Nire poza, putz

Azalpena

Ametsak edo espektatibak zapuzten direnean.

Aldaerak

Eguzkia uste eta harria egin

Larru bila joan eta larruturik etorri

Gure poza putzura

Gure poza putzura, amets zoroen modura

Photo by Thought Catalog on Unsplash

Beste hizkuntza batzuetan

gazt. Nuestro gozo en un pozo, todo mi gozo en un pozo

fr.  C’est raté!

gal. Meu gozo nun pozo

Testuinguruan

  • Landabaso, Goizalde: Chomsky, in Berria (2019-VI-18):

Zein pertsonaia ospetsu elkarrizketatu nahiko nukeen aurrez aurre galdetu zidaten behin. Nik Mario Benedetti idazlea erantzun nuen, burura etorri zitzaidan lehenengoa. Elkarrizketa egin zidanaren erantzunak erakutsi zituen muga hertsi eta ezintasunak tristatu ninduten: «Ezinezkoa da, ez da euskalduna». Urteak pasatu dira ordutik. Egun galdetuko balidate bestelakoa zatekeen erantzuna (Benedetti hilda dagoelako, batik bat), eta aukeren artean Noam Chomsky hizkuntzalari eta aktibista aipatuko nuke. Pertsona inteligenteak maite ditut. Beti pentsatzen dut eurak erantzun ditzaketela ditudan eta etengabe sortzen zaizkidan galderak. Kasualitatez jakin nuen ekainaren erdi aldera Noam Chomsky Bilbora zetorrela BBVA Fundazioak emandako sari bat jasotzera. Elkarrizketa eskatu nuen, eta zein izan zen nire sorpresa baiezkoa eman zutenean; alegia, Chomsky aurrez aurre izango nuela. Gutxiri kontatu nion, zirrara eutsi eta eutsi eman nituen egunak. Sineskeriatzat jo dezakezu, baina pentsatzen nuen esanez gero ametsa hauts bihur zitekeela. Bat agertu zitzaidan nire botilero izan nahian, baina esan nien apurretako batzuek ez zuten ezagutzen. Badakizu zer sentitzen den gauza erraldoi bat pasatu zaizula azaltzen duzunean eta besteek neurria ulertzen ez dutenean? Kazetaritzak eman diezazukeen gauzarik handiena da normalean eskuragarri ez dauden pertsona horiek ezagutzeko abagunea. Atzamarrak gurutzatuta esnatu izan naiz egunotan Chomsky-alerta azaltzearen beldur. «Ez dadila hil» erregutzen nion ezerezari; izan ere, 90 urterekin inoiz ez da jakiten noiz.

Atzo goizean elkarrizketatu behar nuen. Ostegunean, baina, ondoezik zegoela eta ez zela Europara etorriko ohartarazi ziguten. Sineskeriak, e! Nire erantzunek nork arrapostu ez dute izango. Orain nire tristuraren zuloa Stephen Hawking-en zulo beltzen pareko da, eta oraindik poza putz nago.

Handik bi urtera edo, berriz eduki nuen Iñaki ikasle, orduko hartan «Euskal Literatura» irakasgaian. «Hauxe da nirea», pentsatu nuen nire kolkorako. Poza putz. Lehen egunetik adierazi zidan (zertan galdu denbora) ez zuela inolako interesik literaturaren inguruan, eta ea zein zen gutxieneko lana egin behar zuena irakasgaia gainditzeko. Hor amaitu zen nire mendeku gosea, mendeku akademikoa, uler bedi.            

  • Mintegi, Migel A.: Bi abentura eta amodio bat, in Alai (2021):

–Hitz onak izan ditu zuganako, Pedro, mandazain buruak –esan zidan osabak, itzuli eta egun batzuk geroago-. Azkarra eta adoretsua omen zara. Beraz, amaitutzat emango dugu lehorreko trebakuntza.

–Orduan, datorren udaberrian zurekin emango nauzu? –galdetu nion, itxaropena piztuta niregan.

–Ez, oraindik ez –nire poza putzura joan zen–. Orain itsasoan trebatzeko garaia duzu.            

Iturriak

Berria, Traineru bete lagun

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.