Etiketaren artxiboa: Izen Sintagma

Zein da zuzena: “inor gutxik” ala “inork gutxik”?

Okerrak: “Inork gutxik betetzen du araua”, “Inork gutxik espero zuen guk irabaztea”, “Gutako inork gutxik esaten du egia”…

Zuzenak:  “Inor gutxik betetzen du araua”, “Inor gutxik espero zuen guk irabaztea”, “Gutako inor gutxik esaten du egia”…

Euskaltzaindiaren Hiztegian inor gutxi sarreran argi adierazita dago bigarren osagaiak bakarrik hartzen dituela kasu atzizkiak.

Honatx, Internet saretik hartutako zenbait adibide:

  • Inor gutxik daki sare sozialetan bere burua nola babestu.
  • Aurtengoa inor gutxirentzat izan da urte ona.
  • Behin, lotsaren lotsaz inor gutxiri kontatuko ziona gertatu zitzaion bidaia batean.
  •  Inor gutxiren arreta lortu zuen.

Partitiboa dela eta (II)

Partitiboa eta GABE postposizioa:

     Bi esaldi hauetan zein da zuzena?

a) Gatz gabe jateko agindu dit sendagileak.
b) Gatzik gabe jateko agindu dit sendagileak.

Zenbaiten ustez b) aldaera bakarrik da zuzena. Uste dute “gabe” postposizioarekin nahitaezkoa dela partitiboa. Uste okerra da, ordea. Bi aldaerak dira zuzenak eta esanahi bera dute. Ikus Euskaltzaindiaren Hiztegi Batuan datorren sarrera:

Okerra beste hau da: *Gatza gabe jateko agindu dit sendagileak.