Etiketaren artxiboa: ekintza

Ibili eta buelta

Azalpena

Azkenean.

Photo by  YIFEI CHENon Unsplash

Beste hizkuntza batzuetan

gazt. Al final

fr. Finalement

Testuinguruan

  • Bazterrika, N.: Euskal Herriko toki eta jende anitz ezagutu dugu, in Erran.eus:

Hasieran, espedizioak «interes berezirik» eragin ez bazion ere, informazio gehiago izan ahala, «ideia gustatu eta lanean hasi» zen: «nondik nora jo aukeratzea izan zen zailena». Ibili eta buelta, errimak eta erritmoak gaiari lotuta, «sormen digitaleko lan bat» aurkeztu zuen: «euskal musikari garrantzitsuei buruz galdera-joko bat egin nahi nuen, baina emakumeak gutti izaki, horiengan jarri nuen fokua. Informazioa bilatu eta Genially web orrialdearen bidez egin nuen lana».

  • Herria Aintzinera Plataforma: Lesakako lanpostuak direla eta, in Erran.eus:

Ibili eta buelta, gai honekin beti ondorio berdinera iristen gara: Lesakako PNV/EAk, inolako lotsik gabe, interes partikularrak jarri ditu interes orokorren gainetik; orain dagoen langileari begiratu diote, lanpostuari berari (behar duen perfilari: euskara mailari eta gainerako ezaugarriei) begiratu beharrean. Erdaraz horri dedokrazia deitzen zaio. Lesakako PNV/EAren ibilbidea ikusita ez genuke sobera harritu behar, egundaino ez baitira euskara normalizatzeko neurri ausartak hartzeko prest agertu; are gehiago, bide horretan daudenei behin baino gehiagotan oztopoak eta trabak paratzen aritu dira.

Arropak eta puskak bildu ditugu,

bestalde aparte batetik begiratu

eta joan egin da. Negar egin dut gero

amodioa deitu zera hori etorri zait burura.

Aldeginak ziren denak, zerbitzaria,

lejia usaina inguruan, hondakinak

biltzen ari zen zaku beltzetan. Ibili eta buelta

aratz nahiez zaborra gertu amaitzen dut beti.

  • Perurena, P.: Hitzegitea,  hutsegitea da, in Elinberri:

1.Euskadirik gabe? Bai, Euzkadi merezi zuten. Arrazoi zuen Koldok. Eta Euskadi Ta Askatasuna ere bai merezi genuen, Pertur. Baina zertara etorri gara? Euskal Herria bere onera zetorren ustean, Euskal Hiria eske hastera? Enbeita gurusa berriari aditu diodan egiarik finena, non eta Leitzan bertan, euskaldunon kastaren bihotz sikologikoan: “Zeuen himnoa da: Agiragirando… lau gara hemen, bi kantari eta, den denak esken”. A zer gudari baskoiak, gu! Nik sumatu dudan fintasun bakarra hauxe da: euskaldun xaloak, ibili eta buelta, muzin egiten diola edozein asmazio beharturi: Euzkadi, Euskadi, Euskal Hiria… Ezin dut laburrago esan. Hitzaren mediku finak maite ditut. Ez baita munduan botika hoberik. Humanitatearen ikur identitario bakarra da: hitzen ondoeza. Asironen “buklea” lapsus ederra izan da. Noiz onartuko ote du purismo jasangaitzetik umekeria populistara etorri den Euskaltzaindiak?

Iturriak

Erran, Susa, Elinberri.

Txoritegian egon

Azalpena

Arreta galduta egon.

Aldaerak

Zeruan jarri

Zeruko izarrak kontatzen ari izan

Izarrei begira egon

Xor-xor egon

Ilargian egon

Photo by  Charles Postiaux en Unsplash

Beste hizkuntza batzuetan

gazt. Estar en Babia, estar en la luna, estar en el limbo, estar pensando en las musarañas

fr. Être dans la lune

Testuinguruan

  • Goitia, J.: Indoeuropar gozokia labean baina Euskeraren ginda barik, in Euskeraren jatorria (20215-III-29):

Erromatar Inperioaren erorketatik eta  XIXgarren mendea ongi sartu arte, Europa osoa, hamalau mendeetan,  txoritegian egon da, Grezia eta Erromaren zibilizazio klasikoak, gure historiaren eta gure jakinduriaren oinarria izan zirela ametsetan. Bitarteen ahaldunek (botereak) saltsa lodi bat sukaldatzen zuten, ideia hori jenteari sartzeko.

