Etiketaren artxiboa: itxura

Gauez katu guztiak beltzak

Azalpena

Iluntasunean edo argi falta dagoenean, erraza da akatsak ezkutatzea edo ez antzematea.

Aldaerak

Gauez katu guztiak arreak/nabarrak

Gaubean katu guztiek dire baltzak

Gaua sartua, dena nahastua

Photo by  Hannah Troupe in Unsplash

Beste hizkuntza batzuetan

gazt. De noche, todos los gatos son pardos

fr.  La nuit, tous les chats sont gris

en. All cats are grey in the dark

gal.  De noite todos os gatos son pardos

Testuinguruan

  • Arrieta, Y.: Iraungitze datak, in Ikasbil:

Delako emakume psikologoak, ordea, fenomenoaren ezaugarri bat azpimarratzen du. Hau da, itxura denez, egungo bikote harremanetan entrega gutxiago omen dago, eta, hain zuzen, bihotz emate-ez horren ondorioz sortzen dira, gero, delako krisialdi eta iraungitze datok.

Ez dakit ba, ez dakit. Nik bakarrik dakit ondokoa kafesnea zurrustaka edaten, puzkerrak edonon botatzen, atzamarrak sudurrean sartzen, orraztu gabe txandal zulatuaz pasilloak zeharkatzen, arropa zikina aulki gainean pilatzen hasten denean, iraungitze data horren ondorioak nabaritzen dituzula zuk, eta, orduan, argia amatatzen duzula, gauez katu guztiak beltzak direla gogoratuz.

Kontuz! Ez ibili bakarrik gauean. “gauez katu guztiak beltzak” Ez konfiatu!. Pixa egitera bazoaz, norbaitekin joan. Itzuli etxera taldeka, besteekin batera: hartu taxia, ez itzuli etxera oinez bakarrik! Begiratu, norbait zure atzetik doan…

Hauek dira alabari (bai, aitortzen dut) ematen dizkiodan mezuak. Niri, gurasoek ematen zizkidaten antzekoak. Gure alabak babestu nahi ditugu “mundua gizonen mundua baita eta zu beraien munduan sartzen bazara arriskua hartzen duzu”.. hau pena ezta? Gure alabei BELDURRA transmititzen diegu, nahi gabe, konturatu gabe… gure maitasun osoz!

  • Guareschi, G.: Beldurra oraindik, in Armiarma:

Hala zen. Inork ez zuen ikusi nork bota zuen tiroa taldeko hogeitabost gizonetatik. Pizzi lurrera erori zenean, denak kamioira igo eta hitzik atera gabe sakabanatu ziren gero, eta kontu hartaz ez zuten gehiago hitz egin.

        Pepponek begietara begiratu zion Zakarrari.

        —Nor izan ote zen? —esan zuen.

        —Batek jakin! Heu, beharbada!

        —Ni? —Pepponek oihuka—. Nola, ez banuen armarik ere?

        —Bakarrik sartu hintzen Pizziren etxera. Inork ez zian ikusi zer egin huen han barruan.

        —Baina, leihotik bota ziaten tiroa. Norbaitek jakingo dik nor zegoen leiho ondoan!

        —Gauez katu guztiak beltz: zerbait ikusi zuenak ere ez zian ezer ikusi. Pertsona batek bakarrik ikusi zian tiroa bota zuenaren aurpegia: umetxoak. Bestela, etxekoek ez ziaten esango ohean zegoenik. Eta umeak badaki, On Camillok ere bai. Benetan jakingo ez balu, ez zian esango eta egingo esan eta egin duena.

        —Madarikatua hona ekarri zuena! —oihu egin zuen Pepponek.

Iturriak

Ikasbil, Hezkidetzan Esku Hartzen, Armiarma

Oinaztura handi eta euri gutxi

Azalpena

Mehatxu gogorra ezerezean geratu.

Aldaerak

Oinaztura handi eta euri gutxi ukan

Oñaztura andi ta euri gitxi

Kakaraka ugari eta arrautza gutxi

Intxaurrak bost, hotsak hamabost

Photo by   Jonas Kaiser on Unsplash

Beste hizkuntza batzuetan

gazt. Mucho ruido y pocas nueces

fr. Beaucoup de bruit pour rien

en. Much ado about nothing

kat. Molt soroll per (no) res

gal.  Moito ruído e poucas noces

Testuinguruan

Gaztelako zuzenbidearen arau masa heterogeneoa sistematizatzea zen helburu nagusia, ez ordea gizarte-ordena berri bat sortzea. Horregatik, hizpide dugun lehen 1821eko kode-proiektuari buruz esaten dute Ana Barrero-k eta Adela Mora-k «oinaztura handi eta euri gutxi»-ko aldarrikapenak egin zirela bertan. Izan ere, Espainian ez baitzen egon, Frantzian gertatu zen bezala, kodearen bitartez pribatuen arteko harremanen eta familiako erakundeen sakoneko eraldatze bat aurrera eramateko asmorik; kodearen ideia aurreko zuzenbidearen errebisio soilean oinarritu zen penintsulan.

Iturriak

Elhuyar, Intza, Euskal zuzenbide_artikuluak