Gaizki osatuta dago *europear hitza. Europa hitzetik datorrenez, europar da forma zuzena. Bide beretik: indoeuropar, eta ez *indoeuropear.
Esan bezala, Europako herritarra europarra da eta ez *europearra. Tolosakoa tolosarra da eta ez *tolosearra, edo Leitzakoa leitzarra da eta ez *leitzearra.
Hortaz, ez dira zuzenak:
a) *Nazioarteko hainbat lagun elkartu ziren, haietako hamar europearrak.
b) *Atzoko saioan, euskara eta indoeuropear hizkuntzak izan zituzten hizpide.
Honela behar dute:
a) Nazioarteko hainbat lagun elkartu ziren, haietako hamar europarrak.
b) Atzoko saioan, euskara eta indoeuropar hizkuntzak izan zituzten hizpide.