Suposatzen dut “suposatu” gehiegi erabiltzeak euskara pobretzea suposatuko duela

Suposatu” aditza noizbehinka erabiliagatik ez da deus gertatzen, baina azken urteotan egiten den erabilera handiegia da. Ez dugu ahantzi behar beste aukera hauek ere baditugula euskaraz eta, askotan, egokiagoak direla eta hizkera aberasten dutela:


a)
Suposatzen da: “pentsatzekoa da”, “pentsatzen dugu”, “uste (izaten) dugu“, “uste orokorra da“, “-(e)lakoan gaude”
b)
Suposatu … -ela: “pentsatu … -(e)la”, “demagun … -(e)la”, “eman dezagun … -(e)la”, “egin dezagun … -(e)la” …

c) Zerbaitek beste zerbait suposatzen du: dakar, eragiten du, esan nahi du

d) Zerbaitek beste zerbaiten parte bat suposatzen du: da…

Hona hemen adibide batzuk:

  • ? Suposatzen dugu ongi daudela, baina jakin ez dakigu deus.

  • ? Suposa dezagun ez duela azterketa gainditzen. Zer egingo du orduan?

  • ? Kirurgia estetikoa egiteak dirutza gastatzea suposatzen du ezinbestean.

  • ? Mila eta bostehun eurok asko suposatzen dute guretzat / Mila eta bostehun eurok asko suposatzen digute

  • ? Bi mila euroko zorra dute: iazko aurrekontuaren % 10 suposatzen du horrek.

Hobe beste era honetara:

  • Pentsatzen dugu ongi daudela, baina jakin ez dakigu deus / Pentsatzekoa da ongi daudela, baina jakin ez dakigu deus / Uste dugu ongi daudela, baina jakin ez dakigu deus / Ongi daudelakoan gaude, baina jakin ez dakigu deus…

  • Demagun ez duela azterketa gainditzen. Zer egingo du orduan? / Eman dezagun ez duela azterketa gainditzen. Zer egingo du orduan? /

  • Kirurgia estetikoa egiteak dirutza gastatzea dakar ezinbestean.

  • Mila eta bostehun euro asko da guretzat.

  • Bi mila euroko zorra dute: iazko aurrekontuaren % 10 da hori.

Orotariko Euskal Hiztegian sarrera bakarra du suposatu aditzak. Gaur egun, berriz, nonahi eta noiznahi entzuteaz gain, idatziz ere gero eta sarriago ikusten dugu.

Kontu honetan guztian, nire iritziz, argigarriak dira honakook ere besteak beste:

Zehazki hiztegian suponer sarreran datorrena.

– EHUko EHULKU aholku zerrendan adierazitakoak: Suposatu 1, Suposatu 3, Suposatu 5,

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.