Idazten laguntzen diguten gauzez

Castillo Suárez @casti_suarez / Argia aldizkaria / 2023-02-26 / 146 hitz

Lorategi bat zaintzeak idazten laguntzen du. / Leihotik begiratzeak idazten laguntzen du. / Lehenago egon ez den leku batera bidaiatzeak idazten laguntzen du. / Udako egun batean bideari jarraiki gidatzeak idazten laguntzen du. / Batzuetan, Miguel Bosé entzuteak idazten laguntzen du. / Asteko egun batean arratsaldeko lauretan dutxatzeak idazten laguntzen du. / Astegun batean arratsaldeko ordu bietan zinemara joateak idazten laguntzen du. / Zereginik ez izateak ez du idazten laguntzen. / Zorigaiztoko samar sentitzeak, batzuetan, idazten laguntzen du”. Leila Guerrieroren testua gustatzen zait, idazten laguntzen diguten gauzei buruzkoa. Nik elurra gehituko nuke; elur malutak aurrez aurre datozkizunean parabrisarantz. Erdi lo nagoenean jendeak edukitzen dituen elkarrizketak hegazkinetan. Larunbat goizetako kafea tren geltokitik gertu dagoen tabernan. Laura Ferroren Instagrama; baina, ororen gainetik,  idazten dudan lerro bakoitzak hobea egiten nauela sinisteak. Guk mundua aldatu ez, baina geure burua mudatzen ari dela prentsatzeak. Izan ere, idaztea sineste ariketa bat da.

Europako hegaztien migrazioen online atlasa

Elhuyar aldizkaria / 2022-06-02 / 184 hitz

Europako Hegazti Migratzaileen Atlasa aurkeztu du Europako hegaztien eraztuntzeak koordinatzen dituen EURING erakundeak. Europan habia egiten duten 300 hegazti-espezieren migrazio-ibilbideak eta mugimenduak kontsulta daitezke online, migrationatlas.org webgunean.

Lan aitzindaria da Europa mailan, ez baitago hegaztien migrazio-ibilbideei buruzko informazio hain zehatzarekin aldera daitekeen ekimenik. Atlas hau egiteko datuak eman dituzten bulegoen artean, Aranzadiko Eraztun Bulegoa dago.

Migrazio-bidaiez eta birharrapaketez gain, hegazti espezie bakoitzerako egindako fitxak ere kontsulta daitezke. Fitxa bakoitzak Europako populazioen egoerari, joerei eta mehatxu-kategoriei buruzko informazioa jasotzen du.

Halaber, hegaztia birharrapatu zenean zein egoeratan zegoen ere ikus daiteke. Juan Arizaga, Aranzadiko Eraztun Bulegoko zuzendariaren hitzetan, “oso deigarria da ikustea 1960 baino lehen hegaztien birharrapaketa gehienak hegazti hilenak edo ehizatuenak izaten zirela. Orain joera alderantzikatu egin da, eta pozgarria da ikustea hegazti gehienak eraztunak jartzeko kanpainetan ikusten eta berreskuratzen direla”. Halaber, naturaren ezagutzaren eta kontserbazioaren alde modu altruistan eraztuntze kanpainetan egiten den lanaren balioa azpimarratu du Arizagak.

2024an, Aranzadiko Eraztun Bulegoak 75 urte beteko ditu, eta zuzendariak etorkizunerako proiektu berri bat aurreratu du: “bulegoaren mugarrietako bat izango da Euskadiko hegazti migratzaileen atlasa argitaratzea”.

Ezkabako Gotorlekuko iheslariak, 1938

Los fugados de Ezkaba 1938 / 414 hitz

1938ko maiatzaren 22an, Espainian Gerra Zibila hasi eta handik ia bi urtera, Ezkabako Gotorlekutik –San Kristobaleko Fortea ere deitzen zaio eta Iruñetik hurbil dago–, Errepublikarekiko leialak ziren 795 presok ihes egin zuten Frantziako mugara iristeko asmoz. Halako ihesaldirik ez da izan Europako historia osoan.

Jarraitu irakurtzen