Etiketaren artxiboa: kritikatu

Diruak malkarrak zelaitzen ditu

Azalpena

Dirua edukiz gero zailtasunak ez dira hain neketsuak.

Aldaerak

Diruak malkarrak zelaitzen

Diruak ate guziak iriki

Diruak aldapa denak berdintzen ditu.

Photo by Pop & Zebra  in Unsplash

Beste hizkuntza batzuetan

gazt. Poderoso caballero es don Dinero

fr.  Qui a de l´argent, a des coquilles

en. Money is power

kat. Poderós cavaller, don Diner

gal.  Podente cabaleiro é don Diñeiro

Testuinguruan

Leku aldapatsua da malkarra; batez ere erosotasun gutxi edo batere ez duen lekuari deitzen zaio malkar. Lekuari dagokion esanahia luzatuz, zerbait bereziki zaila denean, oztopoz betea, malkarra dela esan ohi dugu: hizkera errazean hitz egin zuen, malkarrik gabekoan. Edota: bide malkarretan ibili behar baserri horretara iristeko. Horrelakoetan, adjektibo bilakatzen da, eta malkartsu du esanahia. Malkar-bideak bide aldapatsuak dira, erabiltzen zailak, eta malkarrez malkar edo malkarrik malkar ibiltzen da aldapaz aldapa dabilena. Diruak dena berdintzeko eta gainditzeko duen ahalmena aipatzeko esan ohi da: diruak malkarrak zelaitzen (ditu).

  • Enbeita, O.: Dirua, in Berria:

Loteria tokatu da gure ondoan, eta badago poza baino eman ez didan jendea. Badakit orain dirua ikusi duten batzuk gaizki pasatzen egon direla, edo pasatu izan dutela. Dirua, dirua baino ez da; baina poz txikiren bat ekarriko du. Loteriaren absurdoan ere, justizia dago batzuetan: etxea galtzeko zorian egon den norbaiti tokatzen zaionean, esaterako. Beste kasu batzuetan, bizitzak mukirik ez daukanari eman dio zapia. Dena dela, poza zabaldu da herrian, eta poza beti da lagun ona.

Lagun onak adina poztu dira banketxeak. Ez dira inoren lagunak, baina gehienon bizitzak kudeatzen dituzte; zuzenean ez bada zeharka. Zapatu arratsaldean Gernika-Lumoko sukurtsalak ireki egin zituzten. Ulertzen dut beharrezkotasuna, onartzen dut urgentzia, sinisten dut dezimoa lapurtuko ote zioten beldurrez zegoela jendea.

Baina banketxeak… arratsaldez astean behin eta gauza konkretuetarako baino irekitzen ez dutenak, erreziboen ordainketa goizeko lehen orduan bakarrik onartzen dutenak, dirua sartzearren kobratzen digutenak, ez dakit zenbat diru baino gehiago behar dugunean aurretiaz eskarazten digutenak… larunbat arratsaldez zabalik. Ustez, zerbitzua errazteko. Nola zioen esaera zaharrak? Diruak malkarrak zelaitzen.

  • Mugertza Unanue, J.L.: Oihanerako txartela, in Berria:

Lehenengo eguna bertako giroa ezagutzeko eta plana egiteko erabili badugu ere, informazio-bulegoan jasotako argibideek ez digute guk gauzatu nahi dugun txangorako aukera handirik eskaini: «Yanomamiak oso urruti daude! Hobeto inguruetan osteratxo bat egiten baduzue». Baina alperrik aritu dira geure helburua, ametsa, zoramena edota dena delakoari trabak ipintzen: erabakia hartuta dugu. Hiru eguneko epea ipini diogu geure buruari abentura gauzatzeko. Lehengo bi egunetan bertako askorekin berba egin eta gero, nahikoa etsita egon gara; denak dira trabak. Hirugarren egunean, oheratu aurretik, diruak leku malkarrak zelaitzen dituela oso nabarmen gelditu da. Ez dakigu nork esanda, baina Goyo izeneko mutilak eskaini du bere burua yanomamiak ikusteko: «Nahi baduzue San Carlos de Rio Negrora joango gara hegazkinez eta handik hiru bat egun txalupaz egin eta Coromotora joango gara; bertan yanomamiak daude». Tribuko nagusiaren semea ezagutzen omen du Goyok eta horrek lagunduko digu, antza, bertan kanpatzen. Dena den, plana oraindik airean dago, zeren eta eskatutako dirutza neurriz gainekoa iruditu zaigu biok bakarrik ordaintzeko. Jende gehiagoren beharretan gaude. 

