Zer berri? Zaharrak berri

Azalpena

Aldaketarik ez dela izan adierazteko erabiltzen da.

Aldaerak

Zar berri? Zaharrak berri

Zaharrak berri

Zaharrak barri

Zer berri? Zerritegian zerri

Zer da berri? Iaz hil zena eztela ageri.


Photo by Chris in Unsplash

Beste hizkuntza batzuetan

gazt. Nada nuevo bajo el sol; Sin novedad (en el frente)

fr. Rien de nouveau sous le soleil

kat. No (hi ha) res de nou sota el sol

gal.  Nada novo baixo o sol

Testuinguruan

Egun hauetan urte zaharrari agurra eta berriari ongi etorria eman diogu. Urtea hasterakoan datorren urterako norbanakoen proposamen ekaitza, baina 2023. urtean langileontzako zer berri? Zaharrak berri.

Patronalak diru-gosez jarraituko du eta langileok, pobretze prozesu iraunkor honetan, KPIari lotutako soldaten igoerak lortzeko irmoki borrokan jarraitu beharko dugu. Adinekoen egoitzetako eta kirol kudeaketako langileen atzetik beste asko etorriko direlakoan nago.

Pentsioetan murrizketa berrien zalaparta izango dugu berriz eta suposa dezakegu zerbitzu publikoen egoerak ez duela hobera egingo.

Langileak lanean, migranteak itsasoan, eta emakumeak gizonen eskuetan berriro erailak izango dira.

Argindarra, gasa eta elikagaien prezioak ez dira jeitsiko,  eta langileon prekarizazioa areagotuko da.

Finean, urte berri honetan kapitalak berea egiten jarraituko du eta, hortaz, kontsumoak eskaintzen digun norbanakoen sinplekeritan galdu beharrean, 2023 urteari benetako ongi etorria emateko, batu gaitezen langile guztiok eta kolektibiza ditzagun gu guztion borrokak. Hori izango baita eman diezaiokegun ongi etorririk beroena. Orain bai: Urte berri eta gorri on!

  • Apezetxe Murua, E.: Zaharrak berri, in Erran.eus:

Munduak lehen abisua pasatu digu eta gure esku dago gure ingurukoei, seme-alabei, ilobei edo bilobei zer etorkizun utzi nahi diegun erabakitzea. Albert Einstein zientzialariak bere esaldi famatuetako batean erraten zuen emaitza desberdinak lortu nahi badira, ez direla ekintza berberak errepikatu behar. Guk ordea, formula zaharrak aplikatzen segitzen dugu harri berean behin eta berriz tupust egiteko dugun ohiturari eutsiz. Normaltasun berri, zaharrak berri!

  • Txurdan: Zaharrak berri (Arrarasko berri), in Amezti:

Beste herriren bateko adiskide batekin topatzen bazara eta zer berri den bere herrian galdetzen badiozu, erantzuna ia seguru honako hau izanen dela:

—Zaharrak berri!

Bai, gehienetan hala izaten da, baina beste batzuetan kontua da zure adiskideari, hola, bat-batean, ez zaiola deus gogoratzen, besterik ez, berri franko izaten baita.

Lehengo egun batean Arrarasko bi adiskideekin egon nintzen, Iruñean batekin eta Arraratsen bestearekin, eta nire galdera berberari erantzun bera:

—Zaharrak berri!

Jakina, gero hizketan hasi eta poliki-poliki konturatu gara Arraratsen berri asko izan dela azken urte honetan.

Iturriak

Labayru, Euskaltzaindiaren Hiztegia, Elhuyar, Euskalerriairratia.eus, Erran.eus, Amezti

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.