Orduak zifraz adierazten ditugunean, bi puntuekin idatzi behar dira eta lau digiturekin; hortaz, izenburuko idazkeren artean 08:30 da egokiena.
Kategoriaren artxiboa: Puntuazioa
Okerrak: A.E.B., D.B.H., E.H.U, E.I.T.B…
Idazkera zuzenak: AEB, DBH, EHU, EITB…
Euskaraz, siglak letra larriz eta letren artean punturik gabe idazten dira.
“gidoi” ez da “marra” edota “marratxo” hitzen sinonimoa
Zenbait hiztunek gidoi hitza erabiltzen dute marra edo marratxo esan nahi dutenean. Erabilera okerra da hori.
Euskaraz, gidoi hitzak hau esan nahi du: irratiko edo telebistako saio baten edo film baten akzio edo garapeneko elementuak (elkarrizketak, musika, planoak etab.) zehazturik azaltzen diren testua. Gaztelaniazko guión hitzaren ordaina da, alegia.
Euskaltzaindiaren Hiztegi batuan zein Elhuyar hiztegian Heg. marka ezarri diote; hau da, hegoaldeko berbatzat hartu dute:
Bi puntuen ondoren minuskulaz, salbuespenak salbuespen
Askoren ustez, bi puntuen ondoren maiuskulaz idatzi behar da. Salbuespenak salbuespen, uste okerra da hori. Bi puntuen ondoren minuskulaz idatzi behar da, kontrako arrazoirik ez bada behintzat. Adibidez:
- Oso garbi du urteak bete aurretik zer egin nahi duen: marka ezarri.
- Hauek dira lau urtaroak: udaberria, uda, udazkena eta negua.
- Ordubetean bukatu zituen etxeko lanak: hautsa kendu, lisatu eta otordua prestatu.
Okerrak: *60. hamarkada, *80. hamarkada… / Zuzenak: 60ko hamarkada, 80ko hamarkada…
Urte hamarkadak adierazteko, 60ko hamarkada, 80ko hamarkada eta abar dira zuzenak; eta ez *60. hamarkada, *80. hamarkada eta abar.
Ikus Ortotipografia argitalpenean 48. orrialdearen amaieran datorren oharra: “urte hamarkadak adierazteko, molde hau da egokia: 60ko hamarkada (eta ez “60. hamarkada”).
Okerra: *2.019an gaude / Zuzena: 2019an gaude
Urteak zenbakiz idazten ditugunean, digituen artean ez dugu punturik jarri behar. Hortaz, okerrak dira *2.019an gaude bezalakoak. 2019an gaude da idazkera zuzena.
“cm” ala “cm.” idatzi behar da?
Zenbaiten ustez, neurri-unitateak adierazteko, puntua idatzi behar da ikurraren ondoren; adibidez: *cm., *kg., *l., m./s. eta abar. Uste okerra da hori: ez dira laburdurak, nazioartean komunitate zientifikoak adostutako sinbolo edo ikurrak baizik. Beraz, punturik gabe idatzi behar dira: cm, kg, l, m/s eta abar.
2000 urtean / 2000. urtean
Itxura batera antzekoak badira ere, zeharo ezberdinak dira bi egitura hauek esanahiari dagokionez:
a) 2000 urtean izugarri aldatu da Iruñea.
b) 2000. urtean izugarri aldatu da Iruñea.
Bien arteko aldeaz jabetu ez bazara, jarraitu irakurtzen.
Zer moduz Mikel? / Zer moduz, Mikel?
Bi esaldi hauek, itxuraz oso antzekoak badira ere, esanahiari dagokionez zeharo ezberdinak dira:
- Zer moduz Mikel?
- Zer moduz, Mikel?
Ikus dezagun bien arteko aldea hiru item hauen bidez:
1. Nori idatziko zenioke “Zer moduz Mikel?” esaldia?
a) Zure lagun Mikeli, gutunaren hasieran.
b) Beste lagun bati, Mikelez galdetzeko.
2. Noiz idatziko zenuke “Zer moduz, Mikel?” esaldia?
a) Mikeli gutuna idaztean, hasierako agur moduan.
b) Mikel ez den beste bati, Mikeli buruz galdetu nahi diozunean.
3. Mikeli mezu bat idaztean, zein erabiliko zenuke?
a) Zer moduz Mikel?
b) Zer moduz, Mikel?
Erantzunak argi ez badituzu, jarrai ezazu posta irakurtzen.