  • Osa, E.: Moral bikoitza, in Deia:

Iraganean zein orainaldian, kirolaren eremua, eta futbola modu ezin adierazgarriagoan, sarritan erabili izan da erregimen totalitarioak eta diktadurarik ankerrenak homologatzeko eta (izan) duten irudia nolabait gozatzeko. Futbolaz ari garela, halaxe suertatu zen Mussolini italiar diktadorearen sasoian, 1934. urtean. Orduan ere futbola izan zen bidelagun. Bi urte geroago, naziek mendean hartutako Alemanian antolatu ziren joko olinpikoak, juduak masakratzen eta disidenteak akabatzen ari ziren bitartean. Videla argentinar diktadoreak futbola baliatu zuen 1978. urtean nazioartean beste irudi bat emateko, futbol partidak egiten ari ziren estadioen inguruko kuarteletan jendea torturatzen eta desagerrarazten ari ziren bitartean… Eta zenbat halako!

FIFAko presidentea diru bila abiatu da Qatarrera, ez dago bestela ulertzerik… Eta bidean geratu dira txapelketa jokatzen ari direneko zelaiak eraikitzen lagundu duten milaka migratzaile, inoiz ezagutuko ez ditugunak. Beste aldera begiratu da pairatu duten eta pairatzen ari diren miserien aurrean, are alderago emakumeek zein bestelako gizataldeek jasan eta jasaten ari direnak. Diruak malkarrak zelaitzen baititu mundu dohakabe honetan!

Iturriak

ZarautzGuka, Berria, Berria, Deia

Besteen akatsak ikusteko betaurreko beharrik ez

Azalpena

Norberaren akatsak ikusi ez eta besteen akatsei erreparatzen dienarengatik esan ohi da.

pixabay.com

Beste hizkuntza batzuetan

gazt. Vemos la paja en el ojo ajeno, y no la viga en el propio.

en. See the mote in your brother’s eye and not the rafter in your own.

fr. Nous voyons la paille dans l’œil du voisin, mais nous ne voyons pas la poutre dans le nôtre.

cat. Veure una palla en els ulls dels altres i no veure la/una biga en els seus.

gal. Vemos a palla no ollo doutro e non vemos a viga no noso.

Testuinguruan

=>    Eizmendi, Maider, Besteen trapuei begira, Gara (2010-03-30)

Besteen trapuei begira

Maila batean edo bestean, guztiok dugun akatsa da. Zaila da nork bere gabeziak eta egiten dituen hutsegiteak ikustea; parean daudenenak, ordea, nahi gabean, argi azaltzen zaizkigu begietara. Joera errotua da eta euskal atsotitzen zerrendan makina bat adibide topa ditza-kegu. Niri guztien artean bat gustatu zait: «Besteen akatsak ikusteko antiojo beharrik ez». Zuzena eta argia, azalpen beharrik gabekoa eta batek baino gehiagok beretzat hartu beharko lukeena.

Iturria

GaraGotzon Garate

Norbaiti azpiak jan

Azalpena

Norbaiti buruz gaizki esaka aritzea da.

Ad.: hor zabiltzate orain ere azpiak jaten satorra bezala: ahí estáis, chismorreando, (socavando como el topo) como de costumbre (Elhuyar hiztegia).

Jendea solasean, Pixabay.com.

Beste hizkuntza batzuetan

gazt. Poner verde a alguien.

fr. Traiter quelqu’un de tous les noms.

en. Bad mouth somebody.

Testuinguruan

AGIRRE, D., Garoa, 1907-1912.Intza proiektua

—   Zertan zaudete beti emen sartuta? Norbaiti azpiak jaten?

AGIRRE, D., Kresala, 1906. Euskal Klasikoen Corpusa (EKC)

Jose Antonio? Iñoren ona ezin ikusi daben dollorren batek, satorraren antzera edonori azpiak janaz bizi dan ozkil, salatzalle, guzurtiren batek.

Orotarikoa

Barriketak entzunaz ta erritarren esamesak batuaz, azpiak jaten, sator-lanean jarduteko asmoz. Erkiag BatB 81.

Iturriak

Elhuyar, Orotarikoa, Intza Proiektua, Euskal Klasikoen Corpusa, Wordreference.