Gogoko lekuan aldaparik ez

Azalpena

Gustuko jardunean arazoak ahaztu egiten dira.

Aldaerak

Gogozko lekuan, aldaparik ez

Gogozko bidean, ez da aldaparik

Maite dena ez da neke

Photo by Jeremy Lapak on Unsplash

Beste hizkuntza batzuetan

gazt. Sarna con gusto, no pica; Adonde el corazón se inclina, el pie camina

fr. Quand on travaille de bon gré, on ne se sent pas fatigué; Le cœur mène où il va

en. A burthen of one’s own choice is not felt.

kat. Sarna amb gust, no pica, però mortifica; Cap on el cor s’encamina, el peu camina

gal. Sarna con gusto non pica; Alá van os pés onde o corazón quere

Testuinguruan

  • Bikemap: Algortatik Mungira, Butroen zehar, in Bikemap (2011):

Gaurko ibilbidea, askotarikoa edo mistoa da: bidegorriak, asfaltozko bideak, zementuzko bideak, errepideak, mendiko pistak. Ez da guztiz laua, baina azkenekoetan ikusi dugunez, “gogoko lekuan aldaparik ez“, eta ezagutuko ditugun lekuek merezi dutela eta, aldaparen bat edo beste egitea ez da asko. Ikusi, dena dela, ibilbidearen perfila. Lehenengo jomuga Butroeko gaztelua izango da, eta handik, mendi pistak eta auzobideak hartuko ditugu Mungiraino. Gozatzeko moduko bidea da, ene ustez, hiriguneak, baserrialdeak eta mendibideak elkartzen dituena. Joan eta etorri bide beretik egin liteke, edo bestela, joateko, mapako bidetik, eta etortzeko, errepidea. Dena dela, beti bezala, pintxoak eta freskagarriak gure zain egongo dira Mungian, eguraldia lagun. Ondo ibili.

Hamalau bat urte izango nituen gurasoek bizikleta erosi zidatenean, nik nahi baino beranduago baina gurasoek esfortzua egin ahal izan zutenean, ziurrenik. Mendiko bizikleta more bat, marka ezezagunekoa. Ez zen lagun gehienek zeukatenaren parekoa, baina pedalei emanez gero antzeratsu mugitzen ziren gurpilak. Gogoko tokian aldaparik ez dio esaerak, baina aldapa ederrak igotzen genituen shimano kanbioei krakada ederrak emanez izerdi patsetan.

  • Etxebarria, Joseba: Bizkaia: antolatzaile baten gogoeta, in Bertsolari.eus (2019-IX-10):

Mende zaharrean bertsozaletu nintzen eta mende berriak ekarri ninduen Bertsozale Elkartera. Behin barruan, zaletasunaren harrak bultzaturik, urtez urte eskualde nahiz herrialde mailako lehiaketen ibilbideari ekin diot antolakuntza lanetan, gaur hitzordua urliarekin, bihar batzarra hor, etzi saioa han… Baina, gogoko lekuan aldaparik ez. Eta badago ere, lantalde konprometitu batek inguraturik lan egiten denean, oztoporik zailenei ere aurre egiteko adoreak indarra hartzen du, eta behin abiada hartutakoan ez dago gelditzerik.

  • Biain, Aitor: Diskoa zuzenean defendatu behar da, hori falta zaigu, in Badok (2021-IV-18):

-Kontzertuak bertan behera, taldekide batzuk joan eta berriak etorri, itxialdia… Nola gailentzen da sormena horren gainetik?

-Talde bat baduzu, aurrera egin behar duzu edonola; talde bat ez daukazu geldi egoteko. «Gogoko tokian aldaparik ez» esaten da, ezta? Egia da, dena eten zen bat-batean, eta zapuztu ziren gure ametsak, baina argi ikusi genuen zailtasun ugari izan arren aurrera egin behar genuela, ezin genuela esperantza galdu. Eta hortik hasi ginen hurrengo diskoan pentsatzen eta hura prestatzen.

Iturriak

Bikemap, Zuzeu, Bertsolari.eus, Badok

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.