Etiketaren artxiboa: umorea

Zer berri? Zaharrak berri

Azalpena

Aldaketarik ez dela izan adierazteko erabiltzen da.

Aldaerak

Zar berri? Zaharrak berri

Zaharrak berri

Zaharrak barri

Zer berri? Zerritegian zerri

Zer da berri? Iaz hil zena eztela ageri.


Photo by Chris in Unsplash

Beste hizkuntza batzuetan

gazt. Nada nuevo bajo el sol; Sin novedad (en el frente)

fr. Rien de nouveau sous le soleil

kat. No (hi ha) res de nou sota el sol

gal.  Nada novo baixo o sol

Testuinguruan

Egun hauetan urte zaharrari agurra eta berriari ongi etorria eman diogu. Urtea hasterakoan datorren urterako norbanakoen proposamen ekaitza, baina 2023. urtean langileontzako zer berri? Zaharrak berri.

Patronalak diru-gosez jarraituko du eta langileok, pobretze prozesu iraunkor honetan, KPIari lotutako soldaten igoerak lortzeko irmoki borrokan jarraitu beharko dugu. Adinekoen egoitzetako eta kirol kudeaketako langileen atzetik beste asko etorriko direlakoan nago.

Pentsioetan murrizketa berrien zalaparta izango dugu berriz eta suposa dezakegu zerbitzu publikoen egoerak ez duela hobera egingo.

Langileak lanean, migranteak itsasoan, eta emakumeak gizonen eskuetan berriro erailak izango dira.

Argindarra, gasa eta elikagaien prezioak ez dira jeitsiko,  eta langileon prekarizazioa areagotuko da.

Finean, urte berri honetan kapitalak berea egiten jarraituko du eta, hortaz, kontsumoak eskaintzen digun norbanakoen sinplekeritan galdu beharrean, 2023 urteari benetako ongi etorria emateko, batu gaitezen langile guztiok eta kolektibiza ditzagun gu guztion borrokak. Hori izango baita eman diezaiokegun ongi etorririk beroena. Orain bai: Urte berri eta gorri on!

  • Apezetxe Murua, E.: Zaharrak berri, in Erran.eus:

Munduak lehen abisua pasatu digu eta gure esku dago gure ingurukoei, seme-alabei, ilobei edo bilobei zer etorkizun utzi nahi diegun erabakitzea. Albert Einstein zientzialariak bere esaldi famatuetako batean erraten zuen emaitza desberdinak lortu nahi badira, ez direla ekintza berberak errepikatu behar. Guk ordea, formula zaharrak aplikatzen segitzen dugu harri berean behin eta berriz tupust egiteko dugun ohiturari eutsiz. Normaltasun berri, zaharrak berri!

  • Txurdan: Zaharrak berri (Arrarasko berri), in Amezti:

Beste herriren bateko adiskide batekin topatzen bazara eta zer berri den bere herrian galdetzen badiozu, erantzuna ia seguru honako hau izanen dela:

—Zaharrak berri!

Bai, gehienetan hala izaten da, baina beste batzuetan kontua da zure adiskideari, hola, bat-batean, ez zaiola deus gogoratzen, besterik ez, berri franko izaten baita.

Lehengo egun batean Arrarasko bi adiskideekin egon nintzen, Iruñean batekin eta Arraratsen bestearekin, eta nire galdera berberari erantzun bera:

—Zaharrak berri!

Jakina, gero hizketan hasi eta poliki-poliki konturatu gara Arraratsen berri asko izan dela azken urte honetan.

Iturriak

Labayru, Euskaltzaindiaren Hiztegia, Elhuyar, Euskalerriairratia.eus, Erran.eus, Amezti

Adarra jo

Azalpena

Norbaiti burla egin edo ziria sartu. Iseka egin, trufatu.

