Bete-betean asmatu

Azalpena

Osoki, erabat, guztiz asmatu.

Aldaerak

Erdi-erditik igarri

Bete-betean igarri

Erdiz erdi jo

Photo by Vitolda Klein on Unsplash

Beste hizkuntza batzuetan

gazt. Dar en el clavo

fr. Mettre dans le mille

Testuinguruan

  • Manterola, Aitor: Bete-betean asmatu dut Araskira etortzen, in Berria (2020-X-10):

-Zergatik aukeratu zenuen Araskira etortzea?

-Erakarri egiten ninduen arlo askotan. Kluba oso lan ona ari da egiten urte askoan, eta egonkortuta dago. Zalantzazko egoera honetan, garrantzitsua da gauzak ondo egiten diren leku batean egotea, lasaitasuna emango dizun toki batean. Klubak ondo zaintzen gaitu guztiak; goraka doa ligan, eta jokalari multzoa eta haien jokatzeko modua asko gustatzen zaizkit. Haietako batzuk ezagunak ditut beste talde batzuetatik, Made [Urieta, entrenatzailea] ere ezagutzen dut Espainiako selekziotik. Hiria ere gustatzen zait. Banekien eroso eta pozik egongo nintzela, eta hala da. Bete-betean asmatu dut etortzen.

  • Irureta Azkune, Onintza: Estetikoki erakargarria da eta euskara gozagarri, bete-betean asmatu dute, in Argia:

-Zer da azpimarragarri saioan?

-Munduko esperientzia oso desberdinen berri emateak, beste tribuez aritzeak, alegia, guretik mundura eta mundutik gurera zabaltzeko ikuspegia lantzeko balio du, asmatu du ikuspegi globala ematearekin. Bestalde, ukitu europarra du saioak; ohiko kamera eta irudi estatikoetatik mugimendura salto egin dute. Estekikoki erakargarri izatea, eta euskara gozagarri egitea, hainbeste aipatzen diren garaiotan, bete-betean asmatu du.

Opari berezi bat egin nahi baduzu eta bete-betean asmatu, OPARITU SARRERAK!

  • Iturbe, Arantxa: Honetara ezkero, in Susa:

Nire gurasoak urduri jartzen ziren amatxi etortzekoa zen bakoitzean. Oso gutxitan etortzen zen. Medikutarako ordua goizean goiz zuenetan bakarrik. Amatxi, aitaren ama, urruti bizi baita. Urruti, herrira oinez jaitsi eta bata bestearen segidan autobusak eta, presa, ezina edo pereza izanez gero, taxia ezinbesteko duenarentzat. Autoan minututan konta liteke joan-etorria. Horregatik joaten zen aita haren bila eta etxera ekartzen bezperatik.

Etorkizuna irakurtzen du amatxik. Asmatu, zehaztu zuen behin amak, irakurri ez. Amatxik entzun eta arrazoi eman, horixe, asmatu egiten zuela. Bete-betean asmatu ere. Asmatuko ez balu, inor ez litzaiokeela hurbilduko.

Ama ez zitzaion hurbiltzen. Juxtukoa bakarrik. Kortesiazko muxu parea ematen zioten elkarri lehen. Amatxik burua apartatu zionetik ama ez zen gehiago saiatu. Aitak txikikeria hura noiz ahaztuko ote zuen galdetu zionean etorkizuna asmatzea beste baten gaitasuna zela gogorarazi zion amak.

Iturriak

Elhuyar, Labayru, AhotsakBerria, Argia, Gayarre antzokia, Susa  

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.