Gabriel Aresti: poesia mailutzat

BERRIA ikasgela / 2023-10-17/ 916 hitz

Urriaren 14ean bete dira 90 urte Gabriel Aresti jaio zela. XX. mendeko euskal idazlerik garrantzitsuenetariko bat izan zen. Poesia mailu batekin konparatzen zuen Arestik, euskaldunen kontzientzia lokartua kolpatu eta iratzarri nahi zuelako. Harri eta Herri da bere liburu ezagunenetakoa.

Nor izan zen Gabriel Aresti?

Idazle eta poeta euskalduna izan zen Gabriel Aresti, XX. mendeko euskal idazlerik garrantzitsuenetariko bat. Euskaltzaindiako urgazle izendatu zuten 23 urte zituela, euskararen alde egindako lana eskertzeko. 1933. urtean jaio zen, Bilbon, Barroeta Aldamar kaleko 2.ean.

Gabriel Aresti, hainbat argazkitan. BERRIA
Zer testuingurutan bizi izan zen?

Aresti jaio eta hiru urtera eman zuen Franco diktadoreak estatu kolpea. Euskal Herrira eta Bilbora ere iritsi zen gerra, eta bilbotarrek pairatu zituzten ondorioak. Baita Arestiren familiak ere, Karmelo Landa historialariaren arabera: «Gabriel Arestik, beste askok legez, gorriak eta beltzak jasan behar izan zituen. Arestitarren etxean ere eskasia izan zuten, eta gosea pasatu zuten».

Nola zegoen euskara garai horretan?

Euskara guztiz debekatu zuen frankismoak. Euskaraz egiten zuena, kalean zein eskolan, zigortu egiten zuten. Debekuen ondorioz, Euskal Herriko paisaia oso erdalduna zen.

Nola ikasi zuen euskaraz?

Euskararen egoera horren ondorioz, Arestik ez zuen etxetik jaso hizkuntza. Haren etxean ez zen euskaraz hitz egiten, ezta garai hartako eskola nazionaletan ere. Dena den, inguruko atezain bat euskaraz mintzatzen zen, eta orduan konturatu zen hizkuntzaren egoeraz. 12 urterekin konturatu zen galdua zuela bere nortasunaren zati bat, euskara, eta orduan hasi zen bere kabuz ikasten.

12 urterekin konturatu zen galdua zuela bere nortasunaren zati bat, euskara, eta orduan hasi zen bere kabuz ikasten.

Zeintzuk dira haren lanik ezagunenak?

Euskara batuaren alde lan handia egin zuen Arestik. Horrez gain, euskal literatura genero guztietan landu eta modernizatu zuen. Batez ere, poesia modernoa egin zuen euskaraz. «Poesia liburu bikainak, ulergarriak eta indartsuak» egin zituela berretsi du Landak: Maldan Behera, Harri eta Herri, Euskal Harria, Zuzenbide Debekatua… Horietako asko, gainera, abesti bihurtu ziren: Egun da Santi Mamiñe, Guk euskaraz...

Arestiren poesia asko abesti bihurtu ziren: Egun da Santi Mamiñe, Guk euskaraz…

Zer garrantzi izan du Bilbok haren bizitzan?

Bilbon bizi izan zen Aresti bizitza osoan. Bilbon ematen du berak daukan eta ahal duen guztia: «Bilbo pentsatuz, ikasiz, ezagutuz, baina jarraian Bilbo aldatzeko ekinez. Bilboren pentsalari organikoa da Gabriel Aresti, eta ekintzaile libre nekaezina ere bai», Landak adierazi duenez.

Nola ulertzen zuen artea?

Gabriel Arestirentzat, oso garrantzitsua zen egiten zituen lanak herriarentzat izatea, hau da, edonork irakurri ahal izateko modukoak izatea. «Arte elitista lantzea leporatu zion [Jorge] Oteizari, listoentzat eskulpitzea, eta bere poesia, berriz, herriarentzat idatzia dela defendatu», azaldu du Landak. Hala berretsi zuen Oteiza eskultoreari eskainitako poema batean: «Nire poesia oso merkea da, herriaren ahotik hartu nuen debalde, eta debalde ematen diot herriaren belarriari».

«Arte elitista lantzea leporatu zion [Jorge] Oteizari, listoentzat eskulpitzea, eta bere poesia, berriz, herriarentzat idatzia dela defendatu» Karmelo Landa (historialaria)

Poesia mailu batekin konparatzen zuen Arestik, euskaldunen kontzientzia lokartua kolpatu eta iratzarri nahi zuelako. Poesia Euskal Herria aldatzeko arma bihurtu nahi zuen: «Euskal Herriaren eta euskaldunon egoera tamalgarria aldatu nahi zuen, Bilbo bera, erdal herria bihurtua dena, euskal kulturara eta Euskal Herrira ekarri». Finean, gizartea aldatzeko erabili nahi zuen poesia.