Aldaerak

Harpa jo

Azak jo

Bertsoa jo

Tronpa jo

Beste hizkuntza batzuetan

gazt. Tomar el pelo

fr. Faire la barbe

Testuinguruan

  • Egaña, Andoni: Adarra jo, in Berria (2021-II-19):

Munduan ibiltzeko jarrerarik galgarriena dela uste dut. «Niri ez didate adarrik joko» goiburutzat hartuta ibiltzen da zenbait bizitzan. Ezagutuko dituzue inguruan «niri ez didate adarrik joko»-ren batzuk. Eskarmentudun pertsonak izaten dira, txarrak jasandakoak askotan. Une batetik aurrera krak! egin eta «niri ez didate adarrik joko»-ren aldera igaro direnak.

Berekoitzat hartuko dituzu hasieran; xelebretzat akaso; bereari baino begiratzen ez dioten gutiziatsutzat. Baina ez dira hori —hori soilik ez, behintzat—, «niri ez didate adarrik joko»-tarrak. Minetik datoz, eta gai dira berriz min ez hartzeagatik besteri min emateko. Pandemia garaiotan, lehenez gainera, nabarmendu egin dira. Tabernariak esertzeko eskatu diola? Ez doa beretzat. Beti zutik hartu izan du txikitoa berak. Berari «ez diote adarrik joko». Azkenean, xextra. Udaltzainak musukoa ongi jartzeko agindu diola? Ikusi ditu beste batzuk musukoa gaizki jarrita eta haiei ez die deus esan. Zergatik berari bai? Adarra jo nahi al diote? Ika-mika azkenean. Udalerrien mugak ezin direla gainditu? Berari ez diote adarrik joko. Ezagutzen du modu bat…

Jasandako minak beldurra sortzen du. Beldurrak, mesfidantza. Mesfidantzak, «niri ez didate adarrik joko»-tarrak. Eta horiek jendartea zulatzen dute…

  • Mardaras, Arrate: Pendrive, in Susa (2013):

Heldu gara, zorabiatuta zaude, ez duzu egin nahi, honezkero igarri duzu zertara zoazen. Atea jo duzu, txakurraren oin-hotsak entzun dituzu, umeenak dira harrabotsak?

Atea ireki da, aurrez aurre daukazu. Arma aurpegi aurrean jarri diozu.

Zure beste armak kaskoa eta betaurrekoak diren arren, ezagutu egin zaitu.

 — Zer egiten duzu zuk hemen? Ez zenuen pendrivean egon behar? —diotsu editoreak harridura aurpegiarekin.

— Barkatu —bat-batean iratzarritakoaren keinu inozoa egin diozu—, erratu egin naiz, senarra hiltzera joan behar nuen.

— Ba, zoaz agindua betetzera —erantzun dizu—, eta esaiozu idazleari adarrik ez jotzeko ez zuri ez niri.

Adarra jotzen du idazleak? Egoerarik onenean ere eszenatokitik at geratzeko aukera ematen digu-eta! Ikusle hutsak izan gaitezke-eta! Ez al gara, ordea, protagonistaren azalarekin janzten gehienetan? Eta beste pertsonaia askoren azalarekin ere askotan? Horrela, bidaia ezezagun baterako izena ematen dugu. Inongo arriskurik ez duen bidaia baterako izena, edozein mementotan amai dezakeguna, irribarre batzuez edota negar anpulu batzuez ordainduko duguna. Pagotxa hutsa!

  • Azpeitia Eizagirre, Agurtzane: Zestoarren erretolika, in Zestoako Udala (2003):

Garbi dago Zestoan gure aitona-amonek ez dutela erdararen laguntzaren beharrik izan elkarrekin jolastu, haserretu, lan egin, elkarri adarra jo edo maitasun-sentimenduak hitzez adierazteko. Ez dute euskaraz dihardutenean zerbait adierazteko (edozer delarik ere “zer- bait” hori) gaztelerara jo beharrik sentitu. Beren bizitzaren eginbehar guztiak euskara hutsean egin dituzte, horretarako gaitu baitute beren herriko hizkera.

Iturriak

Elhuyar, Intza, Labayru, Harluxet, Berria, Urtxintxa, Susa, Zestoako Udala.