Egilearen artxiboa: itzul

Babak eltzetik atera

Azalpena

Arazoak konpontzeko edo lan zailena egiteko gaitasuna adierazten du.

Aldaerak

Euliak kendu

Txingarra atera

Beste hizkuntza batzuetan

gazt. Sacar las castañas del fuego

fr. Tirer les marrons du feu

Testuinguruan

  • Ugartemendia, Unai: Arazoren bat badago, geuk atera beharko ditugu babak eltzetik, in Berria (2016-II-9):

Zein lan egingo duzue bertan?

Oso erreferentzia gutxi ditugu: satelite bidezko irudi batzuk eta 1880ko espedizio bateko argazki eta mapa zahar batzuk. Oso leku hezea aurkitzea espero dugu, oso aldaketa handiak izango ditugu eremu oso txikian. Zailtasun handiko tokia izango da. Gainera, izotz eremu ikaragarri handi bat dago han, kilometro koadro askokoa. Glaziarren egoera ikusiko dugu, eta klima aldaketak eragin ditzakeen aldaketak. Logistikarekin izan ditzakegu arazorik handienak; oso urrun dagoenez, arazoren bat izanez gero, geuk atera beharko baititugu babak eltzetik. Gainerakoan, armadarekin edo helikopteroz beharko luke, eta hango baldintzak ez dira onenak izaten. Esplorazioa eta abentura uztartuko ditugu.

  • Epaltza, Aingeru: Aharrausika, in Argia (2004-XI-14):

Ez daki ergatibo bat zuzen paratzen ez erlatibozko esaldi arrunt bat eratzen. Euskaraz ez diozu adituko ateraldi irringarririk, are gutiago sexuaz mintzatzen. Bere kasa, euskarazko libururik, bideorik, joku elektronikorik »bada halakorik?» ez du hautatuko asteburuko txupitoen eraginpean ere. Alabaina, orduak egiten ditu ikastolan edo institutuan, Izen Sintagmaren eta Aditz Sintagmaren adarretan zintzilikatua, esaldi konpletibo eta adberbioen amaraunean harrapatua, zeniezazkidan eta nintzakezu bezalako arbola ahoskaezinen oihanean galdua. Orduak, bai, aharrausika eta aho zabalka. Gero, duela hogei urteko testu irentsi ezina emanen diete etxeko lan, eten ez dadin asperduraren soka. Curriculum bat baitago, eta hura nahitaez bete beharra.
           Iparraldean ez dakit. Hegoaldean alarmak aspalditik piztuak dira: gure gazteena ez da euskara, zapo-euskara baizik, non ez den, bertzerik gabe, erdara. Baina trankil neska-mutilak, errua auzoan da: gizartea, lege eskasak, euskararen etsaien lan maltzurra. Eskolari, ikastolari, dena delakoari, ez zaio noski gehiagorik eskatu behar, aski eta abasto egiten du-eta.

Hamahiru, hamalau, hamabortz, hamasei urtetan, Euskal Hizkuntza eta Literatura irakasgaiak hitzaren besta behar luke izan, baina gazteluko tortura sala bilakatu dute ikasketa planen diseinatzaileek. Gure gazteek begiko zikina nahiago hura baino. Hizkuntzaren barrunbeak irakatsi nahiaren nahian, azal-huts gelditzen ari da babak eltzetik atera behar zizkigun belaunaldiaren euskaltasuna.

  • Ibargutxi, Felix: Nobela, ekintza moduan ulertuta, in El Diario Vasco (2017-V-17):

Pratek uste du «pertsona normalen Baztan hori» agertzen dela eleberrian. «Hemen ez da agertzen literaturak orain arte agertu duen Baztan hori, ez da olerkigintzako Baztan berde eta polit hori. Nobela beltza ezin da izan Martikorena edo Benito Lertxundiren kanta bat; Eskorbutoren kanta izan behar da, ‘mucha policía, poca diversión’».

