Azalpena
Poliki eta zailtasunez ibiltzean.
Aldaerak
Ttirriki-ttarraka
Tirriko-tarrako
Ttirriko-ttarrako

Beste hizkuntza batzuetan
gazt. Despacio, lentamente, arrastrando los pies (al andar)
fr. Lentement, traîner les pieds.
Testuinguruan
- Sarasua, A.: in X:
EibarOrg blog-komunitateak 20 urte bete ditu!
2004ko uztailean ipini genuen martxan Euskal Herriko lehenengo Blog komunitatea izan zena, EibarOrg blog-komunitatea.
Tirriki-tarraka, baina bizirik gaude oraindik, beste 20 urtez barrena! 😉
- Egaña, A.: Aski da, in Berria:
Kolektiboaren indarrean sinesten du bertsolariak. Aspaldi hasi ginen geure alorraz geuk arduratu behar genuela eta autoantolaketari heltzen. Elkarte bat sortu genuen hutsetik. Bertsolari eta bertsozale bat eginda, lan profesional eta borondatezkoa nahasian, eta helburu nagusi bertsolaritzaren aitzineratzea. Joan dira hogeita bost urte luze eta asmatu dugu erakundeekiko harreman adeitsu bezain egoskorrari eusten; jakin dugu hedabideekiko harremana gatazkatsuen zen garaietan ere bizirauten; hedapenari adinako garrantzia ematen diogu transmisioari eta ikerkuntzari. Ari gara lanean. Eta ez hain juxtu 10/8 eta 7/6 neurriak maite ditugulako edo errimen frikiak garelako. Ari gara, sinesten dugulako euskal kulturgintza deritzan horrek osatzen duen ekosisteman leku bat badugula. Garairen batzuetan nabarmenagoak izango gara eta igual geuri tokatuko zaigu gurdiari tiraka jardutea. Eta besteetan flakialdiren bat izango dugu eta besteen babesean egin beharko dugu bidea.
Inbidia sortzen dugula? Ez nuke sinistu nahi. Baina eskura hainbat baliabide izan eta antolakuntzan asmatu ezinean dabiltzan erakundeek, behinik behin, jakin behar lukete badirela bestelako parte hartzailetza ereduak, tirriki-tarraka baina aurrera egiten dutenak.
- Egaña, A.: Zelaian, in Berria:
Hobera egin dugula esango nuke, baina afirmazioak ez du inolako oinarri zientifikorik. Eta ez dakit, hobera egin dugun arren, behar adinako abiaduran egin dugun bidea. Dakidana da, erreferenteen hizkuntz gaitasunetan asko hobetu dugula. 80ko hamarraldiaren hasieran futbol-ligak irabazi zituzten bi euskal talde haietan baino askoz ere euskal hiztun gehiago dago oraingoetan. Tirriki-tarraka guztiekin, baina joan den berrogei urtean hezkuntzak lurzoru bat eskaini digu…
Kokildua gogoratzen dut nire burua Klubeko aldagelan lehen entrenamendu haietara irten aurretik. Handia zen 15-16 urterekin han egotea, baina hizkuntzaz aldatu beharra, gogorra. Lagun eta ikastolakidez eskas, euskaraz zekitela nekien haiengana hurbiltzen nintzen, neurez, babes bila. Ez lagunek bezain dotore, baina ikasi nuen nik ere garrantzitsuena: iraintzen, aurkaria mehatxatzen, epaileari protesta egiten, lagunak animatzen… gazteleraz.
Soziolinguistika Klusterrak eta EHUk gaiari heldu diote, euskara eskolatik kalera igarotzeko zubitzat kirola hartuta. Interesgarria iruditzen zait, sumatzen baita hortan datzala hizkuntza biziberritzearen gako nagusienetakoa. Lurzoruak, kalean bistatuko bada, derrigorrezkoa du zelaitik ere pasatzea.
- Telleria Barrena, I.: Bai, irratia; NAIZ Irratia, in Behategia.eus:
Baga; etxeko epela, hotz-beroak kristala lausotu du eta transistorean belarrira hitz egiten dizun irratsaio horietako bat. Biga; gazte bat New Yorkeko metrotik irteten, FM hargailurik ez duen azken smartphone-a eskuan, bere gustuko podcasta abiarazten.
Irratiak, edo audiogintzak nahiago bada, garaira ondo egokitzen asmatu du. Irratiaren «krisiaz» aritzeko telebistaren sorrerara joan beharko ginateke, aro digitalera baino. Izan ere, paperaren krisi betean, Internetek ohiko telebista atzean uzteko bidea abiatu duenean, irratiak tirriki-tarraka bere bidea egiten jarraitzen du. Publizitate galerak dezente kolpatu duen arren, entzule kopuruan ez du beherakada nabarmenik izan eta kontsumo ohitura berrietara egokitzeko audio-eskaintza sortzeko gai izan da.
Iturriak









