Etiketaren artxiboa: sentimenduak

Txerri goseak ezkurra amets

Azalpena

Zerbaiten gabezia dugunean, besterik ez dugu buruan.

Aldaerak

Txerri goseak ezkurrak amets

Zerri goseak ezkurra amets

Zerri aulak ezkurra amets

Urde goseak ezkur(ra) amets

Txakur goseak ogia amets

Itsuak ikusgura, herrenak ibilgura, gorrak entzungura

Beste hizkuntza batzuetan

gazt. Quien hambre tiene, con pan sueña

fr. On prend souvent ses désirs pour des réalités

en. A hungry man smells meat afar

kat. Qui té fam(,) somia truites

gal.  Soñaba o cego que vía e soñaba o que quería

Testuinguruan

Txerri goseak ezkurra amets, dio esaera zaharrak eta txerriak laster jango du kilo bat ezkur, asetzeko hamar beharko baditu ere. Nafarroako euskalgintza gosez amorratua dago oso aspaldi, bestelako politiken zain, eta hauek bestelako aurrekontuak ekarriko zituztelakoan. Usteak erdi ustel, ordea. Nafarroako Gobernuak 2,1 milioi euroko aurrekontua bideratu zuen Euskarabidera 2015ean eta aurten 4 milioi euro.

  • Bizkaiko Hitza: Urtaroari eusteko bizigaiak, in Bizkaiko Hitza (2015-XI-20):

Txerria gizentzeak ere ez du buruko min handirik eragin baserrietan, etxeko zabor eta baratzeko hondakinekin elikatu baitituzte ia beti. Eta horrekin konformatu da txerria, jateko ezeri muzin egin gabe. Baina nahiagoko luke, kortan baino, basoetako ezkurrak lurretik jaten ibili. Esaera zaharrak dioenez, “txerri goseak ezkurra amets”.

  • Argia: Kataluniako estatutua: izango da erdibiderik (Bero-beroan), in Argia (2005-XI-13):

Hasi da negoziaketa garaia, orain ikusiko dugu katalanen itunerako joera ezagun eta trebea noraino iristen den. Denek irentsia dute ur dezente gehiago botako zaiola Kataluniako Legebiltzarrak mahairatutako ardoari. Zenbat ur, ordea? Zaila da irudikatzen katalanak Estatutua erretiratzen ikustea, Zapaterok jokaldi txarregia egin beharko luke horretarako, eta orain arte behintzat ez du jokalari txarra denik erakutsi. Baina Katalunia-Espainiako partiduaz gain, Katalanen artean ere gauza asko daude jokoan eta negoziazioaren langa gorago edo beherago jartzeko eragin egingo dute. Esate baterako: PSOEko sektore batzuek CiUri egiten dizkioten adiskidetasun keinuak, eta jakina, txerri goseak ezkurra amets; edo ERC baino abertzaleago agertzeko CiUk egin dezakeen kanpaina… Zaila da irudikatzen Zapatero noraino iritsi daitekeen, orain arte honek gehientsuenetan azken orduan erakutsi baitu bere erabakia nondik nora joango den. Baina erdibiderik izango da, alde biei komeni zaie.

Iturriak

Labayru, Euskalerria Irratia, Bizkaiko Hitza, Argia

Atorran ezin kabitu (egon)

Azalpena

Norbait, jakin-minez, oso urduri dabilenean.

