Dagoenean bonbon, ez dagoenean egon

Azalpena

Garai onetan gozatu eta garai txarretan konformatu behar dela adierazteko.

Aldaerak

Dagonian bon-bon, eztagonian egon

Dagoenean bonbon, ez dagoenean hor konpon!

Photo by Chris Ainsworth en Unsplash

Beste hizkuntza batzuetan

gazt. Hermano, bebe, que la vida es breve

fr. La vie est courte, il faut se hâter d’en jouir

en. Eat, drink, and be merry, for tomorrow we die

kat. Mengem i beguem, que, a la mort, ja arribarem

gal. ¡Comamos, bebamos e runflemos que ao cabo que morrer temos!

Testuinguruan

  • Mantala: Sagar uzta: dagoenean bonbon, eta ez dagoenean egon?, in Mantala:

Euskadiko sagastietan dagoeneko hasi dira 2021. uztako sagarrak biltzen, datorren urtean dastatuko dugun sagardoa ekoizteko. Aurten sagar urtea da. Alegia, uzta oparo eta kalitatezkoa espero da. Baina, ba al zenekien orokorrean sagarrondoak bi urtetik behin ematen duela ganorazko uzta?

Dagoenean bonbon, ez dagoenean egon. Halaxe dio euskal atsotitz batek. Eta dirudienean sagarrondoek bere egin dute esaera zaharra. “Urtebi haundi” eta “Urtebi txiki” dira sagardotarako euskal sagar erabilienetako batzuk. Eta haien izenak ematen du nahikoa argibide. Izan ere, sagarrondoak berezkoa du “alternantzia”. Bi urtetik behin ematen du ganorazko uzta.

  • Monzon, T.: Langosta baten inguruan (“Donibane Lohitzune eta inguruak”), 1995, in Armiarma:

Arrantzaleak, hemen ere, arloteenak: «Dagoenean bonbon, ez dagoenean egon». Ontzia hutsik dakartela, gerrikoa estutu behar. Sardinaz-edo bete-betean baldin badatoz, harrapagarri hustuko dira, gau hartan, Donibaneko haragitegi ta goxotegiak. Zer nahi duzue, ba? «Jainkoak egin zuen Martin, bere prakekin». Arloteak bai baina…? Bai al da, gure Herrian, arrantzaleok bezain bihotz eta esku zabalekorik? Euren Kantauri itsasoa ere, zabala baita…!

  • Gallastegi, H.: Bidea itxi, ilusioa pizteko, in Berria (2019-IX-25):

Dagoenean bonbon, ez dagoenean egon. Hala dio esaera zahar batek. Bada, bonbon dago Athletic, eta taldearen liga hasiera bikainarekin gozatzen jarraitzaile zuri-gorriak. Mende laurden pasatu da Athletic bosgarren jardunaldia jokatuta lehen postuan egon zen azken alditik. Helburua ahalik eta emaitza onenak lortzea dela jakinda, orain arteko puntuak lortutako erak asebete ditu zaleak. Hau da, Athleticek bildu dituen 11 puntuak ondo merezitakoak izan dira. Gaizka Garitanok zuzentzen duen taldeak eguneroko lanari eta zelaian erakutsitako eraginkortasunari esker lortu du zaleen artean ilusioa piztea. Zaleen begiek ez zuten dir-dir egiten denboraldi-aurrean. Izen handiko fitxaketak eskatzen ditu udak. Egun, berriz, indarra eta segurtasuna transmititzen duen talde bat ikusten dute San Mamesera joaten diren bakoitzean. Gozatzen ari dira. Taldeak dituen gabeziak ez dira oraindik azaleratu. Sasoi txarragoak etorriko dira, baina defentsan orain arte bezala funtzionatzen badu, errazagoa izango da aurrera egitea.

  • Larrazabal, L.: Sasiburu, 30 urte euskara hauspotzen, in El Correo (2022-IX-25):

30 urte, hiru hamarkada. Azkar esaten da, baina ibilbide luzea egitea tokatu zaie. Gaur egun, instituzio aldetik esaterako, aitortza somatzen da, laguntzak ere «baina garai latzak ere iragan behar izan ditu elkarteak», azaltzen du Ezeizak. «Dagoenean bonbon eta ez zegoenean egon», gaineratzen du. Egun, euskarak daukan egoera eta errekonozimendua ez da dohainik etorri. «Arlo horretan, Sasiburuk eta Euskal Herrian hainbat eta hainbat taldek eta eragilek egindako lanari esker euskarak aurrera egin du, bestela, Espainiako beste hizkuntza txikien modura, desagertzear legoke», Ezeizaren esanetan.

Iturriak

Elhuyar, Harluxet, Gizapedia, Egungo Euskararen Hiztegia, Mantala, Armiarma, Berria, El Correo

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.