Azalpena
Urrun
Aldaerak
Jaungoikoaren etxean
Amaren etxean
Astoaren buztanpean
Toki ederrean
Urlia lekutan
Beste hizkuntza batzuetan
gazt. En el quinto pino, en el quinto infierno
fr. Au diable Vauvert
Testuinguruan
- Lasa Etura, Iñaki: “Lasaia eta ipurterrea naiz, kontraesana dirudien arren”, in Berria (2013-II-17):
ETBko ilehori ezagunena da Julian Iantzi (Woodland, AEB, 1967). Komunikatzailea eta berritsua, umore onez erantzun ditu galderak. Hori bai, El conquistador del fin del mundoko irabazleari buruz ez du hitzik esan.
– AEBetan jaio zinen aita artzaina zenuelako, eta 7 urterekin etorri zinen Lesakara. Zein oroitzapen duzu egun horietaz?
– Gure rantxoa, hango lursailak eta animaliak. Gogoratzen dut tarteka aitarekin joaten nintzela pick-up-ean txangoak egitera. Eskolan hasi nintzenean, banekien euskaraz, baina ez gaztelaniaz, ez ingelesez. Komeriak pasatu nituen. Filmetako autobus hori horietako batean joaten nintzen eskolara.
– Euskaraz eta ingelesez soilik jakiteak arazoren bat sortu zizun Lesakara iristean.
– Ez nekien gaztelaniaz. Hona etorri, eta hura paradoxa! Zakurraren ipurdian ikasitako nire benetako hizkuntza ezin erabili! Nire oroitzapenak ez dira sobera onak: paretaren kontra, beti zigorrak jasoz. Nire kalte bakarra, gaztelaniaz ez nekiela.
- Irazoki Arburua, Koro: Pribilejiatua naiz, in Erran.eus (2021-VII-11):
Konturatua naiz nik normaltzat hartzen ditudan gauzak jende aunitzentzat luxu bat direla: behatz batekin klik egin eta argia pizten zait; txorrota bati buelta eman eta ur garbia daukat; pixa edo kaka egin eta zulo batetik desagertzen da; bizitzeko etxe bat badut; osasun arazoak izan eta medikua dohainik dut; ez dut goserik pasatzen…
Eta pribilegiatua sentitzen naiz, badakidalako badirela milioika lagun elektrizitaterik gabe bizi direnak; uraz hornitzeko zakurraren-ipurdian dagoen putzuraino joan behar dutenak; zura eta plastikoz egindako etxola miserableetan bizi direnak; beren beharrak bazter bateko zulo batean egin behar dituztenak; egunero jaten ahal izateko arazo haundiak dituztenak; medikura joateko kilometroak oinez egin behar dituztenak…
Hitz hauek etorkin batenak dira: «Pribilegiatua baldin bazara, konpartitu ezazu». Zeinen eskaera logikoa eta justua.
- Begiristain Madotz, Xanti: Euskara debekatua pilotalekuetan, in Elinberri.eus (2017-X-1):
Konturatu bazarete, profesionalen pilota partidu guzti-guztietan, edozein lekutan, berdin da Logroñon, Burgosen, Tuteran, Tafallan, Iruñean, Arbizun, Leitzan, Eibarren, Bergaran, Tolosan, Donostian, Bilbon, Baionan, Donibane Loizunen, Donibane Garazin edota zakurraren ipurdian ere, berdin-berdin-berdin da, baita herririk euskaldunenetan ere, Hegoaldeko pilotaleku guztietan behintzat bai (Ipar Euskal Herrian ez dakit oso ongi nola dagoen gaia), artekari guztiak, beti, espainiera hutsez aritzen dira apustuak egiterakoan, eta, antza denez, inor ez da lotsatzen, ez gorritzen, ez eta deus ere egiten. Gauzarik arruntena balitz bezala hartzen omen du jende gehienak. Eta, pentsa ezazue bestalde, gero, pertsona batzuek nola hitz egiten eta goraipatzen duten pilota euskal kirol peto-petoa bezala; bere dohain eta bertute guztiak goresten dituzte, baina gero sarritan ikusten eta entzuten ditugu pilotari profesional eta botilero euskaldun bat baino gehiago, erdara hutsean beraien artean, beren patxada osoarekin, EITBko kamera eta mikrofonoen aurrean, batere lotsagorritu gabe.
Iturriak
Labayru, Intza, Berria, Erran, Elinberri