Beste hizkuntza batzuetan

gazt. Tener en ascuas, estar en ascuas

fr. Être sur des charbons ardents

Testuinguruan

Gaur egungo alkandora eta aurreagoko brusaren arteko jantziari deitzen zitzaion atorra, eta, orohar, alkandora baino luzeago izan ohi zen. Geroago, alkandoraren baliokide ere erabili izan da atorra hitza, baina beti izan du antigoaleko jantziaren kutsua. Garai batean alkandora edo atorra hutsik jende artean agertzea ez zen izaten ondo hezitakoaren itxura (batez ere meza, feria, edo gizarteko beste zenbait ospakizunetan). Atorrarekin bakarrik ibiltzeari, gaineko jaka edo janzkirik gabe ibiltzeari, deitzen zaio atorra-hutsik / atorra-hutsean / atorra-has ibiltzea, edo, beste era batera esanda, mahuka-hutsik ibiltzea. Norbait urduri dagoenean, ezin kabiturik dabilenean, zerbait esan edo egin beharrean, atorran ezin kabiturik dagoela esaten zaio, kontu izan, ordea, atorran ezin kabituz egon esamoldearen esanahia, zerbait esan nahiz ezinegonean egoteaz gain, oso gizena egotea ere badela: atorran ezin kabituz dago!

Iturriak

Intza, Zarauzko Hitza

Nire poza, putz

Azalpena

Ametsak edo espektatibak zapuzten direnean.

Aldaerak

Eguzkia uste eta harria egin

Larru bila joan eta larruturik etorri

Gure poza putzura

Gure poza putzura, amets zoroen modura

Photo by Thought Catalog on Unsplash

Beste hizkuntza batzuetan

gazt. Nuestro gozo en un pozo, todo mi gozo en un pozo

fr.  C’est raté!

gal. Meu gozo nun pozo

Testuinguruan

  • Landabaso, Goizalde: Chomsky, in Berria (2019-VI-18):

Zein pertsonaia ospetsu elkarrizketatu nahiko nukeen aurrez aurre galdetu zidaten behin. Nik Mario Benedetti idazlea erantzun nuen, burura etorri zitzaidan lehenengoa. Elkarrizketa egin zidanaren erantzunak erakutsi zituen muga hertsi eta ezintasunak tristatu ninduten: «Ezinezkoa da, ez da euskalduna». Urteak pasatu dira ordutik. Egun galdetuko balidate bestelakoa zatekeen erantzuna (Benedetti hilda dagoelako, batik bat), eta aukeren artean Noam Chomsky hizkuntzalari eta aktibista aipatuko nuke. Pertsona inteligenteak maite ditut. Beti pentsatzen dut eurak erantzun ditzaketela ditudan eta etengabe sortzen zaizkidan galderak. Kasualitatez jakin nuen ekainaren erdi aldera Noam Chomsky Bilbora zetorrela BBVA Fundazioak emandako sari bat jasotzera. Elkarrizketa eskatu nuen, eta zein izan zen nire sorpresa baiezkoa eman zutenean; alegia, Chomsky aurrez aurre izango nuela. Gutxiri kontatu nion, zirrara eutsi eta eutsi eman nituen egunak. Sineskeriatzat jo dezakezu, baina pentsatzen nuen esanez gero ametsa hauts bihur zitekeela. Bat agertu zitzaidan nire botilero izan nahian, baina esan nien apurretako batzuek ez zuten ezagutzen. Badakizu zer sentitzen den gauza erraldoi bat pasatu zaizula azaltzen duzunean eta besteek neurria ulertzen ez dutenean? Kazetaritzak eman diezazukeen gauzarik handiena da normalean eskuragarri ez dauden pertsona horiek ezagutzeko abagunea. Atzamarrak gurutzatuta esnatu izan naiz egunotan Chomsky-alerta azaltzearen beldur. «Ez dadila hil» erregutzen nion ezerezari; izan ere, 90 urterekin inoiz ez da jakiten noiz.

Atzo goizean elkarrizketatu behar nuen. Ostegunean, baina, ondoezik zegoela eta ez zela Europara etorriko ohartarazi ziguten. Sineskeriak, e! Nire erantzunek nork arrapostu ez dute izango. Orain nire tristuraren zuloa Stephen Hawking-en zulo beltzen pareko da, eta oraindik poza putz nago.

