Begiratu batera antzekoak diren arren, esanahiari dagokionez ezberdinak dira.
Ikus hiru itemok aldeaz ohartzeko:
1. Zein esaldik adierazten du “Uxueren inguruan” ez dutela deus esanen?
a) Uxueri dagokionez, ez dute deus esanen.
b) Uxueri dagokionean, ez dute deus esanen.
2. Zein esaldik adierazten du “Uxueren txanda denean” ez dutela deus esanen?
a) Uxueri dagokionez, ez dute deus esanen.
b) Uxueri dagokionean, ez dute deus esanen.
3. Zein esaldik adierazten du “Uxueri dagokiolako” ez dutela deus esanen?
a) Uxueri dagokionez, ez dute deus esanen.
b) Uxueri dagokionean, ez dute deus esanen.
Zalantzarik baduzu, jarraitu irakurtzen.
Erantzunak: 1. a , 2. b eta 3. a.
“Uxueri dagokionean” denborazko esaldia da soilik, eta hau esan nahi du: Uxueren txanda denean, Uxueri dagokion garaian, Uxueri dagokion unean… NOIZ galderari erantzun behar dio beti. Beraz, ez da zuzena beste esanahi batekin erabiltzea.
“Uxueri dagokionez” egiturak, berriz, bi esanahi ditu:
a) Uxueren inguruan
- Uxueri dagokionez, ez dut besterik esateko.
- *Uxueri dagokionean, ez dut besterik esateko.
b) Uxueri dagokiolako
- Uxueri dagokionez, berak egingo duelakoan gaude.
- *Uxueri dagokionean, berak egingo duelakoan gaude.
Bi egituren arteko aldea labur-labur eta ongi azalduta dator HAEE-IVAPen Zalantza-dantza argitalpenean, 21-22 orrialdeetan.