Sir W. Jonesek  Latin eta Grekerak sanskritoarekin antzekotasuna zuela  aldarrikatzen hasi zuenetik, testuinguru aurre-erromantiko batean, germaniarren “sukarra” biztu zen.

Miguel Unamuno plazan nindoan. Goiz samar zen. Jende gutxi inguruan.

Burua txoritegian nuela, norbaitekin egin nuen estropezu. Kolpe majoa hartu nuen gibelean. Oso majoa.

Iturriak

Elhuyar, Esaera jatorrak, Labayru, Euskeraren jatorria, Google Books

Egurra eman

Azalpena

Gogo handiz jardun.

Aldaerak

Egurra emon

Egurra

Photo by  Sergey Lapunin on Unsplash

Beste hizkuntza batzuetan

gazt. Dar una paliza, dar leña

fr. Tabasser, rouer de coups

Testuinguruan

  • Ttipi-Ttapa: “Egin zidatenak gogorragoa izaten erakutsi dit”, in Ttipi-Ttapa (2020-X-18):

«Soldaduskako baimenarekin etxera etorria» zela atxilotu zuten Josu Goienetxe Etxebere. Bai hasieran bai gerora ere «egurra» eman omen zioten, «kolpeak etengabeak» izan zirela dio. Gogorrena, ordea, psikologikoa izan omen zen: «ama eskoba kirtenarekin bortxatu zutela edo hil zela erraten zidaten». Gehiago ere bai: «buruan pistola paratu eta batek katua sakatuz klak egiten zuen bitartean bigarrenak tiroa botatzen zuen. Bertan gelditu nahi izan nuen».

  • Gorriti, A.: Duintasunez jokatu arren, egurra jaso du Euskal Selekzioak Argentinaren aurka (21-35), in Naiz (2021-X-26):

Euskal Selekzioak eta Argentinak jokatu aurretik Finlandiak eta Luxenburgok jokatu dute Berangon jardunaldiko aurreneko neurketa. Finlandiak sekulako egurra eman dio Europa erdialdeko selekzioari, eta 18-30 nagusitu da.

  • Fernández, J.: “Zilegitasuna txapelaren bidez lor daiteke, edo elkarri eman diezaiokegu”, in Pikara magazine (2022-V-4):

S.A.: Finalera zortzi sartzen badira, hamar urtez ibili naiz bederatzigarren geratzen. Hortaz, pasa den urtean lortu nuenean, egurra eman behar nuen! Zaila da bertsolaritzan mantentzea kirolaren logika duelako: hogei urterekin kolpea eman behar duzu eta, zoritxarrez, jende askok bidean uzten du. Nik ere uztea pentsatu izan dut, baina tematu naiz.

Iturriak

Elhuyar, Intza, Labayru, Ttipi-Ttapa, Naiz, Pikara magazine

Ederra egin

Azalpena

Oker egin, asmoa hondatu.

Beste hizkuntza batzuetan

gazt. Hacerla buena, cometer algo disparatado

fr. Faire une saloperie

Testuinguruan

  • Eguskiza, Gaizka: Kerik ez, baina sua, bizi-bizirik, in Aikor aldizkaria (2011-I-25):

Marg­a, berriz, legearen kontra azaldu da. “Erretzailea naiz eta geuri ederra egin digute! Nire ustez, taberna mota bi egon beharko lirateke: batzuk, erretzaileentzat, eta besteak, erretzen ez dutenentzat. Erretzaileek erlaxatzeko eskubidea dugu. Legea oso erradikala iruditzen zait, oso zorrotza, diktadura batean egongo bagina bezala. Baina atsotitzak dioenez, “nekeetan, irria ezpainetan” eta orain umeekin sartu ahal zara tabernetan”.

  • Larretxi, Ruth: bizitzari hozkaka, in Alea (2013- V- 16):