Handik bi urtera edo, berriz eduki nuen Iñaki ikasle, orduko hartan «Euskal Literatura» irakasgaian. «Hauxe da nirea», pentsatu nuen nire kolkorako. Poza putz. Lehen egunetik adierazi zidan (zertan galdu denbora) ez zuela inolako interesik literaturaren inguruan, eta ea zein zen gutxieneko lana egin behar zuena irakasgaia gainditzeko. Hor amaitu zen nire mendeku gosea, mendeku akademikoa, uler bedi.            

  • Mintegi, Migel A.: Bi abentura eta amodio bat, in Alai (2021):

–Hitz onak izan ditu zuganako, Pedro, mandazain buruak –esan zidan osabak, itzuli eta egun batzuk geroago-. Azkarra eta adoretsua omen zara. Beraz, amaitutzat emango dugu lehorreko trebakuntza.

–Orduan, datorren udaberrian zurekin emango nauzu? –galdetu nion, itxaropena piztuta niregan.

–Ez, oraindik ez –nire poza putzura joan zen–. Orain itsasoan trebatzeko garaia duzu.            

Iturriak

Berria, Traineru bete lagun

Tripak jaten egon

Azalpena

Oso urduri edo kezkatuta egon.

Aldaerak

Kirioak dantzan izan

Kirioak airean egon

Ipurdi estuarekin ibili

Birikak / Tripak / Erraiak jan

Beste hizkuntza batzuetan

gazt. Estar hecho un manojo de nervios

fr. Paquet de nerfs

Testuinguruan

  • Zubeldia, I.: Aitorren hizkuntz(a) zaharra, in Argia:

“Eta norbaitek galdetuko dit: “Zertara dator zure diskurtsoa? Zer azaldu nahi duzu horrekin?”. Bada duela egun batzuk herri handi samar batean ikusi nuena. Terraza batean kafe bat hartzen geunden patxadan. Aldameneko mahaian zazpi emakume gazte eta haien inguruan umeak jolasean. Beren artean oraintxe erdaraz, oraintxe euskaraz ari ziren. Euskaraz bereziki umeren bat hurbiltzen zitzaienean. Gainerantzean, erdara nagusi. Garbi ikusten zen euskaraz denek zekitela tarte laburren batean denek euskaraz egin baitzuten. Baina berehala pasa zen elkarrizketa erdarara. Bereziki festa girotik zetorren beste emakume bat hurbildu zitzaienean. Orduan: “Mikel Goñi está muy bueno”. “Me han robado la toalla en la playa”. Eta elkarrizketa osoa erdaraz joan zen. Umeak ingurura etorritakoan zerbait euskaraz esan, baina berehala beren arteko komunikazioa aurrera eramateko euskarak ez zuen balio. Eta euskaraz oso ondo zekiten denek. Tripak jaten egon nintzen eta gogoeta hauxe egin nuen: “Ez ote dira konturatzen alferrik ari direla umeekin euskaraz! Horiek ere gauza berbera egingo dute gero, prestigiozko hizkuntza, euren gurasoek eta jende gehienak erabiltzen duena erabili! Euskara jakinda, guraso batek nola eraman dezake arratsaldeko elkarrizketa osoa erdaraz bere umeen aurrean, hauek euskara ikastea eta euskaraz egitea nahi badute!”

  • Peña, Y.: Hariak, in Susa (2018):

Brigidak obratu zuen miraria: Estiren tituluak pregoilarien moduan lau haizetara ereinez, azkenean ernaldu zen aukera. Ikastola gero eta handiagoa, irakasle berriak kontratatzen hasiak ziren. Haietako bat luzerako gaixotu zenean, galdezka joan zitzaizkion Estiri, ea txikiei eskolak emateko prest egongo ote zen. Bat-batean, amona harro bai harro: Olatz ikastolan hasi zenean astoarenak bota ondoren, Espainia osoan ez omen zegoen kolegio hoberik.