Arestiren ‘Internazionala’ osorik

Ereserkitzat du langile mugimenduak L’Internationale kantua. Eugene Pottier politikari eta olerkariak idatzi zuen, frantsesez, 1871. urtean, eta, gerora, mundu osoko hizkuntza askotan abestu izan da. Tartean, euskaraz. Gabriel Arestik itzuli zuen jatorrizko testua euskarara, baina, orain arte, haren bi ahapaldi baino ez ziren ezagutzen. Karmelo Landa historialariak gidatu duen talde batek euskarazko olerki osoa berreskuratu duen arte.

Karmelo Landa historialaria eta Hedoi Etxarte idazlea, ‘Internazionala’-ren Arestiren bertsioa aurkezten, Iruñeko Katakraken. JAGOBA MANTEROLA / FOKU

Arestik, bi aldiz itzuli zuen Pottierren olerkia. 1960ko hamarkadan idatzi zuen aurreneko bertsioa: «Jesus Mari Begoña euskal presoaren eskaria izan zen: Natxo de Feliperen bitartez, Arestiri eskatu zion L’Internationale-ren zati bat euskarara itzultzeko. Hala ere, ez zuen testua bere horretan euskaratu: «Urgentziazko bertsio bat izan zen, oso laburra, ez dauka lotura esturik jatorrizko testuarekin». Hala dio: «Zutik munduko langileak/ garai dezagun gosea/ odoltzaren ondoan sarri/ datorkigu asea!/ Burjesiaren hilobitzat/ zabal dezagun lezea/ harekin ehortziko dugu/ eman daukun oinazea./ Gora herri-artea/ agintera zuzen/ gure azken gerra/ bizkor etorri zen/ oihuaren ederra/ garbi eta hozen!/ Munduko langile guztiak/ bat egin gaitezen!».

«Oso ondo landu zuen testua Arestik, euskara ederrean eta jatorrizko testua oinarri hartuta». Karmelo Landa (historialaria)

Bigarren bertsioa, berriz, handik gutxira etorri zen. 1971. urtean, hain zuzen: «Jatorrizko testua oinarritzat hartuta, bertsio landuago bat egiteko eskatu zion Natxo de Felipek Arestiri». Material ugari igorri zion musikariak idazleari, eta, hala, testua «oso-osorik» euskaratu zuen idazleak: «Oso ondo landu zuen testua Arestik, euskara ederrean eta jatorrizko testua oinarri hartuta».

Internazionala

Zutik lurrean kondenatu
zaren langile tristea!
Nekez ginen elkarganatu
indazu albiristea!
Gertatuak ez du ardura,
jende esklabua jaiki!
Aldaketak datoz mundura,
nor den herriak badaki.

Oro gudura, hala!
Bihar izan dadin
Internazionala
gizonaren adin.

Goitik ez dator salbatzerik:
jainkorik, ez erregea…
Gu ez gaitzake gal azerik.
Hau da gizonen legea !
Lapurra xeha dadin edo
har dezan bere zoria,
hauspoa eraginez gero
jo bedi burdin goria.

Oro gudura, hala!
Bihar izan dadin
Internazionala
gizonaren adin.

Bere zeruan atseginez 
aberatsak ez du gaitzik:
Zer egin du, egarri minez
lana arrobatu baizik?
Gaiztaginen kutxetan dago 
gure lanaren fruitua 
hartuko dugu gehiago: 
zorra eta korritua.

Oro gudura, hala!
Bihar izan dadin
Internazionala
gizonaren adin.

Estatuak hondatzen gaitu
bere tribut berriekin,
aberatsa gizentzen baitu
pobreen izerdiekin.
Asko zurrupatu gaituzte,
berdingoaren izenak
Berdin omen zituen uste
beharrak eta zuzenak.

Oro gudura, hala!
Bihar izan dadin
Internazionala
gizonaren adin.

Soldaduek ere eginen 
dute protesta ederra!
Tiranoaz herabe ginen! 
Guri bake, hari gerra
baldin jan nahi bagaitu gu, 
Herriaren haragiak,
Tirokatu behar ditugu
Beraren buruzagiak

Oro gudura, hala!
Bihar izan dadin
Internazionala
gizonaren adin.

Langile nekazari gara
alderdi trabailaria
Lurra gure herentzia da .
Hil bedi harraparia!
Bela putre gaitzak gogara
haragiaz ase dira.
Ihesi doaz, eta horra
eguzkiaren dirdira

Oro gudura, hala!
Bihar izan dadin
Internazionala
gizonaren adin.

*itzulpena, Gabriel Aresti

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.