Txerri goseak ezkurra amets

Azalpena

Zerbaiten gabezia dugunean, besterik ez dugu buruan.

Aldaerak

Txerri goseak ezkurrak amets

Zerri goseak ezkurra amets

Zerri aulak ezkurra amets

Urde goseak ezkur(ra) amets

Txakur goseak ogia amets

Itsuak ikusgura, herrenak ibilgura, gorrak entzungura

Beste hizkuntza batzuetan

gazt. Quien hambre tiene, con pan sueña

fr. On prend souvent ses désirs pour des réalités

en. A hungry man smells meat afar

kat. Qui té fam(,) somia truites

gal.  Soñaba o cego que vía e soñaba o que quería

Testuinguruan

Txerri goseak ezkurra amets, dio esaera zaharrak eta txerriak laster jango du kilo bat ezkur, asetzeko hamar beharko baditu ere. Nafarroako euskalgintza gosez amorratua dago oso aspaldi, bestelako politiken zain, eta hauek bestelako aurrekontuak ekarriko zituztelakoan. Usteak erdi ustel, ordea. Nafarroako Gobernuak 2,1 milioi euroko aurrekontua bideratu zuen Euskarabidera 2015ean eta aurten 4 milioi euro.

  • Bizkaiko Hitza: Urtaroari eusteko bizigaiak, in Bizkaiko Hitza (2015-XI-20):

Txerria gizentzeak ere ez du buruko min handirik eragin baserrietan, etxeko zabor eta baratzeko hondakinekin elikatu baitituzte ia beti. Eta horrekin konformatu da txerria, jateko ezeri muzin egin gabe. Baina nahiagoko luke, kortan baino, basoetako ezkurrak lurretik jaten ibili. Esaera zaharrak dioenez, “txerri goseak ezkurra amets”.

  • Argia: Kataluniako estatutua: izango da erdibiderik (Bero-beroan), in Argia (2005-XI-13):

Hasi da negoziaketa garaia, orain ikusiko dugu katalanen itunerako joera ezagun eta trebea noraino iristen den. Denek irentsia dute ur dezente gehiago botako zaiola Kataluniako Legebiltzarrak mahairatutako ardoari. Zenbat ur, ordea? Zaila da irudikatzen katalanak Estatutua erretiratzen ikustea, Zapaterok jokaldi txarregia egin beharko luke horretarako, eta orain arte behintzat ez du jokalari txarra denik erakutsi. Baina Katalunia-Espainiako partiduaz gain, Katalanen artean ere gauza asko daude jokoan eta negoziazioaren langa gorago edo beherago jartzeko eragin egingo dute. Esate baterako: PSOEko sektore batzuek CiUri egiten dizkioten adiskidetasun keinuak, eta jakina, txerri goseak ezkurra amets; edo ERC baino abertzaleago agertzeko CiUk egin dezakeen kanpaina… Zaila da irudikatzen Zapatero noraino iritsi daitekeen, orain arte honek gehientsuenetan azken orduan erakutsi baitu bere erabakia nondik nora joango den. Baina erdibiderik izango da, alde biei komeni zaie.

Iturriak

Labayru, Euskalerria Irratia, Bizkaiko Hitza, Argia

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.