Baina, pobrearen poza… Amona sinetsita zegoen lanean hasteak Parisko erokeria guztiak sendatuko zituela. Inozenteagorik! Astebetean pasatu zen Esti etxean gotortzetik etxera ez sartzera. Lana, bilerak… Eta lagun horiek? Herriko bihurrienak ziren, Luisa haien aldean santu bihurtzeraino: kontzentrazioa hemen, manifestazioa han, parranda hemen, festa han. Eta amona gaixoa, tripak jaten.

  • Narbaiza, L.: Erabakiak eta damua, in Eibar.org (2007-X-30):

Gorago esan dudan moduan, pertsona bati ez egitea damutu izan zait: ez deitzea, gutuna ez idaztea, ez geratzea kafe bat hartzera, ez besarkatzea, e-maila ez idaztea, eskutik ez oratzea, musu ez ematea…

Damuak damu, horrela egin izan ditut gauzak, nahiz eta orain tripak jaten egon. Baina haserre eta oso nekatuta egonda, nor da gai jakiteko bere bizitzako aukera onenetakoa eskuetatik joaten ari zaiola? Ni ez, behintzat. Eta orain horrela nago, damututa, a posteriori hausnarketak egiten, ihes egin didanaren falta sentitzen.

Iturriak

Elhuyar, Intza, Labayru, Argia, Susa, Eibar

Ikusten ez duen begiak ez du minik

Azalpena

Ikusten, ezagutzen edo jakiten ez denak ez du minik ematen.

Aldaerak

Ikusten ez duen begiak negarrik ez

Ikusten ez duen begiak penarik ez

Ez dakienak ez du damurik hartzen

Bixtatik urrun, bihotzetik urrun

Photo by Danie Franco on Unsplash

Beste hizkuntza batzuetan

gazt. Ojos que no ven, corazón que no siente

fr. Loin des yeux, loin du cœur

en. Out of sight, out of mind

kat. D’allò que els ulls no veuen, el cor no se’n dol

gal. Ollos que non ven, corazón que non sente

Testuinguruan

  • Mendizabal, Jesus Mari: Ni ez naiz txibatoa, in El Diario Vasco (2018-VII-18):

«Zer nezesidade daukak orain hau ateratzeko? Ze nezesidade, motel!?», esango dit baten batek. Tratu txar psikologikoak jasan nituen, isilik; biktimaren atarramendu tristea eraman nuen, isilik; behingo gezurra betiko egia bihur daiteke, isilik; isilik, mina minago bilakatzen da, minbizi… Gainera, ni bakarrik seinalatu eta markatu eta jo izan banindute txibatotzat, gaitzerdi, nonbait hor. Baina, ez. Goierrin bezala Beterrin, Txorierrin edo Bortzirin, Euskal Herri osoan herriro bazen salatzaile txibato juzkaturen bat; batere arrazoi sendorik gabe gehienetan, inbidiaz batzuetan, oker makurrez besteetan, doilorki ia beti… Asko izan ginen oso gaizki tratatuak geure herrietan. Beraz, berandu xamar bada ere, ikus dezala jendeak zer kalte egin duen, pentsa dezala nolako mina eragin duen; senti dezala. Zeren eta, ikusten ez duen begiak ez du minik.

Iturriak

El Diario Vasco

Begiko zikina baino gehiago ez ikusi nahi

Azalpena

Zerbait edo norbait gorrotatzea.

Baliokideak:       Begiko zikina baino gehiago ez jasan

eye-743409_1920

Beste hizkuntza batzuetan

gazt. No querer ver (a alguien) ni en pintura

fr. Je ne peux pas le blairer / je ne peux pas l’encadrer

en. He´d sooner be dead than see somebody / not to be able to stand the sight of somebody

Testuinguruan

 => Orotariko Euskal Hiztegia

BEGIKO ZIKINA BAINO …-AGO. “Begiko zikiña baiño geiago eztu ikusi nahi (G-to, Lc, BN-baig), le es antipático; litm.: no quiere verle más que las suciedades del ojo” A.  Ezin ikusi begiko zikina baiño. FIr. 159. Bakotxa bizi da bere etxean bere familiarekin, auzoa begiko zikina baino gehiago ez dezakela jasan. JEtchep 46. Gara artako lagunartea, begiko zikina baino ezin ikusiago zuen Platonek. Zait Plat 117.

