Ezta hurrik eman ere

Azalpena

Ezta inondik ere.

Aldaerak

Ezta hurrik emon be(re)

Ezta hurbiltzeko(rik)

Ezta hurranik ere


Photo by Kyle Glenn on Unsplash

Beste hizkuntza batzuetan

gazt. Ni mucho menos

fr. Loin de là, tant s’en faut

Testuinguruan

  • Galarraga, A.: Ezta hurrik eman ere, in Berria:

Urriaren 21ean, Eusko Jaurlaritzarako bozak izan zirenean, gogoan dut TV3k albistegi berezi batekin bete zuela arrats-gaua. Eta orduantxe apuntatu nuen galdera, azaroaren 25eko boz hauek buruan, ea gauza bera egingo zuen ETBk hauteskunde katalanekin. Bada, konprobatu ahal izan genuen igandean: ez. Ezta hurrik eman ere. Arratseko albistegiak hauteskundeekin ireki zituzten, hori bai —atzeratuz hala ETAren agiria—, baina hortik aurrera ezer gutxi.

Errealitatearen marraz bestaldeko gizon inprobablea naiz. Ez du horrek esan nahi gizon aparta naizenik, edo inor ez bezalakoa, edo dozenan gutxi sartzen den horietakoa. Ezta hurrik eman ere. Aitzitik, arrunta naiz. Hala ere, ez dut ukatuko nire biografiaren zenbait pasarte ez direla oso arruntak. Ez zait gehiegi gustatzen horretaz mintzatzea; are, txarra naiz nire biografia kontatzen saiatzen naizenean. Fetxak nahasten ditut, jazoera garrantzizkoak —denek nik bezain ongi ezagutzen dituztelakoan— ahazten, detaileak ematen gakoa eman aitzin. Denoi gertatzen zaigula uste dut, gehiago edo gutxiago.

  • Izaga Gonzalez, X.: Afganistango emakumeek burkarik gabe daudela jasaten dute bortxarik handiena, in Naiz:

Burkak ikusmena eragozten du. Janzten duen emakumearena, jakina, baina baita Mendebaldetik begira dagoenarena ere. Iristen zaizkigun irudiek eta azalpenek janzkera horri lotuta ikusarazten digute Afganistango emakumeen bizimodua, haien arazorik larriena burka eraman beharra dela pentsarazten. Monica Bernabe kazetariak, ordea, Afganistanen eman duen denbora luzean ez du behin ere sumatu hango emakumeen artean burkagatiko kezkarik. Jantzi hori ezerosoa izan liteke, baina ez emakume afganiar batek jasaten duen errepresio handienaren eragilea, ezta hurrik eman ere. Monica Bernabek berak ere eraman izan du sarritan, bere burua babestuago sentitzeko.

  • Zalakain, J.M.: Ez da hau, in Zuzeu:

Esango nuke benetako arazo nazionala jokatzen ari zela uste ordez, Kataluniaren eta Espainiaren artean, askok, gure artean ere askotxok, batik bat ezker-eskuin arteko lehia ikusi dutela. Eta hori ere badagoen arren, aktore bakoitzak bere ideologia soziala daukan neurrian, muina nazio-eskubidean egon da, eta dago; zehazkiago esanda, oraingoan nazio katalanak bere etorkizuna libreki erabakitzeko askatasunean. Izan ere gu, euskaldunok, kasu honetan begira egon gara, interes handiz baina begira. Katalanek, hobeto esanda Juntsen inguruan dabilen jendeak, eta oro har mugimendu independentziazaleak, procés-ean parte hartu eta autonomismo gorrira pasa ez direnek bederen, beren askatasun nazionalean urrats erabakigarria, agian ez definitiboa, emateko unea zela uste izan dute; hori, eta ez beste ezer, izan dute gogoan. Nire datuen arabera, ez daude pozik (Puigdemont bera ere ez, jakina), ezta hurrik eman ere, akordioaren alde positiboak bilatzen saiatzen diren bitartean, jarraitzeko. Lluis Llach kantautore historikoaren abesti baten hitzek ongi erakusten dute mugimendu horren oraingo aldartea: «No és això, compayns, no és això, ens diran que ara cal esperar: i esperem, ben segur que esperem. És l’espera del que no ens aturem, fins que no calgui dir no és això. No és això pel que van morir tantes flors, pel que van morir tants anhels. Potser cal ser valents altre cop i dir no, amics meus, no ès això».

Iturriak

Elhuyar, Labayru, Berria, Susa, Naiz, Zuzeu

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.