Itxuraz antzekoak izan arren, ezberdinak dira esanahi aldetik. Marratxoz idatziek bikotea edo taldea adierazten dute: jaun-andreak, seme-alabak, neska-mutilak, senar-emazteak, anai-arrebak… Zehar marraz idatziek, berriz, edo bata edo bestea adierazi nahi dute: jauna/andrea, semea/alaba…
Honatx erabilera batzuk:
a) Gutun, ohar edo mezu elektroniko baten hasierako agurrean.
- Hartzaileari buruz gizonezkoa ala emakumezkoa den ez dakigunean:
Jauna/Andrea:
Zuzendari jauna/andrea:
- Gizonezko zein emakumezko, hartzaile guztiei batera bidali nahi diegunean:
Zuzendari jaun-andreak:
b) Esaldi baten barnean.
- “Semea edo alaba” adierazi nahi dugunean, hau da, bietako bat bakarrik:
-Zuen semea/alaba Haur Hezkuntzan matrikulatzeko epea bihar amaituko da.
-Nola lagundu ahal diot semeari/alabari etxeko lanak egiten?
-*Lehenengo seme-alaba izatean, ez dute diru laguntzarik ematen.
- “Semeak eta alabak”, denak, adierazi nahi dugunean:
Hiru seme-alaba edo gehiago dituztenak hartzen dira familia ugaritzat.
Oharrak:
- Beste idazkera hauek testuinguru bakar batean ere ez dira zuzenak: *jaunandreak, *jaun andreak, *semealabak, *seme alabak…
- Esaldi baten barnean “bata” edo “bestea” adierazi nahi dugunean ―hots, bietako bat bakarrik―, biei jarri behar zaie kasu-marka. Adibidez: 14 urte baino gutxiagoko adingabeen kasuan, aitak/amak baliogabetuko du erreserba (eta ez 14 urte baino gutxiagoko adingabeen kasuan, aita/amak baliogabetuko du erreserba).