=> Epaltza, Aingeru Rock´n´roll, Elkar (2000). Ereduzko Prosa Gaur (EPG)

Lodikotea moldegabea, inoxoa eta aurpegi pikorrez emokatua, taldeko gainerako lagunek -Karlos Ripodas “Charly”, Fernando Soria “Ximurra”, Anjel Urtxipia “Ttipi” –ez zuten begiko zikina baino gehiago nahi beren inguruan, are gutiago asteburuetan neskatara ateratzen ginelarik: gainerako guztiok baino sutsuago lehiatuta ere, Potzolo gurekin egote hutsa kale egiteko bermea zen.

=> Herria, 2009-11-12. Egungo Testuen Coprusa (ETC)

“Hargin beltzak” deitzen zituen Framazon delakoak ez zituen ere maite; Jules Ferry ez zuen begiko zikina baino gehiago ikusi nahi; hau zendu zenean, hunentzat idatzi zuen : “bat gutiago”.

=> Salaburu, Pello, Errateko nituenak, Erein, 2014. Egungo Testuen Coprusa (ETC)

Psikopaten sintomak ongi deskirbaten dituzte liburu horiek, ez naiz ibiliko ni hemen asmatzen, eta mediku guziek aholku bat ematen dute, lenebizikoa eta oinarrizkoa: alde egin haiengandik, arras kaltegarriak baitira giza harremanetan, begiko zikina baino txarragoak. 

=> Luku, Antton, Libertitzeaz, Pamiela, 2014. Egungo Testuen Coprusa (ETC)

Ez ziroiat jasan mutiko hori, begiko zikina baino gehiago.

Iturriak

Egungo Testuen Coprusa (ETC)Ereduzko Prosa Gaur (EPG)Intza Proiektua, Nola Erran, Orotariko Euskal Hiztegia, Wordreference.

Norbaiten edo zerbaiten mira izan / mira iritzita egon

Azalpena

Hiztegi Batuan:

mira egin 1 ‘harritu’ 2 ‘norbaiten edo zerbaiten falta nabaritu’.

mira izan. 1 da ad. Ipar. ‘harritzekoa izan’: zer da mira, ardiak otsoari ihes ari badira? 2 du ad. ‘mira egin’: ez zuen kolegioko urteen mira handirik.

Sophie Gengembre Anderson [Public domain], via Wikimedia Commons

Sophie Gengembre Anderson [Public domain], via Wikimedia Commons

Beste hizkuntza batzuetan

gazt. Echar de menos / Echar en falta.
fr. Manquer.
en. To miss.

 Testuingurua

Norbaiten edo zerbaiten falta nabaritu:

⇒ Oscar Arana Ibabe, 31 eskutik.com, 2012-12-24.

“Haur bat daukat eskolan, Boliviakoa, eta hona ekarri zuen amak handik, engainaturik. Jakingo bazenu zer negarraldi egiten dituen hango bere bizimoduarekin eta lagunekin eta senitartekoekin gogoratuta. Ba omen zeukan Andeetako txirula bat han, eta nik ekarri nion beste txirula bat opari, baina ez zela berarena bezalakoa erantzun zidan. Bere txirularen «mirie eretxite» dago…

Zelan? Nirie eresten deutsela?

Ez, mirie, mirie eretxite dagoela…”.

Iturriak

Hiztegi Batua, Orotarikoa, Elhuyar, Wordreference, 31 eskutik.com.