Eskola kiroleko eta kirol federatuko epaileak, eraso eta irainen jomuga

BERRIA Ikasgela / 2023-11-21 / 646 hitz

Erasotzaile nagusiak gurasoak dira, baina entrenatzaile eta jokalariek ere jarrera oldarkorrak izan ohi dituzte haiekin. Horren ordez, partidetan espazio hezitzaileak sortzea eskatzen dute epaile eta adituek.

Eskola kiroleko eta kirol federatuko epaileen egoera larria da. Geroz eta gutxiago dira irainak eta isekak jasateko prest daudenak, eta haietako askok lanbidea uzten dute, jasaten duten presioari eutsi ezinik.  Adingabeen eta emakumeen egoera «are larriagoa» dela azaldu du Ainhoa Azurmendi EHUko psikologia irakasle eta kirol aholkulariak. Emakumezko epaileen egoera aztertu zuen bere doktore tesian —bereziki futbolean—, eta, indarkeria arruntaz gain, emakumeek indarkeria matxista ere jasaten zutela ondorioztatu zuen: «Haien egitekoa zalantzan jartzen da beti, eta autoritatea dutela frogatu behar dute».

Eskola kiroleko eraso gorakadari buruz hausnartu du: «Ez dakit gurasoek euren desirak proiektatzen dituzten umeengan, edo frustrazioa kanporatzeko aprobetxatzen duten». Nola edo hala, argi dauka epaileenganako irain eta errespetu faltak sarri gertatzen direla, eta «irmoki» eten behar direla.

«Ez dakit gurasoek euren desirak proiektatzen dituzten umeengan, edo frustrazioa kanporatzeko aprobetxatzen duten».

Ainhoa Azurmendi (EHUko psikologia irakasle eta kirol aholkularia)

Erasoak eteteko baliabideak izan behar dituzte federazioek, baita haiek prebenitzeko modua ere. Hala ere, entrenatzaileek trebakuntza egokia izan behar dutela azpimarratu du Azurmendik, eta jokalariek gai izan behar dutela indarkeria egoerak identifikatzeko.

Emozioak «kontrolatzeko» baliabideak behar dituzten gurasoei ikastaroak egitea proposatzen die Azurmendik; eta etxean komunikazioa sustatzea: «Seme-alabekin hitz egin beharko lukete guraso askok». Izan ere, gurasoei partidetara ez joateko eskatzen dieten ume asko daudela gaineratu du Azurmendik.

Eskola kirolak eta kirol federatuak «espazio hezitzaile» bat izan behar dute, Azurmendiren ustez, eta epaileek jasotzen dituzten irainak eta umiliazioak «oztopo bat» dira horretarako. «Harmailetatik datozen irainak mingarriak dira epaileentzat, baina baita umeentzat ere».

«Harmailetatik datozen irainak mingarriak dira epaileentzat, baina baita umeentzat ere».

Ainhoa Azurmendi (EHUko psikologia irakasle eta kirol aholkularia)

Abril Llorente (saskibaloi epailea):
«Destainazko irainek egiten dute min»

Jokalari zenean, epaileekin haserretu ohi zen Abril Llorente (Gasteiz, 2001). 16 urterekin, ordea, epaile izatea erabaki zuen, eta orduz geroztik aldatu egin zaio ikuspegia: «Orain ulertzen dut pertsona bakarrarentzat oso zaila dela hamar jokalari kontrolatzea, aldi berean ez dakit zenbat entrenatzaileri eta aulkietako jokalariei begiratzen dien bitartean». Eskola kirolean hasi zen Llorente, baina federatzea erabaki zuen urte batzuk geroago.

Emakume izateagatik oztopo «gehigarriak» izan dituela azaldu du, bereziki mutilen partidetan: «Gizonek kexatzeko ohitura askoz handiagoa dute, eta, ez badituzu garaiz gelditzen, akabo! Haien errespetua lortzeko lan handia egin behar dut». Hala ere, jokalariek gurasoek baino askoz hobeto ulertzen dutela adierazi du: «Jokalariekin hitz egin dezaket. Gurasoekin, ez».

«Gizonek kexatzeko ohitura askoz handiagoa dute, eta, ez badituzu garaiz gelditzen, akabo! Haien errespetua lortzeko lan handia egin behar dut».

Abril Llorente (saskibaloi epailea)

Gurasoekin hitz egitea eta haiei azalpenak ematea ez dago baimenduta saskibaloian. Are, Euskal Saskibaloi Federazioak ez die baimenik ematen epaileei iraintzen ari zaizkien gurasoak harmailatik botatzeko. «Zure segurtasunak arriskuan egon behar du, edo irain arrazistak edo homofoboak izan behar dira. Bestela, hor konpon».

Erabakiak zalantzan jartzea eta iraintzea kontu oso desberdinak direla azaldu du Llorentek: «Epaile txarra naizela esan diezadakete, ez daukat arazorik hori entzuteko; baina destainazko irainek egiten dute min, zure fisikoari edo izaerari egindakoek». Minik handiena eman dion iraina lotsagabe izan da. Gauza okerragoak ere esan dizkiote, baina askotan egoerak baldintzatzen du irainaren indarra: «Araskiko aita batek esan zidan, izena eta guzti: ‘Abril, lotsagabe’. Barru-barruan sartu zitzaidan».

«Araskiko aita batek esan zidan, izena eta guzti: ‘Abril, lotsagabe’. Barru-barruan sartu zitzaidan».

Abril Llorente (saskibaloi epailea)

Jasotako irainak eta isekak alde batera uztea ez da lan erraza, eta askotan etxera eramaten ditu partidan jazotakoak. «Amak, adibidez, ezin ditu ikusi nire partidak. Ez du entzun nahi zer esango didaten; ezin du», azaldu du Llorentek.

Erasoen biktima ez ezik, erasoen errudun ere sentitzen da askotan epaile gasteiztarra, eta ezin du ulertu zergatik esan dizkioten horrelakoak. Harmailak oihukatzeko eta iraintzeko erabili ohi dituzten gurasoei euren seme-alaben partida bat arbitratzea gomendatu nahi lieke: «Horrela baino ezingo dute ulertu zer sentitzen dugun». Eta hurrengo batean, iraina egin baino lehen, hausnarketa txiki bat egitera gonbidatu ditu gurasoak: «Zuk segundo bat behar duzu iraina esateko. Nik gutxienez astebete beharko dut irain hori asimilatu eta hari aurre egiteko».

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.