Xabier Mendiguren editoreak protagonistaren deskripzio hau egin du: «Lurra ganoragabea da, ganberroa, boterearen kontra sentitzen da eta babak eltzetik atera beharko ditu». Nobelan zehar etengabeak omen dira musika-aipamenak. «Baztango gida antituristiko moduan ere har daiteke liburua, gazteen lokalak agertzen dira, adibidez, eta kamiseta erreibindikatiboen bilduma ere badugu bertan», esan du editoreak.

  • Meabe, Miren Agur: Hezurren erretura, in Susa (2019):

Herenegun umea zena, neska izan zen atzo, eta helduaro betean da orain. Oroitzapenetan —eskola-egunetan, familia giroan, jolasetan…— bilatu ditu bere nortasunaren lorratzak. Onartzen ditu denboraren joanak emandako gal-irabaziak. Badaki bereizten bizitzari zer eskatu eta zer ez. Babak eltzetik ateratzen ikasi du. Bere egin du falta direnen ausentzia. Ez du sinesten amodioaren balio absolutuan, nahiz eta azken aukera eman maite-kontuei. Ezagun zaizkio beste andre batzuen irrikak eta beldurrak. Ez du galdu ironiaren ufada. Eta bakardadeak eman dio hazten jarraitzeko azken bultzada.

Iturriak

Elhuyar, Intza, Labayru, Harluxet, Berria, Argia, El Diario Vasco, Susa

Askoren mina, zoroen atsegina

Azalpena

Jende askori gertatzeagatik hobea edo arinagoa ez dela adierazteko.

Aldaerak

Askoren gaitza, leloaren poza

Beste hizkuntza batzuetan

gazt. Mal de muchos consuelo de tontos

fr. Malheur de plusieurs, consolation d’idiots

en. Two in distress make sorrow less

kat. Mal de molts, conhort de boigs/tontos/bèsties

gal. Mal de moitos, consolo de parvos

Testuinguruan

  • Amatiño: Datuek ez dute benetako larrialdia islatzen, in Eibar.org (2021-I-30):

Mapak eskaintzen duen argazkian EAE ez da zatarren ateratzen direnetakoa, baina… askoren mina, zoroen atsegina omen.

Euskal Autonomia Erkidegoa %10etik beherako sailean (eta kolorean) agertzen da, langabeziaren datu ofiziala, zehatz-mehatz,  %9,99 delako.  Horra zergatik agertzen den %10etik beherakoen artean, nahiz sistemak bigarren dezimala borobildu.

  • Madariaga, Juanra: Berriz, in Deia (2020-VII-30):

Aste honetan bertan, Nekane Murga Jaurlaritzako Osasun sailburuak aisialdian izango diren muga berriak azaldu zituen, eta horren barruan tabernetara joateko grina horri ere ateak itxiko zaizkio. Ostalaritzak neurri berri horiek pairatu beharko ditu beste behin, aglomerazioak eta kontaktu fisiko hori galarazteko xedez. Ordutegi berriak ipiniko dira eta ordu txikietan bertan edaten ibiltzea saihestuko da. Bestelako ekitaldi publiko eta pribatuetan ere publikoaren presen-tzia kopuru mugatuan kontrolatuko da.

Atzerapausoa da, agian konfinamendu berrira pixkanaka eramango gaituena. Dena kontrolpean dagoela esaten duten arren, pandemia berriz hasi da in crescendo, eta egonkortasuna apurtu da.

Egia da epidemia baten joaeraren barruko aktibitate tipikoa omen dela, eta horrexegatik, inguruko herrialdeetan antzeko kasu datuak badituzte, baina badakizue, askoren mina, zoroen atsegina.

  • Tubia, Iker: Tabernen kultura, in Zuzeu.eus (2020-X-22): Enrique Mayak dio Iruñean neurriak zorroztekotan, Iruñerri guzira zabaldu beharko liratekeela mugak. Askoren mina, zoroen atsegina. Alkate jaunak badu zertaz kezkatu gainerako herrietan muturrik sartu gabe.

Iturriak

Elhuyar hiztegiak, Eibar.org, Deia, Zuzeu.eus