Mehatxua egin digute. Administrazio zigorra eta 600 euroko isuna denda-kanpaia kentzen uzten ez baldin badiegu. “Bada, eraman dezatela!” erabaki dugu guztion artean. Baina bere ordez material sanitario ugari ekarriko dugu, besteak beste, esku-oheak. “Eta nola ez, baita Gabonetako zuhaitza ere!”, adierazi du lankide batek. Antza denez, txantxak ez du graziarik izan eta horregatik orain horrela gabiltza. Ederra egin dugu. Lau furgoneta kanpoan, telebistako kamera bat atea parean, eta polizia gehiegi geure inguruan. Zuzendaritzak Ertzaintza berriro deitu du zirko honekin amaitzeko. Nik txotxongilo batzuk balira moduan begiratzen ditut, bide batez beldurra ez sentitzeko. Motibatuenak oihuka jarraitzen dute; “Osasun Publikoa defenda dezagun!”. Ni neu isilik, tutik ere esan gabe, barne eztabaidan. Berriro ere hainbat pentsamendu burura datozkit. Herri harresiak, hauek bai ausartak!. Ez, bai, ez bai…deskuidu batean altxatu naiz eta hanka egin dut, indarrik ez egoera honi aurre egiteko. Beste batzuk han geratu dira, identifikatzeko prozesu tamalgarri horretan. Banoa, burua makurtuta. Banoa triste, haserre, urduri, deseroso, nolabaiteko itxaropenik gabe. Poliziak aginduak bakarrik betetzen dituela adierazten du. Oraingoan, ospitaleko zuzendarien agindua, besteetan Entzutegi Nazionalarena, hurrengo baten Urkulluren gobernuarena… Momentuz boterearen pilota non dagoen badakigu, baina noiz arte?

Iturriak

Labayru, Intza, Aikor, Alea

Bete-betean asmatu

Azalpena

Osoki, erabat, guztiz asmatu.

Aldaerak

Erdi-erditik igarri

Bete-betean igarri

Erdiz erdi jo

Photo by Vitolda Klein on Unsplash

Beste hizkuntza batzuetan

gazt. Dar en el clavo

fr. Mettre dans le mille

Testuinguruan

  • Manterola, Aitor: Bete-betean asmatu dut Araskira etortzen, in Berria (2020-X-10):

-Zergatik aukeratu zenuen Araskira etortzea?

-Erakarri egiten ninduen arlo askotan. Kluba oso lan ona ari da egiten urte askoan, eta egonkortuta dago. Zalantzazko egoera honetan, garrantzitsua da gauzak ondo egiten diren leku batean egotea, lasaitasuna emango dizun toki batean. Klubak ondo zaintzen gaitu guztiak; goraka doa ligan, eta jokalari multzoa eta haien jokatzeko modua asko gustatzen zaizkit. Haietako batzuk ezagunak ditut beste talde batzuetatik, Made [Urieta, entrenatzailea] ere ezagutzen dut Espainiako selekziotik. Hiria ere gustatzen zait. Banekien eroso eta pozik egongo nintzela, eta hala da. Bete-betean asmatu dut etortzen.

  • Irureta Azkune, Onintza: Estetikoki erakargarria da eta euskara gozagarri, bete-betean asmatu dute, in Argia:

-Zer da azpimarragarri saioan?

-Munduko esperientzia oso desberdinen berri emateak, beste tribuez aritzeak, alegia, guretik mundura eta mundutik gurera zabaltzeko ikuspegia lantzeko balio du, asmatu du ikuspegi globala ematearekin. Bestalde, ukitu europarra du saioak; ohiko kamera eta irudi estatikoetatik mugimendura salto egin dute. Estekikoki erakargarri izatea, eta euskara gozagarri egitea, hainbeste aipatzen diren garaiotan, bete-betean asmatu du.

Opari berezi bat egin nahi baduzu eta bete-betean asmatu, OPARITU SARRERAK!

  • Iturbe, Arantxa: Honetara ezkero, in Susa:

Nire gurasoak urduri jartzen ziren amatxi etortzekoa zen bakoitzean. Oso gutxitan etortzen zen. Medikutarako ordua goizean goiz zuenetan bakarrik. Amatxi, aitaren ama, urruti bizi baita. Urruti, herrira oinez jaitsi eta bata bestearen segidan autobusak eta, presa, ezina edo pereza izanez gero, taxia ezinbesteko duenarentzat. Autoan minututan konta liteke joan-etorria. Horregatik joaten zen aita haren bila eta etxera ekartzen bezperatik.

Etorkizuna irakurtzen du amatxik. Asmatu, zehaztu zuen behin amak, irakurri ez. Amatxik entzun eta arrazoi eman, horixe, asmatu egiten zuela. Bete-betean asmatu ere. Asmatuko ez balu, inor ez litzaiokeela hurbilduko.

Ama ez zitzaion hurbiltzen. Juxtukoa bakarrik. Kortesiazko muxu parea ematen zioten elkarri lehen. Amatxik burua apartatu zionetik ama ez zen gehiago saiatu. Aitak txikikeria hura noiz ahaztuko ote zuen galdetu zionean etorkizuna asmatzea beste baten gaitasuna zela gogorarazi zion amak.

Iturriak

Elhuyar, Labayru, AhotsakBerria, Argia, Gayarre antzokia, Susa