Etiketaren artxiboa: sufrimendua

Gorriak ikusi

Azalpena

Sufritu

Aldaerak

Gorriak eta beltzak ikusi

Eguraldi gorriak ikusi

Egun gorriak ikusi

Gorriak igaro

Senperrenak ikusi

Elorrio(ak) ikusi

Bereak eta bi

Beste hizkuntza batzuetan

gazt. Pasarlas moradas, pasarlas canutas

fr. En voir des vertes et des pas mûres

Testuinguruan

  • Plaentxia.eus: Soraluzera itzuli zirenean gorriak ikusi zituzten askok, in Plaentxia (2019-X-22):

Etxera bueltatu zirenean askok huts-hutsik aurkitu zituzten haiek; beste batzuek banatuta zuten familia. Gizonezkoen kasuan, berriz, kuarteletik pasa behar izaten zuten askok. Gorriak ikusi zituztela kontatzen dute Isiltasuna Hausten liburuaren gaurko pasartean.

  • Sastre, Alfonso: Ez da pale egiteko oldua, in Susa (1986):

CORTADILLO: Alde honetan behintzat ez dago. Zorigaiztokoa ni! Eta nola agertu behar dugu kapitaindegian txinorik gabe? Adarra jo digu alu arraio horrek, denbora guztian hain txepel etorri eta gero. Hara! Oin-hotsa da. Bera daiteke. (Jaso porra, eta, muturra agertu duen norbaiti eman dio. Han joan da zerraldo. Rinconete da).

RINCONETE: (Grogy). Nin niduan.

CORTADILLO: Esan besterik ez huen.

RINCONETE: Akabatu nauk asesino horrek.

CORTADILLO: Barka iezadak, gizona.

RINCONETE: Gorriak ikusi dizkiat.

CORTADILLO: Nik zer nekian? Txinoa zetorrela urreratzen uste nian nik.

RINCONETE: Odola ugari zihoakidak.

CORTADILLO: Horrela izaten duk burua.

RINCONETE: Buruhezurra igoal puskatu didak.

CORTADILLO: Odola oso eskandalosoa ohi duk, ez apuratu. Eta abia gaitezen. Egon litekek bestaldean ezkutatua, palmera haien artean. (Nekez dabiltza).

  • Kortabarria Olabarria, Beñardo: Atun gorriak, gorriak ikusi beharko ditu, in Elhuyar Zientzia (1999-VII-11):

Kopuruez aritu gara orain artean, baina harrapaketen kopuru altua baino harrapaketen modua larriagoa izan daiteke. Izan ere, errunaldi-garaian dauden atun gorri gehiegi harrapatzeaz gain, atun gazteegiak ere harrapatzen dira. Atun gorria bost urterekin iristen da heldutasun sexualera -30en bat kilo dituenean- , hala ere, legez sei kilo t,erditik gorako atunak ere harrapa daitezke. Mediterraneoan eta Bizkaiko Golkoan sei kilo eta erditik beherako atunen harrapaketa, batez-beste harrapaketa guztien % 35-40 izan daiteke. Horrek esan nahi du atun gazteen merkatua gora egiten ari dela, eta -zientzialarien ikuspuntutik- espeziaren etorkizunak kolokan dagoela. Hori dela eta, aurtengo kanpainari begira, Atunaren Kontserbaziorako Nazioarteko Batzordeak harrapaketen kuota ezarri du, 32.000 tonakoa. Edozelan ere, aipatu Batzordearen iritziz, harrapaketen kopurua 25.000 tonara jaitsiko balitz atun gorriaren galera geratu egingo litzateke, baina ez litzateke suspertuko. Gauzak horrela, argi dago atun gorriak gorriak ikusi beharko dituela.

  • ASPE: Erik Jaka txapeldun, in Aspe (2020-XI-30):

Erik Jaka da 2020ko buruz buruko txapelduna. Ezohiko urte honetan, ezohiko txapelketa joan da, eta txapelduna ere ezohikoa suertatu da. Lehen tantoetatik aurrea hartu du lizartzarrak, eta aurretik joan da amaierara arte. Bukaeran sei tantoren alde ederra ere izan du, baina, azken tantoa egin ezinda, gorriak ikusi behar izan ditu lizartzarrak. Dena den, sufrimenduari esker, 22 eta 20 irabazi dio Jokin Altunari, eta estreinakoz jantzi du buruz buruko txapela. Pozarren agertu da txapelduna partida amaieran: “Amari eskaintzen diot garaipena. Azkenaldian izugarri sufritu dugu familian, eta, dudarik gabe, bera daukat buruan. Berak emandako indarragatik izan ez balitz, ezinezkoa izango zen halako balentria bat lortzea”.

Iturriak

Elhuyar, Intza, Labayru, Euskaltzaindia, Plaentxia, Susa, Elhuyar Zientzia, Aspe