiago baina euskara kaxkarragoa darabilgun garaiotakoa (barra-barra baitabiltza politikari, kirolari ospetsu, kazetari nahiz unibertsitateko irakasleen ahotan, euskaraz ikasitako gazteenetan ez aipatzearren) ez da konparatzekoa. Hain nabarmena da arlo honetan auzo erdaren aberastasuna eta gure errumeskeria; gure tradiziokoak ez ezagutzeagatik maiz (…).

Hizketa formula ohikoak, Xabier Altzibar, ASJU Geh 44, 2002, 53-71 orr.

Esamoldeen ezaugarriak

Ikuspegi gramatikalaren arabera:

– Ez dute aldaketa gramatikalik izan hitzen ordenari dagokionez.

– Ezin dute ez osagairik gehitu ez kendu.

– Ez dute eratorpenik onartzen.

Ikuspegi lexikoaren arabera:

– Ezin da hitzik ordezkatu beste sinonimo batez.

– Ezin dira beren izenondoak graduatu.

– Batzuetan osagaietako bat trukagarria izan daiteke (barrez ito/ lehertu / eztanda egin = barre handiak egin).

Iturriak

Iratxe Goikoetxea Langarika, Zidor semantikoak hizkera kolokialean I, II, III, erabili.com, 2004.

Alicia de la Peña Portero, “Propuesta metodológica para enseñar expresiones idiomáticas”, RedELE, BIBLIOTECA 2005, NÚMERO 3. PRIMER SEMESTRE 2005.

 

 

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.