Itxura batera antzekoak badira ere, zeharo ezberdinak dira bi egitura hauek esanahiari dagokionez:
a) 2000 urtean izugarri aldatu da Iruñea.
b) 2000. urtean izugarri aldatu da Iruñea.
Bien arteko aldeaz jabetu ez bazara, jarraitu irakurtzen.
a) esaldian, iraupena adierazi nahi dugu. Denbora-tarte luzea da markatzen dena: 2000 urteko denbora-tartea, alegia. Gai honen inguruko informazio zabalagoa nahi izanez gero, jo ezazu Euskaltzaindiaren 110. araura: Iraupena eta maiztasuna adierazten duten sintagma zenbatzailedunetan mugatu singularra noiz erabil daitekeen.
b) esaldian, berriz, urte bakar eta jakin bat ari gara seinalatzen: 2000. urtea, alegia.
Beraz, sor litekeen anbiguotasuna saihesteko, urte jakin batez ari garenean oso garrantzitsua da puntua idaztea zenbakiaren eta “urte“ hitzaren artean (eta ahoz ari garenean, berriz, -garren esatea): 2000. urtean (bi milagarren urtean).
OHARRA. Hau guztia “urte” hitza tartekatzen dugunean gertatzen da. Jakina, b) esaldia beste era honetara ere taxutu dezakegu esanahirik aldatu gabe: 2000an izugarri aldatu da Iruñea.