Zuzenak: 2014an, 2014ko, 2014tik, 2014ra…
Maiz entzuten eta irakurtzen ditugu honelakoak:
- *Gaur eman digute 2014eko lan egutegia.
- *2014ean zuen ametsak egia bihur daitezela opa dizuet.
- *2014etik aurrera egoerak hobera eginen du.
- *Bihar aurkeztuko dute 2014erako aurrekontua.
Zenbait hiztunen ustez, diptongoz bukatutako hitzak kontsonantez bukatutakoak bezala deklinatu behar dira. Uste okerra da hori, diptongoz bukatutako hitzak bokalez bukatutako beste edozein bezala deklinatu behar baitira. Hala dio Euskaltzaindiaren 29. arauak: Diptongoz bukatzen diren izenen deklinabidea.
“Bi mila eta hamalau” zenbakia diptongoz bukatzen da; hortaz, bokalez bukatutako beste edozein zenbaki bezalaxe deklinatu behar dugu. Ikusi:
- Gaur eman digute 2014ko lan egutegia / (2013ko, 2007ko, 2002ko, 2016ko, 2027ko…)
- 2014an zuen ametsak egia bihur daitezela opa dizuet / (2003an, 2018an, 2020an, 2009an…)
- 2014tik aurrera egoerak hobera eginen du / (2002tik, 2017tik, 2009tik, 2023tik…)
- Bihar aurkeztuko dute 2014rako aurrekontua / (2003rako, 2006rako, 2019rako, 2028rako…)